agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Bide berri bat COVID iraunkorra duten herritarrentzat

Osakidetzako Bilbo-Basurtuko Ospitalean COVID iraunkorra duten pazienteak artatzeko unitate bat ireki dute: COVIDaren ondorengo sindrome bat duten pazienteak ebaluatuko dituzte; oraingoz, 50 paziente artatu dituzte.

Bost urte pasatu dira COVIDa gure bizitzetara iritsi zenetik. Ordutik, jendeak bizitza normala egin ahal izan duen arren, badaude COVIDak gogor jo dituen herritarrak ere. Horrek bizitza normala eramatea oztopatzen die. Oztopo horren barruan, ahalik eta normalitaterik handiena bilatzeko asmoz ireki dute COVID iraunkorraren unitatea Bilbo-Basurtuko Ospitalean. Ehun lagun inguru artatuko dituztela iragartzen dute, eta, ireki zutenetik, hilabete batean berrogeita hamar paziente artatu dituzte.

Berrehun sintoma baino gehiago daude COVID iraunkorra dutenen artean, baina ohikoenetara joz, neke kronikoa da gehien ageri den sintoma. Laino mentala, eta usaimena eta dastamena galtzea ere ohiko sintomak dira. Juan Carlos Garcia-Monco Bilbo-Basurtuko Neurologiako zerbitzuburuak azaldu duenez, badaude beste sintoma batzuk ere hain ohikoak ez direnak. Esaterako, ortostatismoa: zutik jartzean zorabioa sentitzea. Horrez gain, neuropatia esaten zaien minak ere badaude: nerbioetan sortzen dira eta mina produzitzen dute.

Zerbitzuburuak adierazi du Osakidetzak planteatutako proiektu bat izan dela COVID iraunkorra duten pazienteak artatzeko unitatea sortzea. Pazienteen partetik behar bat hauteman zuten: espezialistekin koordinatzeko unitate bat egotea. «Paziente horien arretan osagai bat falta zelako sentsazioa zegoen: diziplina anitzeko espezialisten koordinazioa. Beraz, proiektuari ekin genion, lehendik esperientzia bagenuelako, eta esperientzia hori positiboa izan da», azaldu du.

«EZ DAUKAGU SENDATUKO DITUEN TRATAMENDURIK, BAINA MINA ARINDU BETI. KONTSULTAK FUNTZIO HORI BETETZEN DU»

COVIDaren ondorengo sindromea duten pazienteak ebaluatzen dituzte, hau da, COVID iraunkorra dutenak. Hala, behar bezala artatu ez diren alderdiak artatzen dituzte, diziplina anitzeko arreta emanez, lehendik horrelakorik izan ez badute. Garcia-Moncok azaldu du kexa gehienak alderdi neurologikotik datozela —nekea, itolarria, laino mentala…—, horregatik koordinatzen dutela eurek, neurologia arloko profesionalek, alegia.

Hala ere, paziente batzuek —horietako asko emakumeak—, askotan, beste sintoma batzuk izaten dituzte, «unean-unean» artatu behar direnak Garcia-Moncoren ustez. COVID iraunkorra duten pazienteen artean, emakumeak dira gehienak, baina hori zergatik gertatzen den ez dakiela dio zerbitzuburuak: «Ohikoa da neke kronikoa edo itolarri kronikoa dutenak emakumeak izatea. Fibromialgia ospetsua ohikoagoa da emakumeetan. Hormona femeninoekin du zerikusia? Ez dakigu. Patologia asko dago. Patologia autoimmunea ere ohikoagoa da emakumeetan. COVIDaren kasuan ez dakigu zergatik den ohikoagoa emakumeetan».

Sareko lana
Unitatea Bilbon dagoen arren, Gipuzkoan eta Araban ere lan egiten dute; izan ere, bi lurralde horietako pazienteei askotan ez datorkie ondo Bilbora joan-etorrian ibiltzea une oro. Hala ere, zerbitzuburuak azaldu duenez, Bilbora joatea beharrezkoa ikusten badute, behin bakarrik ikustea eskatzen dute, joan-etorria ahalik eta gehien murrizteko.

«PATOLOGIA ASKO DAGO. COVIDAREN KASUAN, EZ DAKIGU ZERGATIK DEN OHIKOAGOA EMAKUMEETAN»

Pazientea ebaluatu ondoren, gomendio batzuk finkatzen dizkiote bakoitzari. Alde horretatik, erreferente mediko bat dago koordinatzaile, bai Gipuzkoan eta bai Araban. «Haiekin koordinatzen gara, eta pazienteak ikusten ditugu; haiek Gipuzkoako eta Arabako pazienteen beharrak baloratzen dituzte, eta, guk ikustea onuragarri edo interesgarria izango litzatekeela uste badute, gugana jotzen dute». Diziplina anitzetan lan egiten dute, baita sarean ere, erdigunean haiek direlarik.

Garcia-Monco unitateko arduraduna da, eta mediku neurologo batek eta erizain batek osatzen dute unitatea. Azaldu du bi horiek eskariak ebaluatzen dituztela, eta aldi berean pazienteak artatzen dituztela: «Eskala bat baino gehiago pasarazten dizkiete. Elkarrizketak egiten dizkiete eta ebaluatu. Gero haien lana egokitzen da: mediku batzuk izaten dituzte espezialitate bakoitzerako: Kardiologia, Psikiatria, Psikologia eta Errehabilitazioa, betiere pazientearen beharren arabera».

COVID iraunkorra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Ez dago argi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbat dauden COVID iraunkorrak jota, eta Neurologiako zerbitzuburuak beste herrialde batzuen adibidea jarri du: «Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, herritarren % 7k du COVID iraunkorra, eta hori asko da. Gure herrialdeko daturik oraindik ez dakigu.

Pazienteek unitatea ondo hartu dutela azaldu du Garcia-Moncok. Argi hitz egitea eta informazioa modu fidagarrian ematea eskertzen dute pazienteek, «hau guztia zertaz doan eta non bukatuko den jakin behar dute eta». Artatzen dituzten pertsonei adierazi behar zaie ez dagoela tratamendu espezifikorik COVID iraunkorra sendatzeko: «Sindrome iraunkor bat da, infekzio bat izatera pasa den arren. Hau da, sintomek hor iraungo dute, eta ez dakigu zergatik. Beraz, ez daukagu sendatuko dituen tratamendurik, momentuz. Informazio asko dago, eta guk pazienteak orientatu egiten ditugu». Medikuntzan erabiltzen duten lelo bat nabarmendu du: «Sendatu, betiere posible den bitartean, baina mina arindu beti. Kontsultak funtzio hori betetzen du».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other