Bronkiolitisa, gutxiago gehiago da, zein da kanpainaren leloarekin zabaldu nahi izan duzuen mezua?
Arnasteko zailtasunak dituzten haur txikien guraso askok, kezkatuta, laguntza eske jotzen dute ospitaleetara, eta laguntza hori botikekin lotzen dute. Bronkiolitis-kasuetan baina, tratamendu medikoek duten eragina ez dago frogatuta. Horregatik, gure helburua izan da, tratamenduak gutxitzeaz gain, familiekin osasun-heziketa bultzatzea. Bronkiolitisa etxean senda daitekeela erakutsi nahi izan dugu, han neurri erraz batzuk hartuta. Hala, aldaketa nabarmena izanik, iruditzen zitzaigun ezinbestekoa zela kanpaina bat egitea. Otitis- edota amigdalitis-kasuetan aldatzea lortu zen bezala, aldaketa era antolatuan gauzatzea zen gure asmoa.
Orain arte erabilitako moduak aldatu nahi dituzue, beraz.
Osasun-heziketak talka egiten du orain arte egin izan diren tratamenduekin. Urtero hainbat haur artatzen ditugu eta gehienak zerbaiten bila etortzen dira, bronkio-zabaltzaileak, kortikoideak, antibiotikoak edo mukolitikoak. Horregatik, urte luzeetan izandako joera apurtzeko beharra ikusi genuen. Bronkiolitisa sendatzeko hainbat tratamendu probatu izan dira, bai tratamendu medikoak eta bai medikoak ez direnak ere, eta frogatuta dago bronkiolitis gehienetan ez dela tratamendurik behar. Are gehiago, gerta daiteke guztiz beharrezkoa ez den botika emanda albo-ondorioak jasateko probabilitatea handitzea. Ziur gaude sendagairik hartu gabe emaitza hobeak lortzen direla. Gainera, haurrek hobera egin dezakete etxean, jariakinak xurgatuta, hartualdiak zatikatuta edo antitermikoak emanda.
Tratamenduak gutxitzeko, heziketan jarri duzue arreta. Nahikoak al dira ekintza horiek haurrak sendatzeko?
Larrialdietan bronkiolitisa dela-eta artatzen ditugun haurren artean % 10 ospitaleratu behar izaten da. Haur horiek ospitaleetako sistema osagarriak behar izaten dituzte arnasa errazteko. Hala ere, ez dute botikarik behar izaten eta gainontzeko % 90 etxean sendatzen da sendagile batek behatu ostean. Aipatu beharra dago, tratamenduarekin edo gabe, ospitaleratzeen ehunekoa berbera dela. Horrek erakusten du lehen ematen ziren sendagaiak eman gabe ere emaitzak berberak direla, baina horrek ez du esan nahi larria izan ez daitekeenik, zeren ospitaleratzen direnen artean batzuek gaizki pasatzen dute. Arrisku handieneko pazienteak hilabete bat edo bi dutenak dira. Hala ere, oso arraroa da gaur egun Europako mendebaldean ume bat bronkiolitisagatik hiltzea.
TRATAMENDUAREKIN EDO GABE, OSPITALERATZEEN EHUNEKOA BERBERA DA
Zein dira bronkiolitisaren sintoma nagusiak?
Haurrek lehenengo bi urteetan jasaten duten infekzio biral bat da bronkiolitisa, epidemietan arnas birus sintzitialak sorturikoa. Oso ohikoa izaten da hilabete hotzetan, hau da, azaro amaieratik otsail hasiera bitarte. Gripearen aurretik agertzen da.
Katarro arrunt batekin hasten dira; doministikuak, eztula eta sukarra izaten dute. Infekzioa bronkioetara jaisten bada, mukia sortzen da, bronkioak estutzen dira, eta arnasa hartzeko zailtasunak izaten dituzte. Larria denean, haurrei zaila egiten zaie jatea eta lo egitea, eta erretxinduta egoten dira. Sukar handia izaten dute. Normalean, gaixotasunak 6-7 egun irauten du, baina gehiago ere luza daiteke. Egoera astuna izaten da sarri, umeek arreta handiagoa eskatzen baitute.
Kanpainarekin lortu al duzue jendearengana iristea?
Hasieran beldur izan ginen jendeak nola erantzungo zuen, baina oso erantzun ona jaso dugu; ondo ulertu da zabaldu nahi genuen mezua. Horrez gain, kanpainan jarritako kartelak irakurtzeko interesa agertu dute askok, eta bertako azalpenak ulergarriak egin zaizkie. Jendeari azalpenak emanez gero, ulertu egiten dute, eta zergatiak jakinda lasaiago joaten dira. Askoz garrantzitsuagoak dira azalpenak sendagaiak baino. Horretarako, medikuek ere jarrera aldatu behar izan dugu; denbora gehiago eskaini behar izan diogu, guretzat ere ez baita erraza izan betiko ideia aldatzea. Oro har, kanpaina oso baikorra izan da guztiontzat.
ASKOZ GARRANTZITSUAGOAK DIRA AZALPENAK SENDAGAIAK BAINO
Kartelak, txapak… Zer baliabide erabili dituzue kanpaina honetan?
Hedabideetan kanpainaren berri eman dugu eta ohikoak diren kartelak jarri ditugu korridoreetan. Kartelak jartzeak oso sinplea dirudi, baina larrialdi pediatrikoetatik familia asko igarotzen dira eta sarritan denbora asko eman behar izaten dute bertan. Haurrek izan ditzaketen gaixotasunez jabetu nahi izaten dute, eta kartelak irakurtzen dituzte.
Gainera, pediatrek txapa bat jarri dugu arropetan. Atentzioa ematen duen zerbait izanik, gurasoek galdetu egiten dute ea zer den, eta aitzakia ona izaten da azalpenak emateko.
Bestalde, pediatrek eta ospitaleko langileek kanpainan egindako lana azpimarratu nahi nuke. Ospitalean gurasoekin harreman zuzena izaten dugu; urtero, 900 bat haur artatzen ditugu bronkiolitisagatik soilik, eta zuzeneko informazioa ematea zalantzak uxatzeko erarik eraginkorrena da. Horrez gain, harremana indartu egiten da.