agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Handitzen ari da esklerosi anizkoitzaren prebalentzia eta intzidentzia”

Mar Mendibe Bilbao, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko neurologoa
Mar Mendibe Bilbao (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1968) neurologoari hitz egitean nabari zaio bokazioz bizi duela bere lana. Horren erakusle, bigarren urtez jarraian Espainiako Estatuko 100 mediku onenen Forbes zerrendan ageri da. Esklerosi anizkoitzean aditua da, eta bi hamarkada inguru daramatza Gurutzetako ospitalean gaixotasuna aztertzen. Hain zuzen, 1987. urtean sortu zuten Gurutzetako Ospitalean bertan esklerosi anizkoitzaren Osakidetzako lehen kontsulta, eta, ordutik, hainbat entsegutan parte hartu dute. Gaixotasunaren larritasunaz eta konplexutasunaz ohartarazi du Mendibek, eta ikerkuntzari esker asko aurreratu bada ere oraindik gaitz krudelegia dela dio. Hala ere, itxaropentsu ageri da, eta egunen batean gaixotasunari aurre egingo zaiola uste du.

 

Zergatik esaten da esklerosi anizkoitza “mila aurpegien gaixotasuna” dela ?
Esklerosi anizkoitza oso aldakorra da, hainbat aldaeratan ager daiteke eta bakoitzak bere tratamendua izaten du. Gaixotasun heterogeneoa eta apetatsua da, garunaren aldearen arabera sintoma bat edo beste ager daitekeelako. Paziente gehienek, %86k, berriz gaixotzen direnean agertzen dute gaitza. Bestalde, lehen mailako esklerosi progresiboa ere paira daiteke; kasu horretan, pazienteak hasieratik egiten du okerrera. Hirugarren aldaeran, gaixotasuna agerraldien bidez hasten da, baina hainbat urteren ondoren okerrera egiten du; horri bigarren mailako esklerosi progresiboa esaten zaio.

Gaixotasun larria al da?
Neurri batean, bai. Esklerosi anizkoitza asko aldatu da 25 urte hauetan. Duela mende laurden ez zegoen farmakorik, eta gaur egun hamahiru ere aurki ditzakegu. Gaixotasunari buelta eman zaio, baina oraindik ere asko dugu egiteko. Gaur egun, auto istripuak kenduta, ezgaitasun neurologikoen kausa printzipala da heldu gazteetan.

Nori erasaten dio?
Ohikoena da 20-40 urterekin hasi eta bizitza osoan irautea. Ez da hilkorra baina gaixotasun kronikoa eta autoimmunea da, gizon bakoitzeko hiru emakumek pairatzen dutena. Hau da, gaixotasuna ohikoagoa da emakumeetan eta gazteetan. Espainiako Estatuan orotara 50.000 lagunek pairatzen dute, eta, urtero, 1.900 diagnostiko azaltzen dira.

GAUR EGUN, AUTO ISTRIPUAK KENDUTA, EZGAITASUN NEUROLOGIKOEN KAUSA PRINTZIPALA DA HELDU GAZTEETAN.

Gaur egungo bizimoduak nola eragiten du gaixotasunean?
Esklerosi anizkoitza duen pazientearen sistema immunologikoa asaldatu egiten da, eta normalean erasotzen ez dien nerbio inguruneei erasotzen die, garunean eta bizkar-muinean informazioa sortuz. Ikertzaileak lanean ari gara ea birusen batek, kutsatzaileren batek edo haurtzaroko infekzioren batek kausatzen ote duen. Baina, zorionez, gaixotasuna ez da herentziazkoa, eta ingurunearen faktorea askozaz ere garrantzitsuagoa da faktore genetikoa baino. Azpimarratu behar da azkenaldian esklerosi anizkoitzaren prebalentzia eta intzidentzia handitzen ari dela. Gainera, emakume helduetan ari da handitzen.

Nolakoa izaten da diagnostikoaren unea?
Oso gogorra. Esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa neurologian eman daitekeen diagnostikorik konplexuenetakoa da. Inpaktua oso gogorra izaten da pazienteetan, historikoki gizartean konnotazio larria duelako. Duela 30 urte gurpil aulkiarekin erlazionatzen zen; hori, baina, gutxinaka aldatzen ari da. Ikertu den guztiari esker, gaixotasunaren eboluzioa eta pronostikoa asko aldatu dira. Garrantzitsua izaten da medikuaren eta pazientearen artean konfiantzazko harremana sortzea, eta, horretarako, pazientea artatzeaz gain osasunean hezten ere ahalegintzen gara. Paziente askoren esanetan, esklerosi anizkoitzaren gauzarik okerrena ziurgabetasuna izaten da.

Nolako garrantzia du diagnostiko goiztiarrak?
Zorionez, farmakoak ditugu gaur egun, baina badakigu halako gaixotasun kronikoetan denbora oinarrizkoa dela, hasieran garunean galtzen diren neuronak errekuperatzea zaila delako. Horregatik oso garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra. Ohikoena 31 urte ingururekin diagnostikatzea izaten da, nahiz eta, azken urteotan, gero eta gehiago ikusten ari garen, Eskandinaviako herrialdeen gisara, beranduago hasten diren pazienteen kasuak.

ESKLEROSI ANIZKOITZAREN DIAGNOSTIKOA NEUROLOGIAN EMAN DAITEKEEN DIAGNOSTIKORIK KONPLEXUENETAKOA DA.

Zer-nolako tratamenduak ditu esklerosi anizkoitzak gaur egun?
Hainbat tratamendu mota daude. Batetik, birgaixotzeak izaten dituzten pazienteentzat, agerraldietan eragiten duten farmakoak daude. Beste farmako batzuek, berriz, gaixotasunaren eboluzioa aldatzen dute; hots, geldiarazten saiatzen dira. Garrantzitsua izaten da gaixotasuna ahalik eta azkarren diagnostikatzea tratamenduak eraginkorrak izateko. Farmakoez gain, komeni da, ordea, pazienteek bizimodu aktiboa eta ariketa fisikoa egitea.

Gaixotasuna saihestu daiteke?
Saihestu agian ez, baina uste dut gaixotasun hau urte gutxiren buruan kontrolatuko dela; etorkizuna baikor ikusten dut. Pazienteek nolabaiteko bizimodu arrunta egin dezakete gaur egun. Aldaera progresiboak dira kontrolatu beharrekoak. Luzera begira, bestalde, helburua gaixotasuna ahal den neurrian geldiaraztea da, kroniko bihurtzea.

Bigarren urtez jarraian Forbes zerrendako 100 medikurik onenen artean azaldu zara. Nola hartu zenuen albistea?
Hasieran ez nekien zerrenda existitzen zenik ere. Gehienbat gauzak egiteko ikusgaitasuna izaten lagundu dit. Hala ere, lanean berdin jarraitzen dut; ez dut aldatu egunerokoa. Orain ikasleen eta neurologo gazteen aholkulari naiz, eta horrek asko betetzen nau. Bestalde, datozen urteetarako erronka bat ere bada. Halaber, nire aitorpenak ospitaleari laguntzen badio askoz hobe.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other