agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Bizitzako azken egunak nola pasatu nahi diren gogoetatzea ez da erraza”

Laura Martin • Erizain komunitarioa

Laura Martin Barrualde-Galdakaoko ESIko erizain komunitarioa da Basaurin. Osakidetzak Aurretiazko Borondateei buruzko hitzaldiak antolatu ditu Basaurin beste hainbaten udalerriren artean, eta dokumentu horrek duen garrantzia azpimarratu du horrela. Helburua da herritarrak informatu eta gogoetara bultzatzea bizitzaren amaieran izan nahi duten zaintzari buruzko erabakia hartzeko eta dokumentua betetzeko ondoren.

Hemendik aurrera, bi pausoko tailerrak jarriko dira martxan osasun-zentroetan: lehenengo tailerra, dokumentua irakurri eta ulertzeko; eta bigarren tailerra, hamabost egunez gogoetatu ondoren erabakia hartu eta (profesionalez lagundurik) Aurretiazko Borondateen Dokumentua izapidetzeko. Horren bitartez, pertsona batek jasota uzten ditu jarraibide batzuk etorkizunerako, bizitzako azken momentuetan bere borondatea adierazteko gai ez bada.

Martxoan, Basauriko Ibaigane kultur etxean Aurretiazko Borondateei buruzko tailer bat bideratu zenuen. Nola sortu zen hitzaldiok antolatzeko ideia?
Jarduera hori hemen egiten zen lehen ere, baina COVIDa iritsi zen eta talde-hezkuntza zen guztia gelditu egin zen, ez eta berriro hartu ere. Funtzionatzen zuten jarduerei berriro ekitea erabaki genuen eta, gainera, Erizaintzako eta Medikuntzako profesionalek kontsultetan ikusten zuten jendea galdezka etortzen zela. Eta, azkenean, askoz eraginkorragoa eta aberasgarriagoa da taldean egitea banaka kontsultan egitea baino. Basaurin jende asko etorri zen, 140 pertsona inguru; jendeak zalantza asko zituen, batez ere eutanasiari buruzkoak, eta horiek argitzen ahalegindu ginen.

Helburua informazioa emateaz gain dokumentua izapidetzea ere bada?
Hitzaldi horiek profesionalek ematen dituzte eta informatiboak dira; kontsultan egin beharrean, denboragatik, hobe da herri guztiarentzat egitea. Ondoren, bi tailer egiten dira interesa duen jendearekin, ordu eta erdiko bi saio. Lehenengo tailerrean, Aurretiazko Borondateen dokumentu osoa azaltzen dute; hau da, dokumentua goitik behera irakurtzen du profesionalak, motel, taldeko jende guztiarekin, galdetuz ea dena ulertzen den. Gogoeta pixka bat egiten ere saiatzen da, azkenean nola hil nahi dugun azaltzen duen dokumentua delako. Garrantzitsua da jendeak izapide huts gisa ez ikustea, pixka bat egoeran jartzea eta, ondorioz, pertsona bakoitzak dokumentu horretan jartzen duena benetan nahi duena izatea eta bat etortzea bere balio eta printzipioekin. Ordezkari bat izan dezakezula ere esaten da, konfiantzazko pertsona bat, unea iritsitakoan, zuk erabakitakoa betearaziko duena.

Lehenengo saioaren ondoren, hamabost egun uzten ditugu gogoetatzeko, eta dokumentua bigarren saioan izapidetzen da. Tailer honetara ordezkariarekin etortzeko gomendatzen dugu. 15-20 laguneko taldeekin egiten dugu lan.

«LEHENENGO SAIOAREN ONDOREN, HAMABOST EGUN UZTEN DITUGU GOGOETATZEKO, ETA DOKUMENTUA BIGARREN SAIOAN IZAPIDETZEN DA»

Zertan datza Aurretiazko Borondateen dokumentua eta zer behar da hura izapidetzeko?
Zure bizitzako azken egunetan profesionalek zuri zer arreta ematea nahi duzun islatzeko modu bat da, etorkizunerako, une horretan zure borondatea adierazteko gai ez bazara: egoera terminalean, kalte zerebral edo itzulezina dagoenean edota edozein jatorriko dementzia itzulezina. Dokumentu hori edozein momentutan aldatu edo atzera bota daiteke, erabakiak hartzeko gaitasunari eusten zaion bitartean. Une horretara arte, pertsonaren erabakiak izango du lehentasuna dokumentuan jasotakoaren gainetik. Bizitzaren amaieran, egoera terminala eta atzeraezina denean jartzen da indarrean dokumentua, eta sedazio aringarria, eutanasia, teknika inbaditzaileak eta beste aipatzen ditu. Norberak azken egunetan nola tratatua izan eta non egon erabaki dezake.

Izapidetzeko, dokumentua bete behar da. Norberak idatz dezake bere kontura, baina badago eskabide-eredu bat, gidoi bezala erabiltzeko eta puntu garrantzitsuak ez ahazteko. Hiru modutan izapidetu daiteke: notarioan; erregistroan funtzionario baten aurrean edota osasun-zentro batean, banaka edo taldeen bidez. Guk Aldez Aurreko Borondateen Euskal Erregistrora bidaltzen dugu, Gasteizera, eta, ondoren, estatu mailako Madrilgo erregistrora bidaltzen dute, legezko balioa izan dezan. Horrela, hemendik kanpo zerbait gertatzen bada, leku guztietan jakitun izan daitezen. Edozein unetan baliogabetu edo alda daiteke dokumentua; ez da estatikoa.

Osasun-zentroan baduzue galdetzera joaten den jendearentzat jarraibide-orri bat prestaturik, ezta? Baita gogoetara bultzatzeko beste txosten bat ere.
Bai, bertan dena zehaztuta dago. Aipatzen da hiru lekuko izan behar dituzula eta, beraz, kontsultara etortzen direnak lekukoekin etortzen dira. Taldeetan, ordea, taldeko jendea izaten da lekuko, eta horiek fede ematen dute erabakitzeko moduan zaudela. Azken eguneratzearekin, ordea, dokumentua gaitutako langile batekin izapidetuz gero, ez dago lekukorik izan beharrik.

Gainera, galdetzera etortzen den jendearentzat, gogoeta bideratzeko txosten bat ere badugu. Azkenean, dokumentua izapidetzea erraza da argi baduzu zer nahi duzun. Baina, noski, bizitzako azken egunetan zer nahi dudan erabakitzea ez da erraza: kudeatzeko zailak diren sentimendu asko nahasten dira. Zer nahi dudan gogoetatzeko momentua da zailena.

Edonork bete dezake Aurretiazko Borondateen Agiria?
Bai, mundu osoan egin daiteke edozein unetan eta edozein adinekin. Alde horretatik, legeztatzen duten % 60
65 urtetik gorakoak dira, eta 2/3 emakumeak. Zaila da heriotzaz hitz egitea, kostatu egiten da. Taldean egitearen onuretako bat da gaia landu eta heriotza neutralizatzeko ahalegina egiten dela. Jende askok, gazteek batez ere, oso urrun ikusten dute une hori, eta, beraz, ez dute dokumentua betetzeko beharrik ikusten. Gainera, ezjakintasuna handia da dokumentuaren inguruan gizartean.

Zure ustez, jende gehiagok bete beharko luke dokumentua?
Bai, onuragarria da izapidetzen duenarentzat baita osasun-taldearentzat ere, eta pertsona horren ingurunearentzat ere bai. Erabakiak hartu beharra saihesten du, argi eta garbi idatzita dagoelako pertsona horrek zer nahi zuen. Askotan familia-gatazkak sorten dira, ez direlako ados jartzen; agiria, berriz, modu bat da esateko: «Hau nahi nuen, hau da egin behar dena».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other