agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Adimen urritasuna

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Sexologooi leku askotatik deitzen digute hitzaldiak edota ikastaroak emateko. Gehienen izenburua, Sexualitatea eta… gazteak, drogak, menopausia, GIBa, adimen urritasuna. Horrelakoetan, gogora etortzen zaigun lehen gauza hau izaten da: badakigu denon sexualitatea zertan datzan, eta falta zaigun informazioa talde berezi batzuen gainekoa da. Horretarako, adituak.

Baina aspaldian konturatu ginen, batetik, sexualitateaz uste dugun baino gutxiago dakigula, gehienetan daukagun informazioa nahiko nahasia dela eta informazio gehiena gure esperientzietan baino ez dagoela oinarrituta; are gehiago, erraz proiektatzen dugula geure burua besteen esperientziak epaitu edo estimatzeko. Bestetik, desberdintasunari buruz dauzkagun aurreiritzi ezkorrek eta iritzi partzialek berez kutsa dezaketela «berezitasunari» buruzko edozein informazio.

Esan genezake gaur egun profesionalongana jotzeko dagoen joera eta sexualitateari lotuta dauden hainbat gairi buruzko informazioa, aholkularitza, heziketa eta ikerkuntza-grinak inoiz baino gehiago mugitzen dituela ere gurea ikertzeko, jakiteko, azaltzeko…

Gaur, adimen urritasuna duten lagunak ekarriko ditugu, emakume eta gizon horien berezitasun batzuk, haien bizipenak hobeto ulertzeko.

Adimen urritasunak hauxe adierazten du: pertsonek ikasteko daukaten gaitasunik eza. Ikasten dute, baina, gutxiago edo motelago, urritasunaren arabera.

Askotan pentsatu ohi dugu adimen urritasuna duten emakumeen eta gizonen sexualitatea kontrolezina dela, oso bizia dela, arriskuz beterik dagoela…

Hasteko, esan beharra dago jaio aurretiko sexuazio prozesuan adimen urritasuna dutenen eta ez dutenen artean ez dela zertan desberdintasunik izan. Bestelako arazorik ez bada, denon prozesua antzekoa da, bakoitzaren ñabardurak gorabehera.

Sexualitatearen bizipenetan nahiko antzean gabiltza. Denok igarotzen ditugu etapak: haurtzaroa, pubertaroa, nerabezaroa, gaztaroa… Gure gorputzak berdin funtzionatzen du. Gure emozioak—beldurra, lotsa, tristezia, erakarpena, desioa, kitzikapena—denon baitan daude. Baina, beharbada, erotikaren alorrean bestelako arazoekin egiten dugu topo.

Gure maitatzeko, erakartzeko, seduzitzeko, erotizatzeko… erak ikasi egiten ditugu. Norberak bere gorputza ikertuz, beste batzuk ikusten eta imitatzen —Internet, liburuak, filmak, errealitatea…—, beste batzuekin jolasean, esperientziak trukatuz, eskolan, etxean…

«SEXUALITATEAREN BIZIPENETAN, DENOK IGAROTZEN DITUGU ETAPAK»

Adimen urritasuna dutenek, euren ikasteko gaitasunik eza albo batera utzita, berezitasun bat dute: ia eduki erotiko edo sexual guztiak debekatuak dituzte. Ontzat hartu dugu ez dutela inolako sexualitaterik, erotikarik… Oso zaila da etxean, tailerretan edo eskoletan sexuari, sexualitateari eta erotikari lotutako gaiak aipatzea, azaltzea, jorratzea… Beraz, euren erotika kanporatzeko gaitasunik eza oso nabarmena da, gehienetan traketsa; ez da batere hezitzailea. Haien sexualitatea ukatuz, emakume eta gizon horiek «babestu nahian», ohikoa izan da edozein keinu erotiko ezabatzea. Bai bere gorputzarekin jolastea eta gozatzea, bai beste mutil edo neskekiko erakarpena adieraztea.

Jokaera horiek ez dute batere lagundu gizarteratze prozesuan. Ezta pertsona moduan hazteko prozesuan ere. Kontrakoa, euren erotika, nahi eta nahi ez, ahal duten moduan garatuko dute; bizitza aurrera doa, barrenak berea egingo du. Baina, ikasketa prozesuan hain gutxi irakatsi diegu, eta hain gutxi utzi diegu diren moduan azaltzen, ez da harritzekoa izango arazoak agertzea. Alde batetik, ez dakitelako nola kudeatu euren maitasuna, lotsa, desioa, eszitazioa, erakarpena, amorrua… Eta, beste alde batetik, ez dutelako inolako informaziorik gaixotasunak saihesteko, haurdun ez geratzeko…

Tamalez, sexologoak, agertzekotan, horrelako kasu korapilatsuetan agertzen gara: euren jokaerak delituzko ekintza bihurtu direnean, abusatuak izan direnean, haurdun geratu direnean edo iskanbilak sortu direnean.

Oraindik, lana daukagu egiteko denon artean. Baina, behintzat onar dezagun denok garela sexudunak, sexualak, erotikoak… ez soilik paperetan, teorian, curriculum proiektuetan, egoitza bateko estatutuetan, eskubide unibertsaletan… Gusturago ikusiko ditugulako bi gazte goxo musukatzen kalean, parke batean bere zakilari eutsi ezinik dagoen gazte bat baino.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other