Euskaraldia jada ate joka dago, eta Debabarreneko Osakidetzako osasun-zentro eta ospitaleetan ez dute denborarik galdu nahi izan. Langileen parte-hartzea sustatzeko asmoz, ekintza ugari antolatu dituzte Debabarreneko ESIko Euskara Batzordeko boluntarioek. Langileak izen-ematera animatzeko, adibidez, soilik ESIko lantaldearentzat den URL bat abiarazi dute, eta horren bidez izena ematen dutenek txapa lantokian bertan jasotzeko aukera izango dute.
Txaparekin batera, Euskara Batzordeak osatutako dekalogo bat emango diete. Bertan, maiatzaren 15etik 25era euskararekiko izan beharko dituzten konpromiso batzuk adierazten dira. Horretaz gain, galdera sorta bat, opariak eta amaiera ekitaldi bat prestatu dituzte. Gainera, zentroz zentro bisitak egiteko asmoa dute antolatzaileek, langileek zentro bakoitzean duten parte-hartzea «ikusarazteko eta ospatzeko».
Komunikazio-kanpaina horren guztiaren barruan, egitasmo bat nabarmendu dute batzordeko kideek: Bulego musika taldeko Tomas Lizarazu abeslariari egindako elkarrizketa. Izan ere, Bulego taldea arduratu da aurten Euskaraldiaren abestia sortzeaz, Gure bihotzaren taupadak, eta Debabarreneko ESIko kideek «aukera aproposa» ikusi dute abestiaren egileak osasun-langileei mezu bat bidaltzeko. Iratxe Regidor, Laura Gomez eta Miren Hormaetxea Kalitate eta Komunikazio taldeko kideak eta Garbiñe Garai euskara-teknikaria bildu dira Lizarazurekin.
Azkoitian batu dira, abeslariaren jaioterrian, hain zuzen. Regidorrek azaldu duenez, herria Debabarreneko ESItik at dagoen arren, azkoitiar asko artatzen dituzte ESIko Mendaroko Ospitalean, hurbiltasun geografikoagatik. Lizarazu bera ere Mendaron egon da hainbatetan, eta beti euskaraz egin diotela azaldu du. Hala ere, azkoitiarrak argi du Euskaraldia bezalako egitasmoak ezinbestekoak direla edozein tokitan: «Nahiz eta leku batzuetan euskaraz egitera ohituta gauden, ez dugu erlaxatu behar. Azkoitia, adibidez, arnasgune bat da, eta gehienetan egiten dugu euskaraz, baina, ezin dugu euskararen erabilera ziurtzat jo. Horregatik da hain garrantzitsua Euskaraldian parte hartzea». Halaber, azpimarratu du edozein «urrats txiki» dela baliagarria euskararen egoera hobetzeko: «Euskaraldian parte hartzea ez da ezer kostatzen, eta gauza asko aldatu daitezke horrelako pauso erraz eta txikiarekin».
Txapa jantzi eta lehen hitza euskaraz egiteak aldaketa handia eragin dezakeela uste du Lizarazuk. «Badirudi txapa jantzita eramatea tontakeria bat dela, baina asko horri esker ausartuko dira lehen hitza euskaraz egiten, eta lehen hitz horiek klabeak dira lasaitasun bat sortzeko orduan». Edozein zerbitzutan norberaren hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea aldarrikatu du, bereziki, «guztionak diren» zerbitzu publikoetan, eta, «are gehiago osasungintzan», non pazientearen eta osasun langilearen arteko komunikazioa «arreta ona jasotzeko lehen urratsa» den. «Lehen harreman horretan hizkuntzaren hesia jartzen baduzu, dena aldatzen da, baita tratamendua ere. Ez da berdina “mina dut” esatea edo “gibelaren aldean mina dut, batez ere alde honetan”, adibidez».
«NOSKI, HELBURUEN ARTEAN ABESTI ONA IZATEA ETA EUSKARALDIKO TALDEAREN GUSTUKOA IZATEA ZEGOEN, BAINA, GEHIENBAT, EUSKARAK PAIRATZEN DUEN LARRIALDI LINGUISTIKOARI AURRE EGIN NAHI DIOGU ABESTIAREKIN»
Horregatik, Debabarreneko ESIko langile guztiak Euskaraldian parte hartzera animatu nahi ditu, bai euskaraz ondo moldatzen direnak eta bai euskaraz hitz egiteko zailtasun handiagoa dutenak ere: «Niri asko gustatzen zait euskaraz ez dakitenak edo zailtasunak dituztenak euskaraz egiten saiatzen ikustea. Oso polita iruditzen zait. Jarrerak asko esaten du, eta elkar uler badezakegu, zergatik ez dugu euskaraz egingo?». Haren ustez, horrela eraikitzen da hitz egiteko gogoa, aurreiritziak alde batera utzita. «Gainera, gustatuko litzaigukeen arren, hurbileko helburua ez da osasun-arloko profesional guztiak euskaldunak izatea eta beti euskaraz egitea, baizik eta guztiok izatea hizkuntzarekiko jarrera positiboa», argitu du.
Euskaraldiak euskararen normalizaziorako duen garrantzia azpimarratu du azkoitiarrak, baina, aldi berean, gogorarazi du norberaren eskumena dela zerbait egitea: «Askotan pentsatzen dugu Euskaraldiari eta horrelako ekimenei esker euskarak jarraituko duela, eta hori, hein handi batean, egia da, baina, norbanako bezala, gure egunerokotasunean egin ditzakegun gauzek eragin dezakete zinez aldaketa: lehen hitza euskaraz egitea, gaztelaniaz egiten digutenean euskarari eustea, elkarrizketa elebidunetan ahalik eta erosoena sentitzea… Hitzez hitz aldatu dezakegu etorkizuna».
Larrialdi linguistikoari aurre egiteko
Euskaltzaleen Topagunetik abestia egiteko deitu zietenean, ez zuten zalantzarik izan. Abenduan kaleratu zuten aurtengo Euskaraldiaren ereserkia, eta dagoeneko milaka ikustaldi eta bertsio ugari ditu. Bideoklipa egiteko orduan Euskal Herrian ohikoak diren hiru lanbide hautatu zituzten; horien artean, erizaintza. «Erakutsi nahi dugu nola euskararen erabilera gure egunerokotasunean dagoen; tartean, ospitaleetan. Bideoklipean pazientea eta osasun-langilea dantzan hasten direnean, metaforikoki azaldu nahi dugu euskaraz egiteak nola konektatzen gaituen, eta nola hizkuntza dantza bilaka daitekeen».
Lizarazuk azaldu duenez, abestiaren helburua ondo zehazteko bilera ugari egin zituzten arren, horren helburu nagusia zein izango zen oso argi izan zuten hasieratik: «Noski, helburuen artean abesti ona izatea eta Euskaraldiko taldearen gustukoa izatea zegoen, baina, gehienbat, euskarak pairatzen duen larrialdi linguistikoari aurre egin nahi diogu abestiarekin». Horretarako mezu serio bat doinu alai batean uztartzea bilatu zuten. «Aurten, udaberrian izango da Euskaraldia, eta jaigiro batean transmititu nahi izan dugu mezua, ez dadila izan abesti ilun eta serioa».
Gainera, gazteentzako abestia da Gure bihotzaren taupadak. «Oso garrantzitsua da gaztetxoei euskaraz gauza guaiak egin daitezkeela erakustea. Interneten dituzten erreferente gehienek beste hizkuntza batzuetara jotzen dute komunikatzeko, eta, euskararen etorkizuna bermatzeko, erreferente euskaldunak behar dituzte». Egoerari aurre egitea guztion ardura dela ondorioztatu du Lizarazuk, eta Debabarreneko ESIko langileei deia egin die: «Euskara kinka larrian dago, eta gure arduren artean egon behar du Euskaraldian parte hartzeak».