Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Berdintasun Batzordeak antolaturik, kontzentrazio batekin hasi zuten Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna, azaroaren 25ean. Ondoren, Garaitza eta Bizitu elkarteetako hiru kide, Carmen Escudero, Marga Aguilar eta Ana Maria Presas, jardunaldi batean aritu ziren beren testigantza pertsonaletatik abiatuta, jasan duten indarkeria matxistaren berri ematen.
Adarraren soinuak isilarazi zuen Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko areto nagusia, eta zirrara berezia sorrarazi zuen. Krisi garaian batzarrak deitzeko eta garaiko gizarte larrialdi handienei aurre egiteko premia sinbolizatu izan du historikoki deiadar adarrak. Hori dela eta, tresna hori baliatu nahi izan zuen Teresa Rosa Calvo Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko berdintasun erreferenteak azaroaren 25ean, aldaketarako deia egiteko, eta azpimarratu zuen ezkutatuta dagoena ikusi behar dela, “adi egon behar dugu eta osasun arloko profesionalok egoera horien detekziorako begiak zabalik izan behar ditugu”. Berdintasun Batzordeak antolatutako ekitaldian indarkeria matxistari aurre egin dioten hainbat lagun elkartu ziren beren testigantza emateko: Carmen Escudero, Garaitza elkarteko zuzendaria, eta Ana Maria Presas eta Marga Aguilar Bizitu elkarteko kideak. Osakidetzak antolatutako Zeharkatzen zaituen isiltasuna jardunaldian hartu zuten parte hiru hizlariek, eta haurtzarotik hirugarren adinera, matxismoak emakume askoren bizitza zeharkatzen eta markatzen duela eta askotariko formak hartzen dituela nabarmendu zuten. Hala, beren bizipen gogorrak eta gogoeta sakonak eman zituzten ezagutzera. Calvok argi utzi zuen hasieratik helburua: «gaur ez gatoz entzutera bakarrik, konpromisoa hartzera gatoz; izan ere, isiltasuna bera indarkeria da, eta hori haustea gure erantzukizuna da».
«ARRETA PSIKOLOGIKOA BEHARREZKOA DA PROZESUAREN HASIERAN, HITZ EGIN ETA AMORRUA ZEIN MINA ATERATZEKO ESPAZIOA BAITA» Marga Aguilar,
Bizitu elkarteko kidea
Hautsitako gaztaroak, isildutako ahotsak
Garaitza elkarteko zuzendariak, Carmen Escuderok, haurren aurkako sexu abusuei buruzko testigantza urratzaile batekin hasi zuen mahai-inguruko lehen esku-hartzea. «Lau neskatilatik batek eta zazpi mutikotik batek sexu-abusuak jasaten dituzte haurtzaroan», jakinarazi zuen Escuderok, aretoa hunkituta utziz. Datu hori ez da zifra huts bat soilik; minak markatutako milaka haurtzaroren isla da, sarritan beldurrak, lotsak eta sinesgogortasunak isilarazitako milaka haurren egoera krudela. Escuderok ahots dardartiarekin hitz egin zuen, bere bizipen propioetatik abiatuta eta elkartean ikusi eta entzundako hainbat esperientziatan oinarrituta. Hizlariak nabarmendu zuen biktimak, askotan, ez direla gai bizi dutena abusutzat identifikatzeko, erasotzaileen manipulazio emozionala dela eta. «Haurra nahastuta hazten da, gertatu zaion horri izenik jarri ezinik», azaldu zuen. Biktimen % 48k, gainera, ez du gertatutakoa gogoratzen, baina sintoma fisiko zein mentalen bidez azaleratzen dira eraso eta abusu horiek. Tripako minak, eskola-porrota, gehiegizko bikaintasunaren bilaketa, umore aldaketak eta abar dira sintoma horietako batzuk. Escuderoren ustez, indarkeria hori desagerrarazteko lehen urratsa adingabeak heztea da, «ez» esateko eta zerbait ondo ez dagoenean laguntza eskatzeko eskubidea dutela jakin eta ikas dezaten.
Ekintza kolektiborako deia eginez amaitu zuen Escuderok, eta arazoa ikusaraztea eta laguntza sareak sortzea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu zuen. «Entzungo duen, babestuko duen eta jardungo duen gizarte bat behar dugu», nabarmendu zuen, eta eredutzat jarri zuen Garaitza elkartea. Izan ere, haurtzaroan sexu abusuak eta tratu txarrak jasan zituzten helduei laguntza eta orientazioa eskaintzen die elkarte horrek.
«Atea irekita zuen kaiola batean bizi nintzen»
«Maitasun erromantikoa zer den erakutsi ziguten, mina maitasunaren osagai gisa justifikatzen». Horrela ekin zion Marga Aguilarrek jardunaldiko bigarren hitzaldiari. Berrogei urtez indarkeria matxistaren biktima izan zen Aguilar, bizirik iraun zuen, eta Bizitu elkarteko kidea da gaur egun. «Kaiola batean bizi izan nintzen, atea irekita, baina ez nekien nola irten», aitortu zuen Aguilarrek bikote ohiarekin bizitako esperientzia mahai gainean jarriz. «Beldurrak, lotsak eta erruak kateatuta nindukaten», gehitu zuen. Ildo beretik, kontrolerako, manipulazio emozionalerako eta isolamendurako dinamikak arma ikusezinak direla nabarmendu zuen. «Sistema patriarkalak normalizatu egiten du emakumeen sakrifizioa maitasunaren izenean, eta horrek berak sostengatzen du indarkeria matxista».
«EZKUTATUTA DAGOENA IKUSI BEHAR DA, ADI EGON BEHAR DUGU ETA OSASUN ARLOKO PROFESIONALOK EGOERA HORIEN DETEKZIORAKO BEGIAK ZABALIK IZAN BEHAR DITUGU», Teresa Rosa Calvo,
berdintasun erreferentea
Bizitu Elkarteak genero indarkeria bizi izan duten emakumeentzako espazio seguru bat eskaintzen du eta ikuspegi feministatik eta komunitariotik egiten du lan, laguntza emozionala eta baliabide praktikoak emanez. «Hemen, elkar zaintzen dugu, epaitu gabe elkar entzuten dugu eta ez gaudela bakarrik ikasten dugu», azaldu zuen. Kaiolatik ihes egiteko unean Aguilarrek elkarte horretara jo zuen, eta orain, horrelako egoeretatik irteteko laguntza eskaintzen die beste emakume batzuei. Norberaren etxe barruan gertatzen dena isildu egiten dela dio Aguilarrek, eta, ondorioz, zulotik irtetea gero eta zailagoa bihurtzen dela. «Hori dela eta, laguntza psikologikoa ezinbestekoa da. Egoera horretan dauden emakumeek “zu ez zara erruduna” entzuteko premia bizia dute». Era berean, errespetua eta berdintasuna oinarri bezala hartuz ondorengoak feminismoan heztea “oso garrantzitsua” dela azpimarratu zuen.
«Adineko pertsonentzat ahalduntzeaz hitz egitea utopia bat da»
1978ko Konstituzioan jaso zen lehenengoz idatziz gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bai eta duintasunerako eskubidea ere. Ana Maria Presas Bizitu elkarteko kidea da, 62 urte ditu eta indarkeria matxista jasan izan du hainbat urtez. Testuinguru historikoaz hitz eginez hasi zuen bere hitzaldia, eta iragana ulertzea garrantzitsua dela adierazi zuen, gaur egungo gizartearen oinarri delako. Ondoren, adineko pertsonengan jarri zuen fokua: «Prekarietateak eta sakrifizioak markatutako bizitza baten ondoren, askok sentitzen dute berandu dela berriro hasteko, baina inoiz ez da berandu». Adineko pertsonak ikusezinak dira Presasen aburuz eta patriarkatuak guztiz baldintzatu ditu emakume belaunaldi asko eta asko, «mendekotasunezko rolen pean jarri dituelako». Isilik egoteko heziak izan direnez, Presasek nabarmendu zuen zaila dela adineko emakumeek hainbat urtez izan duten bizimodu hori alde batera uztea eta aurrerako urratsa ematea; «erronka izugarria da, pentsaezina askorentzat».
Bizitu elkarteak laguntza emozionala eta bidelagun izateko babes pertsonalizatua eskaintzen dizkie nortasuna berreraikitzen ahalegintzen ari diren emakumeei. Alde horretatik, adinez nagusia izan arren, kateak apurtzea posible dela azpimarratu zuen Presasek, eta pedagogia zabal baten beharra aipatu zuen. «Garrantzitsuena da bidean inor bakarrik ez sentitzea».