agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

“Pixkanaka ohitu egin gara euskaraz aritzera, eta jada gure errutinaren parte da”

Itziar Echevarria Matia eta Miren Crespo Gonzalez

Biko Eusle metodologiaren bidez, lanean beren hizkuntza-ohiturak aldatzea lortu dute Osakidetzako Miren Crespo erizainak eta Itziar Echevarria pediatrak: euskaraz aritzen dira elkarrekin orain. Azaldu dute uste baino errazagoa egin zaiela proiektuan parte hartzea. Oso pozik daude eskaini zaien aukerarekin eta lortutako emaitzarekin.

Nola izan zenuten Biko Eusleren dinamikaren berri? Nolatan erabaki zenuten parte hartzea?
Itziar: Osakidetzaren barruan IVAPeko formakuntzak antolatzen dituenari deitu nion, galdetzeko ea zer egin nezakeen euskara hobetzeko, eta Eusleren proiektuari buruz hitz egin zidan. Hala, Arabako ESIko Euskara Zerbitzuarekin jarri ginen harremanetan, informazioa jasotzeko eta dena martxan jartzeko.
Miren: Itziarren bidez ezagutu nuen Eusle proiektua. Euskara maila hobetu nahi zuenez, horren berri eman zioten, eta, metodologia azaltzean, biok animatu ginen parte hartzera.

«DINAMIKA SINPLEA IZATEAK ERRAZTU EGITEN DU HELBURUA BETETZEA»
Itziar Echevarria

Bi edo hiru lagunen artean egiten da metodologia hori, eta, zuen kasuan, biok izan zarete partaideak. Zertan datza zehazki?
Miren: Dinamika nola izango zen azaldu zigutenean, esan ziguten lau asteko proiektu bat zela, eta aste bakoitzean gutako batek Eusle edo nolabait dinamikaren arduraduna izan behar zuela. Eusle rola duen pertsonak euskaraz egin behar du beti, eta besteak lagundu egin behar dio. Dena den, lau aste horiek hasi aurretik ere hasi ginen gure hizkuntza ohiturak aldatzen pixkanaka…
Itziar: Metodologiaren berri izan genuenetik, hasi baino bi aste lehenago edo, gure artean euskaraz hitz egiten hasi ginen jada. Aurretik, gaztelaniaz egiten genuen beti gure artean. Proiektu polita iruditu zitzaigun, eta bion artean euskaraz egiten hasteko aukera on bat. Gainera, kontsultan bertan euskara sustatzeko aukera bat ere bazen; izan ere, familiek gu euskaraz entzuten gaituztenean, haiek ere euskaraz egitera animatzen dira.
Miren: Beharbada ez dakite zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera dutela, zerbitzua zein hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratu dezaketela. Azkenean, euskaraz entzuten gaituztenean, zuzenean euskaraz egiten digute, eta horretarako ere lagundu du metodologia honek.

Uste duzue pazienteek eskertzen dutela zerbitzua gaztelaniaz nahiz euskaraz jasotzeko aukera izatea?
Itziar: Bai. Azken finean, batzuk erosoago sentitzen dira euskaraz, gaztelaniaz baino.
Miren: Gu, gainera, pediatrian aritzen garenez, ia guraso gehienak gazteak dira, eta badakite euskaraz. Orduan, normalean, umeei euskaraz egiteko ohitura daukate, hemengoak izanda. Atzerritarren kasuan, zailtasun gehiago izaten dituzte, baina gero eta euskaldun gehiago etortzen dira kontsultara.
Itziar: Nahiz eta atzerritarrak izan, esaten dizute haurrak eskolan euskaraz egiten duenez nahiago dutela zuk haurrari euskaraz egitea. Izan ere, haien ama-hizkuntza ez da gaztelania, eta hobeto dakite euskaraz gaztelaniaz baino.

Lanetik kanpo gaztelaniaz egiten duzue ingurukoekin?
Miren: Gehienetan, bai. Batzuekin euskaraz aritzeko ohitura dut, baina gutxitan egiten dugu.
Itziar: Lagunekin gaztelaniaz egiten dut beti. Familiako batzuekin —lehengusinarekin, adibidez—, euskaraz egiten dut batzuetan, baina familia hurbilenarekin beti gaztelaniaz.
Eta kostatu egin zitzaizuen lau aste horietan zuen artean beti euskaraz egitea?
Itziar: Metodologiarekin hasi aurreko bi aste horietan oso arraroa egiten zitzaigun euskaraz egitea. Orain tarteka baliteke nahi gabe gaztelaniaz hastea esaldiren bat, baina konturatu bezain pronto euskarara jotzen dugu berriro.
Miren: Lehentxeago euskaraz hitz egiten hasi ginenez, dinamikak iraun zuen lau asteetan ez zitzaigun hainbeste kostatu, baina hasieran bai. Batez ere, asteburutik bueltan lanean hasten garenean kostatzen zaigu ohitura hori hartzea berriro, baina pixkanaka ohitu egin gara. Errutina modura hartu dugu euskaraz egitea.

«FAMILIEK EUSKARAZ ENTZUTEN GAITUZTENEAN, EUSKARAZ EGITEN DIGUTE ZUZENEAN; HORRETAN ERE LAGUNDU DU PROIEKTUAK»
Miren Crespo

Dinamika amaituta, nolako balorazioa egiten duzue oro har esperientziaz eta metodologiaz?
Itziar: Oso balorazio ona egiten dugu. Azken finean, nahiko dinamika sinplea da, eta, hain sinplea denez, horrek erraztu egiten du helburua betetzea.
Miren: Hasiera batean, proiektua gomendatu zigutenean, pentsatzen genuen zailtasun gehiago izango genituela, baina hain erraza izateak asko laguntzen du.

Uste baino errazago, beraz.
Miren: Biak egoera berdinean geunden, soslai berdina genuen euskarari dagokionez, eta hala erraztasun gehiago izan ditugu proiektua aurrera eramateko.
Itziar: Bai. Bi pertsona bakarrik izateak ere lagundu duela uste dut. Gainera, ahoz euskaraz aritzeaz gain, euskaraz idazten ere hasi gara. Sakelako telefonoan, adibidez, Whatsapp bidez euskarazko mezuak bidaltzeko ohitura hartu dugu orain.
Olarizuko osasun-zentroan egiten duzue lan. Lankideek ere euskaraz egiten dute? Haiek ere hartu dute parte Euslen?
Miren: Uste dut bakarrak izan garela orain arte. Hala ere, beste lankide batzuekin ere euskaraz egiten dugu beti, baina beste zenbaitekin, aldiz, gaztelaniaz , ez dakitelako euskaraz edo ez daukatelako hainbesteko konfiantza euskaraz aritzeko.

Zuen kasuan, lanetik kanpo ere hizkuntza-ohiturak aldatzeko balio izan dizue?
Itziar: Ni, adibidez, ahizparekin euskaraz egiten saiatzen naiz orain.
Miren: Lehen ere euskaraz hitz egiten nuen jendearekin euskaraz egiten dut orain. Gertatzen dena da taldean baten batek ez baldin badaki euskaraz, gaztelaniara jotzen dugula berehala, bera moldatu beharrean. Zaila da halako ohiturak aldatzea.

Gomendatuko zenieke beste lankide batzuei Biko Eusle proiektua?
Itziar: Bai. Asko laguntzen du. Inportantea da partaideak langile finkoak izatea, hau da, beti elkarrekin lan egitea. Jende desberdinarekin lan egiten baduzu, zailtasun gehiago dituzu ohitura horrekin jarraitzeko.

 

Zer da EUSLE/ BIKO EUSLE?

Asko dira euskaraz jakin bai baina lanean euskaraz egitera ohitzeko bultzadatxo bat behar duten langileak. Asmo horrekin jarri ziren martxan 2017an profesionalen hizkuntza-ohituretan eragiteko lehenbiziko esperientzia pilotuak (Eusle, Biko Eusle eta Ulerrizketa metodologiak), Soziolinguistika Klusterraren laguntzaz.
Honela funtzionatzen dute: talde naturalak aukeratzen dira, hau da, zerbitzu batean elkarrekin lan egin eta eguneroko harremana duten lankideek osatutakoak. Talde txikietan egiten denean, bi-hiru lagun, Biko Eusle izena hartzen du; hiru lankide baino gehiago direnean, Eusle.
Talde bakoitzak Eusleak izendatzen ditu, hauen egitekoa taldekide guztiekin epe jakin batean (hilabete bat edo bi) euskaraz egitea da. Beraiek dute rol aktiboa. Gainerako kideek Euslea babestu beharko dute, berari euskaraz eginez edo, gutxienez, haren jarduna errespetatuz.
Metodologiaren helburua da euskararen erabilera handitzea, betiere kontuan izanda parte-hartzea borondatezkoa dela.
Azken finean, modu neurtuan egindako Euskaraldiaren antzeko ekimena da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other