agenda » maiatza | HARPIDETU BULETINERA

“Pazienteari arreta hobea ematea da Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualaren xedea”
Eukene Ansuategi Zengotitabengoa • Osakidetzako Liburutegi Birtualeko zerbitzuburua

Kalitatezko informazioa eskaintzeko hainbat baliabide dituzte eskura Osakidetza eta Osasun Saileko langileek liburutegi birtualean: datu-baseak, aldizkariak, eskuliburuak… Osasun-alorreko argitalpenik garrantzitsuenak biltzen dira bertan. Duela gutxi, Topa sortu dute, bilaketak errazteko tresna.

Osakidetzak duela urte batzuk jarri zuen abian Liburutegi Birtualaren Zerbitzua, Osakidetzako profesionalen ezagutza eta lana hobetzeko tresna. Eukene Ansuategi Zengotitabengoa (Bergara, Gipuzkoa, 1973) zerbitzuburuak azaldu duenez, gehienbat inpaktu-faktore handiko aldizkariak eta liburu elektronikoak aurki daitezke plataforman. Halaber, Topa bilatzaile berriari esker, profesional eta ikertzaileei baliabide ugari ematen zaizkie kalitatezko informazioa izan dezaten.

Zertan datza Osakidetzako Liburutegi Birtuala?
Osakidetzako liburutegietan eman ohi den zerbitzua orain era birtualean ematen dugu liburutegi birtualaren bitartez. Hainbat baliabide ematen ditugu: datu-baseak, aldizkari- eta liburu-bildumak… Helburua da Osakidetzako langile guztiek baliabide horiek eskura izatea eta kalitatezko informazioa jasotzea. Orain arte, ESI batzuetan liburutegi fisikoak zeuden, eta bertako langileek zerbitzu bat eta baliabide batzuk zituzten; gaur egun, liburutegi birtualarekin, Osakidetzako langile guztiek zerbitzu bera izan dezaten lortu dugu. Langile guztiei arreta homogeneoa eman nahi diegu.

GAUR EGUN, GUTXI GORABEHERA 3.500 ARGITALPEN AKTIBO BAINO GEHIAGO ETA HEMERETZI DATU-BASE BIBLIOGRAFIKO OROKOR DITUGU KONTSULTATZEKO.

Nola sortu zen?
«1998-2002 Plan Estrategikoan» informazio biomedikoa balio estrategikotzat hartu eta 1999. urtean liburutegi birtuala sortu zen. Garai hartan, aldizkarien paperezko aleak zeuden leku guztietan; zentro bakoitzean ale bat zegoen ia. Horregatik, zentralizazio hori egiten hasi ziren. Ale bana toki guztietan izan beharrean, langile guztiek kontsultatu ahal izango zuten ale bakarra formatu elektronikoan izateko. Duela 25 urte, dozena bat aldizkari zeuden Osakidetzaren liburutegi birtualean. Gerora, handituz joan da, eta gaur egun, gutxi gorabehera, 3.500 argitalpen aktibo baino gehiago eta hemeretzi datu-base bibliografiko orokor ditugu kontsultatzeko. Horrez gain, harpidetza zaharrak ere badaude formatu elektronikoan.

Nola kontsulta daitezke liburutegi birtualeko baliabideak?
Orain arte, Osakidetzako intranetaren barruan zegoen liburutegi birtualaren atala. Iaz, baina, informazio hori eguneratzen hasi ginen Osakidetzako eta Osasun Saileko liburuzainen artean, eta urtarrilean Euskadiko Osasun Liburutegi Birtuala aurkeztu dugu (Osasun Liburutegi Birtuala – Osasuna – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus) eta Topa bilaketa-tresna jarri dugu martxan.

Baliabide ugari ditu Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualak. Zein motatako edukiak aurki daitezke?
Liburutegi birtualean, alde batetik, ebidentziak biltzen dituzten datu-baseak ditugu, klinikoentzat oso garrantzitsuak direnak zalantza edo galdera kliniko bati erantzuna emateko: Uptodate, Dynamed eta TripPro, adibidez. Beste alde batetik, datu-base bibliografikoak daude, klinikoentzat zein ikertzaileentzat. Gai baten inguruan zer publikatu den bila daiteke Medline, Embase edo Web of Science datu baseetan, besteak beste. Datu-base espezifikoagoak ere badaude, farmazia, erradiologia edota anatomia patologikoari buruzkoak, adibidez. Horrez gain, medikuntza-arloan inpaktu-faktore handia duten argitaletxe askotako aldizkari-bildumak eta medikuntza, erizaintza eta gainontzeko espezialitateetako eskuliburu eta monografiak ere badaude. Formatu elektronikoan eskura daitezke baliabide horiek denak.

Euskarazko baliabideek nolako tokia dute Euskadiko Osasun Liburutegi Birtualean?
Euskal Herrian sortzen diren baliabideak, Osatuberri edo Osagaitz argitalpena saiatzen gara Toparen bidez eskuragarri jartzen, baina, kontuak kontu, informazio zientifiko gehiena ingelesez dago.

ESAN DAITEKE EUSKADIKO OSASUN LIBURUTEGI BIRTUALIK HANDIENETAKOA DELA, BALIABIDE GEHIEN DITUENETAKOA.

Zein irizpideren arabera aukeratzen dira liburutegi birtualeko baliabideak?
Saiatzen gara osasun-alorreko aldizkaririk garrantzitsuenetan harpidetzak izaten, baina batez ere Osakidetza eta Osasun Saileko langileen eskaerak hartzen dira kontuan. Haien beharretara egokitzen ditugu beti bildumak. Aurten, esaterako, datu-base berri bat erosi dugu anatomia patologiko saileko langileek eskatu zutelako.

Nola eskuratzen dituzue?
Gure lanetako bat da kontratazio guztiak zentralizatuta izan daitezen; hots, kontratazioak egiteko espedienteak sortzen ditugu. Baliabide asko eta argitaletxe bat baino gehiago daude, eta ez da lan erraza izaten. Negoziatu egin behar izaten dugu.

Zer dakar Topa bilatzaileak?
Liburutegi birtualean ditugun baliabideen artean bilaketa errazteko sortu dugu Topa (TOPA! – Euskadi Liburutegia). Hala, bilaketa-tresna berri horrekin informazioa lortzeko aukerak asko zabaldu zaizkie erabiltzaileei. Informazioa bilatzeko erraztasunak eman nahi izan ditugu, eta Toparekin lortu dugu, adibidez, datu-baseetako informazio guztia leku bakar batean edukitzea. Hots, bilaketa bakar batekin informazioa hainbat baliabidetan bila daiteke. Horrez gain, Toparen bidez aukera dago liburutegi-zerbitzuarekin harremanetan jartzeko edo bestelako zerbitzuak eskatzeko (bilaketa bibliografikoak, dokumentuak eskatzea, zalantzak bidaltzea, eta abar).

Topa bilatzaileaz gain, Ezagutza Ataria ere aurkeztu duzue duela gutxi.
Osakidetzako eta Osasun Saileko ekoizpen zientifikoa biltzen du Ezagutza Atariak eta liburutegi birtualaren barruan dago. Langileek asko eskertu dute, bertan biltzen baitira bakoitzak argitaratu dituen artikulu eta proiektuak. Asmoa poliki-poliki ataria informazio gehiagoz hornitzea da, profesional guztien ekoizpen zientifikoa eskura izateko.

Liburutegi birtualaren mende laurdena beteta, nolako balorazioa egiten duzue urte hauena?
Erabilera ohiturak aldatuz joan dira baliabide askotarikoak sortu direlako. Gaur egun, adibidez, bilaketa erraz eta azkarrak egin daitezke. Bestalde, hasi zirenean, papera zen euskarririk garrantzitsuena eta denborarekin poliki-poliki egin du bidea liburutegi birtualak ere; baliabide elektronikoekin eguneratzen joan da. Euskadiko Osasun Liburutegi Birtuala lurraldean dagoen handienetakoa dela esan daiteke, baliabide gehien dituenetakoa.

Ze ekarpen egiten dio liburutegi birtualak Osakidetzari?
Liburutegi birtualak laguntza ematen du arreta klinikoan, ikerketan eta formakuntzan. Horregatik ekarpena handia da, gure profesionalek erabakiak hartzeko kalitatezko informazioa behar baitute. Azken finean, helburua da pazienteari arreta hobea ematea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other