agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Funtzionatzen duten transplante-programa onak ditugu eta kontzientzia sozial handia dago
Joseba Aranzabal

EAEko transplanteen koordinatzailea
Azken urteotan 13 puntuko igoera izan dute organo-transplanteek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Organo-emaileen tasarik handienetakoa dugu munduan (70,3 organo-emaile milioi bat biztanleko 2017an). Joseba Aranzabal Perez (Ibarrangelu, Bizkaia, 1956) arlo horretako koordinatzailea da. Bere lantaldea arduratzen da, hain zuzen, organo-emaile eta transplanteen operatibo guztiaz, eta beraien funtzio nagusietako batzuk dira organo eta ehunak dauzkaten talde profesionalekin kolaboratzea eta prozesuaren kalitatea bermatzea. Aranzabalek dioenez, transplantearen prozesua arrakastatsua izateko ezinbestekoa da arriskurik ez egotea, gaixotasunik ez transmititzea eta batez ere pazienteari onurak ekartzea. Besteak beste, asistoliari lotutako emate-programak indartzearekin erlazionatu du datuen gorakada.

Transplanteen Erakunde Nazionalak 2022. urterako jarritako helburua –50 organo-emate milioi bat biztanleko– aise gainditu zen 2017an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 70 organo emateraino heldu zen. Zer dago datu positibo horien atzean?
Euskal osasungintza oso ondo egituratuta dago. Esperientzia eta konpromiso handiko profesionalak ditugu, ardura handiz lan egiten dutenak. Eta esperientzia eta konpromiso horri eskerrak ditugu hain transplante-kopuru handiak. Munduko beste herrialdeekin alderatuta, kalitate handia dugu. Horrez gain, hildakoen familien baiezko erantzunen tasa %90ekoa da, eta hori urte luzeetan ondo egindako lanaren emaitza da. Fntzionatzen duten eta irudi ona duten programak daude eta kontzientzia sozial landua dago. Horren ondorioz, osasungintzarekin zerikusirik ez duten erakundeen kolaborazioa ere handia da.

Familien %10ek uko egiten diote hildako pertsonaren organoak emateari. Zeintzuk dira horren arrazoiak?
Badira arrazoi batzuk. Alde batetik, hil osteko dolua oraindik hasi gabe dago. Dolua sumindurarekin batera hasi ohi da, eta lehen momentu horietan, aurrez hitz egin gabe eta laguntzarik eskaini gabe, familiari organoen eskaera egiteak kontrako erreakzioa ekar dezake. Gainera, pertsona guztiek ez dute berdin erreakzionatzen norbait hiltzen zaienean. Beste alde batetik, horrelako prozesuetan baimenak lortzeko denbora mugatua denez, berehalako erantzuna behar dugu, eta horrek ez du laguntzen. Arrazoi erlijiosoak ere badira, baina gero eta gutxiago, erlijio bakar batek ere ez duelako tazituki organoak ematea ukatzen. Hilotza desitxuratzeko beldurra ere izaten dute zenbaitek, baina hori pentsatzen dutenak oker dabiltza, organoak erauztean interbentzio kirurgiko arautuak egiten dira eta. Azkenik, mendeku nahia ere aipatu behar da, sistemari euren senidea salbatzeko ahal zen guztia ez egitea leporatzen diotenena hain zuzen.

Norbait hiltzen denean, organo-emailea ote den begiratzen duzue? Organo-emaileen datu-baserik ba al dago?
Ez. Hildako pertsonak bere bizitzako momenturen batean organoak emateari uko egin dion egiaztatu beharra dago; hala dakar legeak. Familiarekin hitz egiten dugunean, informazio hori bilatzen dugu, eta, posible den neurrian, eguneratuena hobesten dugu.

«HILDAKOEN FAMILIEN
BAIEZKO ERANTZUNA
%90EKOA DA EAE-N»

Edonor izan daiteke organo-emaile?
Bai, adin mugarik ez dago. Mugak beste hauek dira: prozesu infekzioso edo minbizidunik ez izatea, organoek ondo funtzionatzea, eta emailea ospitale barruan, zainketa intentsiboen unitatean, hil izana.

Zein arrisku hartzen ditu bizirik dagoen organo-emaile batek?
Emaileari une oro bermatzen zaizkio protokolizaturiko irizpideak, arriskurik izan ez dezan. Zero arriskua ez da existitzen, baina dagoen arriskua oso txikia da. Emaileari ebaluazio sakonak egiteaz gain (psikologikoak barne), epaile batek ikuskatu egiten du prozesua, presioak edo beste pertsona batzuek eragiterik saihesteko. Are gehiago, transplantea ospitaleko etika batzordeak onartu behar du.

Azken urteetan bizirik dauden organo-emaileak ugaritu egin dira. Zer dela eta?
Duela zenbait urte hildakoak ziren organo-emaile gehienak. Zirkulazio-istripuetako heriotza-tasa jaitsi ahala, ordea, bai hildako emaileen kopurua bai guztizko transplante-kopurua jaitsi egin dira. Horregatik hasi ginen bizirik dauden pertsonen giltzurrunen transplanteak egiten.

Gero eta ohikoagoa da organo-emaileak urte asko dituzten pertsonak izatea. Zer aldatu da?
Organo-emateak gutxitu zirenean, bete beharreko baldintzak ere leundu ziren, eta emaitzak gero eta emaile zaharragoekin optimizatzen saiatu ziren. Horrek, baina, beste baldintza batzuk ezartzea ekarri du: emaileak sakonago eta hobeto ebaluatzea eta miaketa osagarriak egitea.

«ZIRKULAZIO-ISTRIPUAK GUTXITZEAREKIN BATERA ORGANO-EMATEAK ERE
GUTXITU DIRA»

Nola joango da organo-emaileen bilakaera hurrengo urteetan? Hobetzeko tarterik ba al dago?
Egoera egonkortzea nahikoa izango da, hau da, milioi bat biztanleko 50 emaile izatea. Hobetzeko tartea ez da oso handia; aitzitik, arruntagoa da okerrera egitea, gero eta zirkulazio-istripu gutxiago dagoelako eta bizi-itxaropena handiagoa delako.

Zenbat denbora irauten du transplante-prozesu batek?
Emailea detektatzen den momentutik organoak jarri arte gutxienez 14-15 ordu eta gehienez 24-36 ordu pasa daitezke. Aldez aurretik organoak eskuratu eta haien ebaluazio sakona egiten da. Iskemia hotzeko denbora ere kontuan hartu behar da. Horrek guztiak prozesua azkar eta era koordinatuan egitera behartzen du.

Nola daude itxaron-zerrendak gaur egun?
Azken urteetan egonkortu egin dira, eta hori gertatzea oso zaila da; munduan oso herrialde gutxitan daude zerrendak egonkorturik. Hala ere, pazienteen %7a itxaron-zerrendetan hiltzen da. Horregatik jarraitu behar dugu lanean. Itxaron-zerrendan jendea dagoen bitartean ezin gara gure lanarekin guztiz kontent egon.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other