agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Prebentzioan inbertitu behar da”

Anaiansi Hernandez • San Eloy Ospitaleko Endoskopia Digestiboko Unitateko burua

Osakidetzako Barakaldo-Sestaoko ESIan, San Eloy Ospitaleko Endoskopia Digestiboko Unitateak bikaintasun ziurtagiria lortu du, Qualiscopia programaren barruan. Osakidetzan arlo horretan bikaintasuna lortu duen lehenengo unitatea izan da. Anaiansi Hernandez saileko buruak nabarmendu du lantalde osoaren ahaleginari eta motibazioari esker lortu dutela aitortza, «lan transbertsala» egin dutelako.

Lehenengoak Osakidetzan errekonozimendu hau jasotzen; nola hartu zenuten albistea?
Poztasun handiarekin. Edonorentzat da atsegina kanpotik errekonozimendua jasotzea; azken finean, egiten duzun lanari balioa emateko modu bat da. Dena den, aitorpena jaso aurretik ere, bagenekien artatzen genituen pazienteak pozik zeudela jasotzen zuten zerbitzuarekin, hala adierazten baitziguten gogobetetasun-inkestetan eta kontsultan.

Ni ospitale honetan lanean hasi aurretik, beste zentro batzuetan aritu nintzen, eta haietan guztietan ikusitakoak eta ikasitakoak ospitale honetan txertatzeak izugarri asetzen nau, inertzietan ez erortzeko eta etengabe hobetzeko bidea eman baitigu horrek. Eskualdeko ospitale bat gara, ospitale umil bat esan dezagun, eta egongo dira hemen egin ezin ditugun hainbat gauza, baina egiten duguna, kasu honetan miaketa probak, ahalik eta baldintzarik onenetan egiten saiatuko gara.

«BESTE TOKI BATZUETAN IKASITAKOAK INERTZIETAN EZ ERORTZEKO ETA ETENGABE HOBETZEKO BIDEA EMATEN DIGU»

Ziurtagiria bultzada bat izango da horretarako, ezta?
Uste dut oso motibagarria dela. Gure lantaldea oso gaztea da, eta, ez garenez ospitale unibertsitario bat, langileak aurretik ez dira izan hemen barruko mediku egoiliarrak. Hori oso positiboa da, alde guztietako profesionalak etortzen baitira hona: Madrildik, Asturiastik, Granadatik… Ospitale askotako jakintzak jasotzen ditugu hala. Ziurtagiria jasotzeko oinarrizko baldintza asko betetzen genituela ikusteak aurrera egitera animatu gintuen, eta, hain zuzen, oinarri oso ona genuelako erabaki genuen ziurtagiria lortzen saiatzea; dagoeneko gure lana ondo egiten genuenez, are hobeto egitea zen helburua.

Zerk desberdintzen zaituztete gainerako zentroetatik?
Pazientearen ikuspuntutik, garrantzitsua iruditzen zait hark laguntzen diogula sentitzea. Osasunari lotutako edozein prozesutan denok sentitzen dugu beldurra. Kolonoskopia funtsezko tresna da koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketa-programan positibo eman duen paziente batentzat. Baina beldurra diote probari, mina sentitzeari, minbizia izateari. Beraz, guk egindako hobekuntzetako bat izan da proba egin aurretik telefono-zenbaki bat ematea pazienteari, edozein zalantza izanez gero, guri deitzeko; erizain batek erantzuten die zuzenean, eta, beharrezkoa bada, endoskopia egingo dion medikuak; nik dakidala, hori ez da beste inon egiten. Horrek lasaitasuna ematen die.

Ondoren, prozedura egin eta gero, informazioa ematen diegu; ez bakarrik proba egitean ikusi dugunaren inguruan, baizik eta hortik aurrera eman beharreko pausoei buruzko gida bat. Proban emaitza negatiboa baldin bada, esaten diegu ez dela beharrezkoa jarraipena egitea, baina, positiboa bada, kolonoskopiako emaitzaren arabera zirkuitu bat edo beste jartzen dugu martxan. Horrez gainera, gogobetetasun-inkesta bat ematen diegu, eta erantzunen arabera jakiten dugu zertan hobetu behar dugun. Oro har jendeak oso balorazio ona egiten du: % 99k positibotzat jotzen dute unitatean jasotako arreta, % 93k gogobetetze-maila orokorra 8 eta 10 arteko puntuazioarekin balioesten dute 1-10 eskalan, eta % 97k miaketa baldintza berberetan errepikatuko lukete.

«GURE PAZIENTEEN % 99K POSITIBOTZAT JOTZEN DUTE UNITATEAN JASOTAKO ARRETA»

Koloneko eta ondesteko minbiziaren kasuan, nolako datuak dituzue?
Gaur egun, kolon eta ondesteko minbizia da ugariena Mendebaldean, eta bigarrena hilkortasunean. Kolonoskopiak, diagnostikoa ez ezik, prozesu terapeutikoa ere ahalbidetzen digu. Horrek eragina du kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzian eta hilkortasunean. Minbizi goiztiarrean % 90ekoa da biziraupena, eta aurreratuetan, berriz, % 50-60koa. Baheketaren bidez, helburua da intzidentzia eta hilkortasuna gutxitzea, eta biak murriztu dira baheketa martxan jarri zenetik. Gure ESIan, baheketa-programa hasi zenetik (2011-2022 aldia), kasuen % 4,6an koloneko minbizia atzeman dugu; horietatik, % 70 I-II fasean, eta % 30 estadio aurreratuetan. % 40, berriz, lesio aurreratuak izan dira. Guk tratatzen dugun lesioa polipo adenomatosoa deritzona da.

Koloneko eta ondesteko minbiziaren kasuan, badakizunez zer lesiok eragiten duen, aurrea har diezaiokezu minbiziari. Lesioak kolonoskopiaren bidez atzematen direnez, ezinbestekoa da prestaketa optimoa izatea, lesio guztiak detektatzeko, eta, ondoren, ahalik eta ondoen tratatzeko eta konplikaziorik ez sortzeko. Edozein proba inbaditzailek konplikazioak izan ditzake, baina argi dago pertsona osasuntsu bati egiten diozunean neurri horiek optimizatu egin behar dituzula. Horregatik, garrantzi handia ematen diogu balorazio bat egiteari, saihestu daitekeen edozein arrisku minimizatzeko.

«OINARRI OSO ONA GENUELAKO ERABAKI GENUEN ZIURTAGIRIA LORTZEN SAIATZEA»

Nolako jendea artatzen duzue?
Gaur egun, koloneko eta ondesteko minbiziaren baheketa 50 eta 69 urte bitartekoentzat egiten da, eta parte-hartze tasa % 70ekoa da hemen, Espainiako Estatuko batez bestekotik gora. Dena den, lanean ari gara tarte hori 74 urtera arte luzatzeko. Izan ere, koloneko eta ondesteko minbizia edadetuek pairatzen dute gehienbat, 65-69 urteen artekoek batik bat. Baina gazteen artean ere ugaritu dira kasuak azken urteotan. Proba egiten duten gehienak emakumezkoak dira; badirudi gizonezkoek beldur gehixeago izaten dutela. Hala ere, gizonek minbizia edo lesio aurreratuak izateko arrisku handiagoa dute.

Askok beldurra sentitzen dutela aipatu duzu. Zer egin daiteke beldur hori galtzen laguntzeko edo konfiantza emateko?
Beldurra eta informazio-falta. Informazioa zabaltzeko kanpainak oso egokiak dira, baina, horretaz gain, garrantzitsua da jendea gustura geratzea egin duen probarekin, ondoren ahoz aho zabaltzen baitira iritzi horiek. Jendeak beldurra dio gaixotzeari, eta kolonoskopiak berme asko ematen ditu, eta hori da gaur egun eman dezakegun abantailarik handiena. Prebentzioan inbertitu behar da.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other