Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak, EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateak eta Lanbide Heziketako Laneki elkarteak Euskaraz bai txill! kanpaina abiatu dute elkarlanean, osasun ikasketak zein hizkuntzatan egin erabakitzen ari diren gazteei osasungintzan euskarak duen garrantziaz ohartarazteko. Elena Diaz Ereño EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko dekanordeak eta Olatz Imaz Mendizabal Lanekiko kudeatzaileak azaldu dute zergatik eta nola egin den kanpaina.
Euskaraz bai txill! kanpaina 2024ko martxoan abiatu zen lehen aldiz, eta aurten ere jarri da martxan, bai osasun ikasketak eskaintzen dituzten Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako zentroetan, bai Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hainbait ikastetxetan ere. Kanpainan bideo bat zabaldu dute zenbait euskarritan (telefono mugikorra ipintzeko oinarriak, kartelak…), hiru helbururekin: osasun arretan pazienteen hizkuntzak zer garrantzia duen azaltzea, Osakidetzan euskararen inguruko eskakizunak zeintzuk diren argitzea, eta, ondorioz, ikasketak euskaraz egiteak nolako abantailak ekarriko dizkien jakinaraztea. Hori guztia bi gazteren arteko elkarrizketa informal batean kontatzen zaie, ikasleak ikasketak euskaraz egitera animatzeko asmoz.
Bideoaren euskarriak, ikasketa zentroetan ez ezik, azoketan zein ate irekien jardunaldietan jarri dira gazteen esku.
Laneki elkarteko kudeatzaile Olatz Imazek bideoan azaltzen den ideia bat nabarmendu du: pazienteak haien ama hizkuntzan artatzea «funtsezkoa» dela, eta, pertsona euskaldunen kasuan, haiekiko «betebeharra» dela euskaraz artatzea. Imazek dio ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasle guztiek «positibotzat» jotzen dutela euskara menderatzea, kalitatezko arreta emateko beharrezkoa izateaz gain, lan-munduko ateak ere irekitzen dizkielako. Horregatik animatzen ditu ikasleak euskaraz matrikulatzera: «Ikas prozesu osoaren parte aberasgarri bat da. Gainera, horrekin administrazio publikoan lan egiteko eta arlo pribatuan baloratua izateko aukera ematen duen ziurtagiria lortzen dute».
Izan ere, Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetan ikasgaien erdiak euskaraz gainditzen dituzten ikasleek B1 mailaren baliokidetza lortzen dute, eta goi-mailakoen kasuan B2rena. Unibertsitatean, berriz, gradua euskaraz egiteagatik C1 tituluaren baliokidetza eskuratzen dute, eta doktoregoa amaituta C2 mailarena.
IMAZEK ETA EREÑOK EUSKAL LERROETAN IKASTEAREN ALDE EGITEN DUTE, LAN-MUNDUA EUSKALDUNTZEKO EZINBESTEKOA BAITA GAURKO ETA BIHARKO PROFESIONALAK EUSKARAZ FORMATZEA.
Ahalegin hori saritu beharko litzatekeela uste du Elena Diaz Ereño dekanordeak: «Gizartearentzat egiten duten ahalegina aitortzeko moduak bilatu beharko genituzke». Horregatik, eta hizkuntzarekin zailtasunak izan ditzaketen ikasleak atzean gera ez daitezen, ikas zentroetan eskola orduetatik kanpo euskara ikasten jarraitzeko baliabideak eskaini behar zaizkie, Imazen esanetan: «Jabetu behar dugu ahalegin gehigarria dela euskara ama-hizkuntza ez dutenentzat, eta esfortzu hori aitortu behar zaie». Izan ere, osasun arloko ikasleen profila askotarikoa da, eta batzuentzat hizkuntza arazo izan daiteke. Horiei laguntzeko baliabideak badaudela azpimarratu du Imazek.
Praktikak eta elkarlanaren garrantzia
Ikasketa prozesuaren zati handi bat lantokietan egiten da, eta osasun ikasketak egiten dituzten ikasle askok Osakidetzan izaten dituzte enpresa-egonaldiak. Egonaldi horiek euskaraz egiten direla bermatzeko, Osakidetzarekin etengabeko elkarlanean aritzen dira ikastetxeak eta fakultateak.
Unibertsitateko zein Lanbide Heziketako ikasleak animatzen dituzte enpresa-egonaldiak euskaraz egitera, euskara teknikoa lantzeko eta, batez ere, eguneroko lan asistentziala euskaraz modu naturalean eta kalitate osoarekin egiten ikasteko. «Guk euskaraz matrikulatzera animatzen ditugu, hizkuntza ere formakuntzaren parte delako», argitu du Imazek.

Imazek eta Ereñok euskal lerroetan ikastearen alde egiten dute, lan-mundua euskalduntzeko ezinbestekoa baita gaurko eta biharko profesionalak euskaraz formatzea. Lankidetzari esker, enpresa-egonaldiak euskaraz egiteko ahalegina lehen fruituak ematen hasi da. Lanbide Heziketan, adibidez, osasun ikasketak egiten ari direnen heren batek Osakidetzan egiten ditu praktikak, horietatik % 26k euskaraz. Gero eta ikasle gehiagorengana zabaltzen ari da praktikak euskaraz egiteko aukera, eta horrek eragin positiboa duela aipatu dute. Horregatik, ziur dira Osakidetzarekin duten elkarlana bide onetik doala.
Horri lotuta, Ereñok eta Imazek adierazi dute Euskaraz bai txill! kanpainan ematen den informazioa (pazientearen hizkuntzaren garrantzia, Osakidetzaren hizkuntza-eskakizunak…) lagungarria izango dela praktiketako hizkuntza aukeratzeko orduan.