agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

“Euskara lehen hizkuntza gisa erabiltzeak onurak ditu; eraginkorra izateko baliabideak ematen dizkigu”

Miren Mujika Garate • Erizaina

Miren Mujika Garate Osakidetzako erizainak Euskararen ARritmia izeneko lana argitaratu berri du, Zumarragako Ospitalean hizkuntzaren sozializazioa eta genero-sistemaren egituraketa aztertzeko helburuz. Besteak beste, nabarmendu du nahiz eta ikasleek euskarazko terminoak ikasi, lanean gaztelaniazkoak erabiltzeko joera dagoela, eta euskarari prestigio handiagoa eman behar zaiola.

Nolatan erabaki zenuen lan hau argitaratzea?
Mondragon Unibertsitateko Euskal kulturgintzaren transmisioa graduondoa egin nuen, eta proiektu bat egin beharra zegoen. Proiektu hori izan zen lan honen abiapuntua. Lan horretarako izan nuen tutoreak Eusko Jaurlaritzaren Berdintzen beketara aurkeztera animatu ninduen, eta laguntza horrekin proiektu hau egitera. Beka horiek euskara eta generoa dituzte hizpide, eta helburu dute eremu ezberdinetan ikerketak sustatzea. Beraz, emakumea, euskaltzalea eta osasun-langilea naizen aldetik, erabaki nuen ikerketa hori nire lanean egitea. Beka lortu, eta bi urte eman nituen proiektuan barneratuta.

Zein izan zen abiapuntua?
Harrera linguistikoa nola egiten zen ikusi nahi nuen, genero irizpideak txertatuta eta hizkuntza inklusiboaren irizpideak kontuan hartuta. Horrekin batera, euskarak osasun esparruan zein leku duen ere ezagutu nahi nuen. Ikerketa testuinguru konkretu batean dago kokaturik; beraz, esanguratsua zen, ezer baino lehen, azaleratzea datu soziolinguistikoak eta euskaldun kopuruak, ospitaleko pazienteen artean nahiz Goierri Urola-Garaiko ESIak arreta eskaintzen duen herrietan. Bestalde, aztertu nahi izan dut emakumearen gorputza zertarako eta zenbateraino hartu den kontuan osasungintzan. Ezagutu nahi nituen, batetik, paziente gisa gorputz femeninoak pairatutako genero-alborapena, eta, bestetik, emakumeak zer paper izan duen langile gisa. Izan ere, ikusten da osasungintza feminizatzen ari bada ere, hierarkia batzuk mantentzen direla, eta oraindik ere botere-harremanak daudela, prestigioari lotutakoak. Hori hala, ikerketa kualitatibo bat egin nuen: lau metodo erabili nituen, informazio iturri bakoitzerako helburu batzuk zehaztu ostean.

Zer lau metodo eta esparru?
Batetik, Erizaintzako lehen mailako ikasleekin focus group edo eztabaida talde batzuk egin nituen, haien praktikaldiaren hasieran eta amaieran. Jakin nahi nuena zen ikasi bitartean barneratutako hitz teknikoak eta terminoak erabiltzen ote zituzten ospitaleko testuinguruan murgiltzen zirenean, eta unibertsitatean ikasitakoa nahikoa ote zen horiei eusteko praktikaldian eta lanean.

Bestetik, elkarrizketa batzuk egin nizkien nolabait estereotipoa betetzen ez duten lau profesionali: gizonezko emagin bat, emakumezko zeladore bat, gizonezko erizain beterano bat eta emakumezko mediku gazte bat. Haien testigantzak bildu nituen, haien bizipenak ezagutzeko. Generoak zeharkatutako botere-harremanak landu nahi nituen gehienbat atal horretan.

«KONTZIENTZIAZIOA ZABALTZEAZ BATERA, EUSKARAREN ERABILERAREN ALDEKO PARADIGMA-ALDAKETA BAT BEHAR DUGU»

Hirugarrenik, behaketen bidez, pazienteei ematen zaizkien errutinazko mezuak aztertu nituen, hau da, harrera bat egitean pazienteari ematen zaizkion azalpenak, jasotzen duen informazioa. Oharra euskaraz ala gaztelaniaz emateak dituen aldaerak eta mezuan genero aldagaiak duen eragina jasotzea zen horren helburua.

Eta, azkenik, dokumentazioaren analisia egin nuen, hain zuzen, Osakidetzak sortzen duen dokumentazioa aztertzeko eta ikusteko hizkuntza inklusiboa erabiltzen ote den, eta zuzentasun aldetik hizkuntza egokia den ala ez.

Zein izan dira ondorio nagusiak?
Ikasleekin hitz egindakoa kontuan hartuta, ondorioztatu dut nahiz eta ikasketa-prozesua euskaraz egin, praktikaldira iristen direnean erabateko aldaketa dagoela gaztelaniarekiko. Onartzen dute ospitalean murgiltzean zaila egiten zaiela ikasitakoari eustea. Izan ere, lanean erabiltzen dituzten terminoetara moldatu behar dute hizkuntza, gehienbat gaizki-ulertuak saihesteko eta baita bertako diskurtso konpartitu baten kide sentitzeko ere. Ikasten dituzten hitz teknikoak haientzat berriak eta aldrebesak edo zailak izaten dira batzuetan, eta konturatzen dira lan munduan gaztelania dagoela zabalduta ospitaleko hizkuntza espezializatuan edo hizkuntza mediko teknikoan. Euskaraz ari direnean, gaztelaniara egin behar izaten dute salto askotan; horrek dakar gaztelaniazko maileguak erabiltzea. Jarrera hori normatibotzat hartzen badugu, sekula ez dugu lortuko euskarak prestigioa izatea lan munduan eta osasungintzan.

Testigantzen kasuan, elkarrizketatutako profesionalek ez zuten sentitu sexismoa pairatu zutenik lanbide hori izateagatik, baina, elkarrizketan aurrera egin ahala, ohartu ziren baietz, agian azalpen gehiago eman behar izan zituztela lanbide hori aukeratzerakoan, pazienteek gertutasun gehiago edo gutxiago sentitzen zutela profesionala sexu batekoa edo bestekoa izan… Bada sexismoa ere behin eta berriz azaldu behar izatea zergatik aukeratu duzun emagina izatea gizonezkoa zarenean, adibidez. Gainera, argi geratu zen oraindik ere hierarkia bat dagoela lan egituran, ez dela estruktura-aldaketarik izan.

Bestalde, lan gehiagoko edo ezohi­ko egoeretan gaztelaniarako joera sumatzen da. Argituko dut: errutinazko mezuak gaztelaniaz irakasten dizkigute normalean, eta ohitu gara pazienteari gaztelaniaz esatera esan beharrekoa; barneratuta daukagu eskema hori. Euskaldun bati berez badaukagu aukera azalpen horiek euskaraz emateko.

Dokumentazioaren analisitik ateratako ondorio nagusia da gaztelaniaz idaztean genero gramatikala aldatu egiten dela lanbidearen arabera, hau da, medikua esateko el médico erabiltzen da maskulinoan, eta erizaina esateko, aldiz, la enfermera, femeninoan. Hala, estereotipoa puzten ari gara. Euskarak genero gramatikalik ez duenez, aukera ematen du hizkuntza inklusiboagoa erabiltzeko.

Eta euskarak zer leku dauka prestigioaren kontu horretan?
Paradoxikoa da, baina nahiz eta euskaraz ez jakiteak bigarren mailako profesional bilakatzen zaituen berez, lanean euskarak ez du prestigiorik. Zaila da konturatzea osasun-zerbitzu ona emateko erabiltzailearen hizkuntza erabili behar dela. Euskara bigarren mailan kokatzen dugu prestigioari dagokionez, baina lehen hizkuntza gisa erabiltzeak onurak dakartza, eta komunikazio eraginkorra izateko baliabideak ematen dizkigu. Izan ere, kexak gutxitzen dira, eta elkarrizketa bat izatean gehiago asebetetzen dira bai medikua eta bai pazientea. Euskaraz aritze hutsak balio batzuk biltzen ditu barnean: maiz, pazienteak poztu egiten dira profesionalak euskaraz dakiela ikustean, eta batasun bat sortzen da, bien arteko elkarrizketan gertutasuna eta erosotasuna ahalbidetu dezakeena.

Zumarraga ingurua eremu euskalduna da, baina azterketa eremu ez hain euskaldun batean eginez gero bestelako ondorioak izango liratekeela uste duzu?
Ez dut uste profesionalek beste jarrera bat izango luketenik. Eskualde honetan paziente nahiko euskaldunak artatzen ditugu, 24 udalerritatik 14 UEMAn baitaude, baina horrek ez du kontzientzia pizten.

Zer falta da, beraz?
Argi eta garbi, kontzientziazioa. Ikusi dugu euskaraz aritzeak onura handiak dituela kalitateari begira, baina orain arte apenas begiratu diogu erabiltzen dugun euskara horren zuzentasunari, eta ikusi dugu, gainera, herrena dela, euskaraz aritzen garenean ere gaztelaniazko hitzak erabiltzen ditugulako. Beraz, kontzientziazioa zabaltzeaz batera, euskararen erabileraren aldeko paradigma aldaketa behar dugu.

Lan honek eraman nau mundu honetan lanean ari diren beste osasun-profesional batzuekin saretzera. Txikitik ari gara kontra egiten, ez baita erraza bide honetatik jotzea, zuretik asko eskatzen duen jarrera bat baita, baina eman dira aurrerapausoak orain arte, eta aurrera goaz.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other