agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

“Ikusmena dudan bitartean, marrazten jarraituko dut”

Txemi Carrete • Ospitaleko mantentze-lanetako langilea

Ofizioz arotza den arren, afizio-faltarik ez du Txemi Carretek (Pasai Antxo, 1965). Donostiako Unibertsitate Ospitaleko mantentze-lanetako langilea da Donostialdeko ESIan. Eguneroko lanean jasotzen dituen parteak irakurtzean dituen burutazioak islatu ditu bolalumarekin. Umorea erabiliz, hainbat irribarre marraztu ditu argitaratu berri duen ‘Te partes’ liburuarekin. Hitz-jokoak baliatu ditu marrazki horietarako, baita arotz batek soilik uler ditzakeen marrazki teknikoak ere, betiere barreak eragiteko marraztuak.

Nondik datorkizu marrazteko afizioa?
Betidaniko zerbait da, erraztasuna dut marrazteko, eta beti marraztu izan dut. Ez naiz oroitzen noiz hasi nintzen; bizitza osoan egin dut. Familia osoa ondo moldatzen da marrazten, eta nik ere jaso dut dohain hori.

Marrazkigintza-formaziorik jaso duzu, edo afizio hutsa da?
Berezkoa da, baina egin izan ditut teknikak ikasteko ikastaroak: olio-pintura, akuarela, ikatz-pintura, komikia… Denetik egin dut, zazpi urteko formazioa daukat. Amak bultzatu ninduen teknikak ikastera hainbat diziplinatako akademietan.

Zer testuingurutan gustatzen zaizu marraztea?
Edozein momentutan egiten dut; paper zuri bat edota egunkarietako marjinen bat ikusten badut, zirriborroren bat egiten dut. Eskolan nituen liburuen izkina guztiak marrazkiz beterik zeuden. Ez dago egunik ez dudana marrazten. Ia beti zirriborroak dira, eta gehienetan bolalumaz egiten ditut. Ez dut momentu berezirik; ideia bat bururatzen zaidanean, momentuan bertan marrazten dut.

Nola eta zergatik hasi zinen marrazten ospitaleko laneko kontuetatik abiatuta?
2008an sartu nintzenean, laneko parteak —alegia, zer lan egin behar diren adierazten duten jakinarazpenak— batzuetan xelebreak iruditzen zitzaizkidan. Bestalde, ni arotza naiz, eta mantentze-lanetan aritzen naiz; horregatik, beti ibili behar dut marrazten, beti ari garelako neurriak hartzen eta horiek islatzen. Marraztea gustatzen zaidanez, aitzakia bat da laneko parteetan marraztea; beti egin dudanez, zergatik utzi beharko nion egiteari oraingoan?

Noiz egin dituzu liburuko marrazkiak?
Normalean, hamaiketakoaren orduan egiten ditut. Zerbait suertatzen zaidanean, lehendabizi egin beharreko konponketa egiten dut. Egunaren amaieran, laneko partea bukaturik entregatzen da. Horregatik, hamaiketakoaren ordua aprobetxatzen dut marrazki horiek egiteko. Batzuk landuagoak dira eta denbora gehiago eskatzen didate, baina inoiz ez ditut 10 minutu baino gehiagoan egiten.

«IHES EGIN DIOT ERABAT MARRAZKI TRISTEAK EGITEARI, ETA POZA ETA UMOREA EZ BESTELAKO SENTSAZIOAK ERAGITEN DITUZTENEI»

Liburua argitaratzeko bultzada eman zizun Karmele lankideak.
Bai, Administrazioko lankidea da Karmele, eta 2011n hasi zen nire marrazkiak gordetzen. Azkenik, liburua argitaratzea erabaki nuenean, berak zituen gordeta marrazki gehienak. Nik duela 5 urtetik gorde ditut marrazkiak; Karmelek, ordea, gehiago zituen. Nire egungo bikotekideak ere animatu ninduen liburua argitaratzera. Esaten zidan marrazki asko nituela jendeari gustatuko zitzaizkionak. Josunek, Administrazioko beste lankide batek, egin zuen liburuko sarrera eta amaieraren euskarazko itzulpena. Horrela, liburua borobilago gelditu da. Asko lagundu didate denek.

Nolako harrera izan du liburuak?
Zintzoa izateko, uste nuena baino askoz hobea izan da. Ez nuen uste inori interesatuko zitzaionik liburua. Ez nuen inondik ere espero; nire ustez, liburuak ez du merezi eduki duen harrera, baina grazia egin dio jende askori. Beharbada, ez zuten espero arotz batek horrelako zerbait ateratzea. Jende asko ari zait eskatzen liburua.

Te partes titulua eta marrazkiak umoretsuak dira.
Titulua hitz-joko bat da: parteak dira abiapuntua, eta esamoldearekin jokoa egiten dut. Titulua oso erraz atera zait. Marrazkiak ere umoretsuak dira; izan ere, ospitaleak ez dira bereziki umorerako tokiak; amatasuna izan ezik, poztasun hutsa dena, gainerako guztia oinazezkoa da. Horregatik, ez nuen zerbait tristea marraztu nahi, zertarako? Ez dugu tristeago jarri behar. Aukera bakarra zen marrazki dibertigarriak egitea. Ihes egin diot erabat marrazki tristeak egiteari, eta poza eta umorea ez bestelako sentsazioak eragiten dituztenei.

Joera duzu umorezko marrazkiak egiteko edo lan gehiago egin behar izan duzu umorea islatzeko?
Ez dut uste oso umore handiko pertsona naizenik, ez bainaiz umoregilea. Umore beltza, umore zuria, umore xaloa-eta egiten ditut, baina egiten ditut ere marrazki aldarrikatzaileagoak, protesta-marrazkiak, sozialagoak… Hala ere, ez naiz marrazkilaria; arotza naiz. Hau hobby bat da. Ez dut lehenago beste ezer argitaratu, eta ez dut uste argitaratuko dudanik. Hobby bat liburu bihurtu dut. Hala ere, ikusmena dudan bitartean marrazten jarraituko dut egunero.

Badu kritikatik liburuak?
Ni ez naiz inor epaitzeko, ez naiz teknikoa, ez naiz sindikalista, mantentze-lanetan bakarrik aritzen naiz. Marrazkiren batek badu kritikatik, baina beti umore leunetik abiatuta. Hala ere, ez dut formaziorik, ez eta prestakuntzarik Osakidetza epaitzeko. Nik badakit zer hobetu dezakedan, baina soilik nire esparruan. Nire ustez, hobekuntzak ekarri behar dituzte horretan trebatuta daudenek. Kanpoko jendeak ikusten dituen gauza arruntak aipa ditzaket; itxarote-zerrenden kontua, esaterako, baina ni ez naiz inor gauzak hobeto nola egin behar diren esateko. Umore zuria da, xumea. Liburua gauza jakin batzuk irakurtzeko orduan etortzen zaizkidan burutazioetan oinarritzen da.

Nola barneratzen ari zara hau guztia?
Oso eskertuta nago liburuak izan duen harrerarekin; oso pozik lankideek eman didaten laguntzarekin, eta ia-ia beste liburu bat egitera animatzen nau horrek, beste edizio bat egitera, nire aisialdian marrazki serioagoak egiteko ere!

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other