agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Ama-esnea, jaioberrien «altxorra»

Osakidetzaren Arrasateko Osasun Zentroak pauso garrantzitsua eman du osasun- eta gizarte-zerbitzuen esparruan, oraingoan, amaren esnea jasotzeko biltegi txiki bat jarrita. Biltegiari esker, errazagoa da orain Debagoieneko ESIan esnea ematea; izan ere, lehen aldia da ESI bateko osasun-zentro guztietan esnea jasotzeko aukera dagoena, eta helburu nagusi bat du: ama-esnea behar duten haurren elikadura eta osasuna hobetzea.

Arrasateko anbulatorioan dago biltegia, eta ESIko beste zentroetako emaginek –Bergara, Leintz eta Oñatikoek– esnea jaso eta Arrasateko izozkailura eramaten dute. Ondoren, jasotako esneak izozkailu horretatik Galdakaoko Esne Bankura eramaten dituzte, eta bertan prozesatzen dituzte haur jaioberrientzat.

Haur jaioberrien osasuna lehentasun duen gizarte batean, esne-bankua garrantzi handiko zerbitzua da. Alde horretatik, Arrasateko Osasun Zentroa eredu izan daiteke beste herrialde eta erkidego askorentzat, osasun-sistema publiko eta pribatuen bidez osasun-arreta integrala eta kalitatezkoa sustatzeko.

Esne-bankua gune bat da, non ama-esnea bildu, biltegiratu eta banatzen den, ama biologikoaren esnerik hartu ezin duten edo behar adina ez duten haurrek ere onura jaso dezaten. Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, ama-esneak haurraren immunitatea sendotzen laguntzen du, eta gaixotasun infekziosoak saihesteko gaitasun berezia dauka. Horrez gain, batez ere goiz jaiotako haurren artean, hesteetako, arnasbideetako eta beste organo-sistemetako gaixotasunak prebenitzen laguntzen du.

«ARRASATEKO OSASUN ZENTROAN ESNEA JASOTZEKO AUKERA ZABALDU ZENETIK, EMAILEEN KOPURUAK GORAKADA HANDIA IZAN DU»

Arrasateko Osasun Zentroan esnea jasotzeko aukera zabaldu zenetik, emaileen kopuruak gorakada handia izan du. 2022ko urtarrilean hasi zen lehenengo esne-emailea eta 2023ko urrira arte lau emaile aritu ziren. Debagoienean jasotzen hasi zirenean, beste bost emakume gehitu ziren.

Dena den, nahiz eta emaile-kopuruak gora egin duen urte hauetan, funtsezkoa da emaile berriak izatea; zenbat eta gehiago egon, hobe. Goiz jaiotzen diren umeentzat «altxor» bat bezalakoa baita, horrela adierazi du Mirari Bikuñak, Oñatiko Osasun Zentroko emaginak. «Ama-esnerik gabe elikatuz gero, askoz arrisku handiagoa dago gaixotasunak hartzeko; horien artean, enterokolitis nekrosatzaile delakoa», esan du Ane Guillok, Arrasateko Osasun Zentroko beste emaginak.

Pauso txiki, onura handi
Norbaitek pauso hori eman nahiko balu, kontaktuan jarri beharko luke esne-bankuarekin. Lehenik, elkarrizketa baten bitartez, osasun-arazorik ote dagoen aztertzeko. Odol-analisiak ere beharrezkoak dira gaixotasunik dagoen ikusteko. Baiezkoa emanda eta arazorik ez dagoela ikusita, prozesua abian jartzen da. Emaile izatean, hiru hilabetean behin errepikatzen dira analisiak. Hasierako materiala Galdakaoko Esne Bankuan ematen dute. Ondoren, emaginek ematen dute behar den materiala: esnea jasotzeko potoak, garraiorako hozkailua… Horrez gain, erditze-aurreko saioetan, kontsultetan eta edoskitze-tailerretan emaginek informazioa helarazten dute esne-bankuaren aukera badagoela. «Beraz, emakume batek egiten duen ahalegina eta ematen duen denbora ikusita, esne hori emateko prest badago, emaginok egin dezakegun bakarra lan hori erraztea da, eta benetako meritua emaileek dute», gaineratu du Bikuñak.

Debagoieneko Osasun Zentroko kideek badakite esne-bankuaren funtzionamendua arrakastatsua izan dadin beharrezkoa dela herritarren laguntza eta konpromisoa. «Fokua batez ere emaileetan jarriko nuke; izan ere, portzentaje handi batek, bere seme-alabek arazoren bat izan duten kasuetan jasotako tratu ona ikusita, esker onez eman izan du esnea» adierazi du Guillok.

«AMA-ESNEAK HAURRAREN IMMUNITATEA SENDOTZEN LAGUNTZEN DU, ETA GAIXOTASUN INFEKZIOSOAK SAIHESTEKO GAITASUN BEREZIA DAUKA»

«Izan genuen lehen emailea, adibidez, doluan zegoen. Umea haurdunaldiaren bukaeran galdu zuen, eta, doluan laguntzeko, esnea ekartzea eskaini zioten». Beraz, keinu atsegin eta polita izateaz gain, dolua egiteko ere balio izan du.

Esnea jasotzeko aukeren zabalkuntza
Gaur egun, hamaika puntu daude prest erkidegoan ama-esnearen dohaintzak jasotzeko, baina Arrasateko Osasun Zentroan abian jarri den eredua beste edozein anbulatoriotan bultzatzeko nahia dute bi emaginek: «Orain dela gutxi, Eibarko emaginak kontaktuan jarri ziren gure gainbegiralearekin nola antolatzen garen galdetzeko, eta gustatuko litzaiguke hori aurrera ateratzea».

Arrasaten esnea jasotzeko aukera izatea ez da bakarrik ama-esnearen bidez haurrei ongizatea eskaintzea, gizartearen elkartasuna eta osasunarekiko konpromisoa ere sustatzen ditu. Biltegiak aukera eman dio Arrasateko Osasun Zentroari osasun-zerbitzuak hobetzeko eta berritzeko, herritarren osasuna eta ongizatea are gehiago sustatzeko eta batez ere, etorkizunera begira, indartsuago eta osasuntsuagoa izango den belaunaldi bat sortzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other