BPSO Best Practice Spotlight Organization programaren harira, Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIan pazientearen zainketarako hiru gida ezarri dituzte. Hiru urteren ostean, zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentroa izatea lortu dute, eta, bultzatzaileak aintzatesteko, jardunaldi bat antolatu zuten otsailaren 24an.
2021ean hasi zuen ibilbidea BPSO proiektuko lantaldeak. Programan sartzeko eskaera egin zuten, eta handik urtebetera onartu zieten hautagaitza. Horrela, jardunbide egokiak lantzen hasi ziren, eta hiru gida ezarri zituzten: Sarbide Baskularra, Amagandiko Edoskitzea eta Genero-indarkeria. Hiru gida horiek jatorri komun bat dute: RNAO Ontarioko Erizain Erregistratuen Elkartea, protokolo eta gida horiek egiten eta eguneratzen dituena.
Jon Ander Jauson, erizaina da Bilbo-Basurtuko ESIan, Erizaintzako Irakaskuntza-unitatean, eta BPSO proiektuaren liderra da Bilbo-Basurtuko ESIan eta Leioako EHUko Erizaintza fakultatean. Urte hauetan egindako ibilbidea gogoratu du, eta lanaz baikor dago: «Honaino iritsita, hiru urte igaro ditugu jardunbide egokiak lantzen, eta geure burua zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentro gisa finkatu dugu».
Lorpena eskertzeko, jardunaldi bat antolatu zuten otsailaren 24an, Bilbo-Basurtuko ESIan; honela azaldu du Jausonek: «Ospakizun bat egiten ari gara, urte hauen guztien ondoren lortu dugulako gida bakoitzaren plan indibidual horiek guztiak inplementatzea, eta plan orokorra hedatzea». Gaineratu du gidekin arreta hobetu nahi dutela ez bakarrik profesionalen aldetik baita pazienteen aldetik ere.
Horrez gain, bultzatzaileen lana ere goraipatu du, funtsezkoak izan direlako: «Proiektuaren motorra dira. Gidetan zer hobetu nahi duten erabakitzen dute, beraz, lan nagusia haiena izan da. Haien laguntzarik gabe, ezin izango genuke lortu hiru gidetan lortu dugun guztia».
Sarbide baskularreko gida
Shaila Guerrero, Bilbo-Basurtuko ESIko erizaina eta Sarbide Baskularreko Gidaren liderra da. Dioenez, hasieran ez zekiten oso ondo zer eta nola egin, baina prestakuntza jasotzea gakoa izan da. «Erizaintzatik eratorritako zenbait jarduera egiten hasi ginen, eta ikusi genuen hori beharrezkoa zela kalitatezko arreta emateko eta batez ere ESIari dagokionez sarbide baskularren arloan segurtasunari eusteko». Horrez gain, pazientearen autozainketan ere inplikatu nahi zuten. Kirurgia-eremuarekin ere lan egin dute. Horri esker, orain modu autonomoagoan eta independenteagoan jarduteko aukerak dituztela azaldu du.

«Askoz ere kontzientzia handiagoa dugu ebidentzia zientifikoekin lan egin behar dela», dio Guerrerok. Gida ezartzeak zer-nolako ondorioak izan dituen ebaluatu dute, eta ondorioztatu dute oro har ia % 3 murriztu dutela flebitisa ESI osoan. «Askoz ere komunikazio hobea dago unitate guztien artean, baina, batez ere, pazientearen segurtasuna hobetu dugu». Emaitza on horien arrazoia proiektua hasteko izan duten ilusioa dela dio Leire Imatzek, Sarbide Baskularreko Gidaren bultzatzaileak. «Erizaintzak beti du esentzia bera: pazientea zaintzea eta pazientearen zainketak hobetzea». Motibazioaren garrantzia ere azpimarratu du, proiektua «oso ondo» hartu baitute lankideek.
Genero-indarkeriaren gida
Marisol Diaz, Genero-indarkeriaren Gidako liderra da, eta adierazi du gida beldur pixka batekin hartu zutela, ESI batean dagoen lehena delako. «Oso gida garrantzitsua da emakumeekin jarduteko. Indarkeria jasaten duten emakumeekin lan egiteko balioa ematen du».
«ASKOZ ERE KOMUNIKAZIO HOBEA DAGO UNITATE GUZTIEN ARTEAN, BAINA, BATEZ ERE, PAZIENTEAREN SEGURTASUNA HOBETU DUGU»
Une honetan, bi ikerlan dituzte abian, eta horietako bat genero-estereotipoena da. EHUko Erizaintzako ikasleekin lan egiten dute, erizainak ere prestatuta ateratzeko ataria delako. Horregatik, proiektua beharrezkoa ikusten du Diazek, gazteek estereotipo horiek ez izateko. Horrez gain, hilero indarkeriari buruzko saio bat egiten dute, arlo guztietako pertsonekin. Hor ere ESIko jende asko batzen ari da, eta oraindik asko falta da egiteko. Ospitalean, bankuak morez pintatu dituzte, eta laguntzarako telefonoa jarri (900 84 01 11).
Patricia Herrera Otxarkoagako Osasun Zentroko erizaina eta Genero-indarkeriaren Gidaren bultzatzailea da: erabakitako ekintzak abian jartzen ditu; gainerako ikaskideei gidaren berri ematea, esaterako: «Gure zentroa puntu seguru bat izatea nahi dugu, guregana jotzea erabakitzen badute non gauden jakin dezatela».
Amagandiko edoskitze gida
Ana Aguirre neonatologoa da Bilbo-Basurtuko ESIan, eta amagandiko edoskitzearen gaineko gidaren liderretakoa. Dioenez, gida jarrera aldaketa bat izan da: «Zaila zen geure buruan genituen ideiak edo egin behar genituen gauzak egunerokoan hain erraz, azkar eta modu protokolizatuan txertatzea».
Ospitalea erditzeetan eta amatasunean oso zentratuta zegoela dio neonatologoak, eta beste arlo batzuk apur bat ahulagoak zeudela. Gida honek norbera erakundearen estrategiaren parte izatea ekarri du, egiazko laguntza. «Guk ere geure gain hartu dugu erantzukizuna. Antolatzea, elkarri entzutea, eta diziplina anitzeko lantalde gisa lan egitea, egiten duguna ebaluatzeko eta zer egin behar dugun erabaki ondoren gauzatzen laguntzeko ».
«Ikuspegi globala izan dugu, betiere jardunbide egokietan oinarrituta eta zainketen bikaintasunetik abiatuta, eta, batez ere, ama-umeen diada artatzen duten profesional guztiengana iritsi gara», azaldu du Bego Mitxelenak, erditzeetan diharduen emagina bera eta amagandiko edoskitzea gidaren bultzatzailea. Adierazi du horrek guztiak profesionalen jarduna bateratu duela: hizkuntza eta protokolo berdinak darabiltzate. «Atzera begiratuta, gauzak egin dira eta, batez ere, praktikara eraman».