agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Zumarragako ospitalea: 40 urte zaintzen, hazten eta eraldatzen

Osakidetzako Zumarragako Ospitaleak 40. urteurrena du ospakizun. Ospitaleak 700 langile inguru biltzen ditu gaur egun, eta 30 zerbitzutik gora. 40 urteak ospatzeko eta erakundeko profesionalei omenaldia egiteko, argazki-erakusketa bat antolatu dute egindako ibilbidea islatzen duena: erradiologiako korridorean dago ikusgai, bai eta sarrera nagusiko telebistan ere. Eskualdeko guraso-elkarteen eskaerak izan ziren Zumarragako Ospitalea sortzeko hastapenak, eta 40 urtean haziz joan da eremuko jendearen beharretara iristeko.

Zumarragako Ospitalea 40. urteurrena betetzera iritsi da, eta Goierri-Urola Garaiko ESIa osatzen dute gaur egun Zumarragako Ospitaleak eta herri hauetan dauden Lehen Mailako Arretako unitateek: Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia, Lazkao, Ordizia eta Beasain. 1980ko apirilaren 29an hasi ziren eraikitze-lanak eta 1984ko ekainaren 26an egin zuten irekiera-ekitaldia. Hasieran, Larrialdietako, Erradiologiako eta Laborategiko zerbitzuak izan zituen ospitaleak. Lehen urte horretan, azarorako, Kirofanoa, Barne Medikuntza eta Traumatologia zerbitzuak ireki zituzten, eta lehen ebakuntza 1985eko urtarrilaren 3an egin zuten.

1985eko otsailean, Kirurgia, Ginekologia, Pediatria, Haur-ama eremua, Kanpo Kontsultak, Farmazia, Anatomia Patologikoa, Gimnasioa, Garbitegia eta Sukaldeko unitateak gehitu zizkioten: lehen erditze ofiziala 1985eko azaroaren 19an izan zen. Urte horretan, 250 profesional biltzera iritsi ziren. 2011. urtean, Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua sortu zuten, lehen mailako arreta eta ospitaleko asistentzia-mailak integratzeko. Horrela, baliabideen eraginkortasuna eta asistentzia-mailen arteko koordinazioa hobetu zituzten. 2012. urtean, ginekologia-eremu berria estreinatu zuten: lau erditze-gelarekin eta dilatazio-bainuontzi batekin. Eraikin berrian, kanpo-kontsultak egiten hasi ziren, bost box eta bost kontsultarekin.

2014. urtearen amaieran, erresonantzia magnetikoko ekipo bat ezarri zuten, eta ESIa irudi-bidezko diagnostikoaren abangoardian jarri zen. ESIan, ekipo berri horri esker, kalitate handiagoko irudiak egiten hasi ziren eta paziente gehiago artatu ahal izan ziren. 2015eko uztailean, Goizalde inauguratu zuten: kanpo-kontsulten eraikin berria. Osasun-arreta hobetzeko eta zerbitzu asistentzial gehiago eskaintzeko asmoa dute, ospitalearen aurrealdean eraikin bat eginez; horrek bloke kirurgiko berria eta hari lotutako zerbitzuak hartuko ditu, baita sarbide nagusi berri bat ere, hari lotutako espazioekin.

Ines Nafarrate erizainak (Arrasate, 1962) 40 urte baino gehiago daramatza erizain bezala lanean eta azken 32ak Zumarragako ospitalean. Hasiera batean Larrialdietan, ondoren Eguneko ospitalizazioan. Donostian Loaren Unitatean formatu ondoren, 2010ean Loaren Unitateko kontsulta sortu zen Zumarragako ospitalean eta bertan dihardu geroztik. Haren hitzetan, hasieran gona eta zapatatxoak jantzi behar izaten zituzten erizainek, eta kateterrak poltsikoan gordetzen zituzten material ez berrerabilgarriak eskasak zirelako. Halaber, sueroaren aukerarik ez zegoenez, medikamentuak zuzenean sartzen zizkieten pazienteei, eta materiala esterilizatu egiten zuten.

«HONA ETORRITAKO JENDE ASKO PENA HANDIZ JOAN DA ETA TOPATUZ GERO, BETI GOGORATZEN DIRA ZUMARRAGAKO OSPITALEAZ»
Begoña Aseginolaza

Erizaintzan aldaketa sakonak egon dira alde guztietatik, eta lana ondo lotuta dute metodologia aldetik; erizaintzak bere tresnak sortu ditu (PAE) eta erregistroak informatizatzea lortu da. Osanaia bezalako tresnekin eta protokolo eta mediku-gidekin, pazientearen beharretara iristeko lana erraztu egin dute. Pazientea globalki ikusten dute, modu integralean: “erizaintzan lan teknikoak bete eta medikuaren ezker edo eskuin besoa izatetik, funtzio asistentziala betetzeaz gain, irakaskuntza, kudeaketa eta ikerketa jarduerak ere betetzera igaro da».

Ezkerretik eskuinera: Josune Gurrutxaga administraria, Ines Nafarrate erizaina eta Begoña Aseginolaza dermatologoa.

Begoña Aseginolaza dermatologoa (Zumarraga, 1958) 1990-2000 artean Zumarragako Ospitalean ibili zen. 2000-2014 urteetan Gasteizko Santiago Ospitalean eta Donostiakoan egon zen; 2014. urtean, plaza eskuratu, eta Zumarragara lekualdatu zen; geroztik bertan aritu da. Haren arabera, lankideen arteko harremanak aldatuz joan dira: «lehen zegoen kontaktua aldatu egin da; langile gehiago daude orain, ospitale handiagoa daukagulako». Dioenez, hasiera batean, plantilla egonkorragoa zen, baina urte batzuetan mugimenduak egon dira; azken urteetan, berriz ere egonkortzeko bidean daude. Aseginolaza kanpoan egon ondoren, oraindik ere jendea berataz oroitzen zela adierazi du: «hona etorritako jende asko pena handiz joan da eta topatuz gero, beti gogoratzen dira Zumarragako Ospitaleaz» . Haren arabera, etxera itzultzea bezala izan zen itzulera eta harrera ona egin ziotela azpimarratu du.

Josune Gurrutxaga (Donostia, 1959) administrazio-laguntzaileak laborategian egiten du eguneroko lana. 25 urterekin hasi zen ospitalean lanean. 1984an, Zumarragara etorri zen, ekainean, laborategia ireki zutenean. Hasieratik egin ditu askotariko lanak. Publikoari begira urte askoan lan egin ostean, zereginak aldatuz joan zaizkio, eta gaur egun analisien datuak bildu, laborategiko biltegia kudeatu eta eskaerak egiten ditu, besteak beste. Haren hitzetan, eguneroko lana erabat aldatu da. Analisien emaitzak bolaluma eta papera erabiliz bildu behar zituzten hasieran, eta oraingo berrikuntza teknologikoekin aldaketa handia egon dela azaldu du.

COVID-19aren garaian zortea izan zutela uste du Nafarratek, antolatzeko denbora izan zutelako: «Izugarrizko dedikazioa izan zuten profesionalek, eta dena aurrera atera genuen. Gainera, jendearen jarrera oso ona izan zen, eta denak laguntzeko prest egon ziren» . Aseginolazaren arabera, ospitaleko lan egiteko modua beti oso kolaboratzailea izan da. Hirurak penaz erretiratuko dira, gustura egon baitira. Aurrera begira, etorriko diren langileei ospitalea baloratzea eta aurrera jarraitzea eskatzen diete.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other