Duela berrogei urte, drogak kontsumitzen zituzten pazienteak tratatzeko zentro publiko bat ireki zuen Osakidetzak Larrabetzun: Manuene komunitate terapeutikoa. 2013. urtean komunitate terapeutikoa zena eguneko ospitale bihurtu zen, eta gaur egun, 40 pertsona inguru artatzen dituzte. Sei hilabete ematen dute bertan.
1980ko hamarkada hasierako testuinguru sozialean, heroinaren eta GIBaren epidemiak gizartean kezka nagusi ziren, eta arazo horri erantzuteko hainbat dispositibo antolatu zituzten. 1983. urtean, adibidez, Eusko Jaurlaritzak Manuene komunitate terapeutikoa abiatu zuen Larrabetzun (Bizkaia). Bertan kontsumoa eteten laguntzea eta bizimoduak aldatzea zuten xede. Gaur egun, berrogeigarren urteurrena ospatu berritan, mendekotasunen arretarako sare baten parte da Manuene, eta haren helburua mendekotasunen tratamendu intentsiborako baliabide izatea.
Joseba Mikel Palacios Goñi psikologo klinikoak hasieratik dihardu Manuenen, eta, azpimarratu duenez, komunitatearen hastapeneko urteetan, 24 ohe ere izan zituzten, baina, urte hauetan, egokitzapenak eta aldaketak izan dira funtzionamenduan, eta 2013. urtean eguneko ospitale bihurtu zen.
Mendekotasunak dituzten pazienteek, normalean, buru-osasuneko zentroetan egin ohi dute tratamendua, baina, kasu batzuetan, dituzten beharrak edo sendatze-etapak direla eta, abstinentzia edo kontsumoak murriztea kostatzen zaielako edo zainketa intentsiboagoak behar dituztelako, Manuenera jotzen dute. Larrabetzuko ospitalearen kasuan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 19:30era aritzen dira erizaintzako profesionalak, psikologo klinikoak, gizarte hezitzaileak, eta psikiatrak; laguntza ematen dute kontsumitzeari uzteko eta substantzia edo mendekotasun-jokabideak aldatzeko; pazienteei gertatzen zaiena hobeto ulertarazten diete, eta bizimodua aldatzeko helburua jartzen diete, besteak beste. Sei hilabeteko egonaldiak izaten dira.
Palaciosek uste du zentroa Manuene baserrian egoteak aukera ematen diela pazienteei haien ingurutik apur bat urruntzeko, «baina oso urrun egon gabe», eta horrela, kontsumitu izan duten lekuei buruzko oroitzapenetatik aldentzen dira.
«DIZIPLINA ANITZEKO TALDE BATEK LAGUNTZEN DIE UNE ORO MANUENERA JOATEA ERABAKITZEN DUTENEI»
Rodrigo Oraa psikiatra eta Adikzio Zerbitzuko buruak azaldu du garaiak eta gizarteko premiak aldatu egiten direla mendekotasunaren arloan, eta ondorioz, haien paziente-soslaia ere asko aldatu dela urte hauetan. «Metadona tratamendu agonista erabiltzen hasi ginen, baina azken urteetan, alkohola, kokaina, estimulatzaileak, kalamua, eta jokoarekiko mendekotasunak artatzen ditugu batik bat» . Soslaiak soslai, haiek beti egokitu egiten dute plana pertsona bakoitzaren beharretara; Oraaren hitzetan, «irizpide zurrunik gabe». Haien zeregina da helburuak lortzera datozenei prozesua erraztea. Substantziarik kontsumitu nahi ez dutenei helburu hori lortzen lagundu nahi diete, eta kontsumitzeko gogoa, tristura edo errua datozkienerako trebatu eta dituzten trauma batzuk tratatu.
Gaur egun, 30 pertsona joaten dira egunero Manuenera, eta beste hamar pazientek aukera dute egonaldia amaitutakoan joaten jarraitzeko, baina astean egun gutxiagoz. Adinari dagokionez, batez beste 40 urte inguruan egon izan dira beti, eta, patologiei erreparatuz, alkoholismoagatik joaten diren pertsonak helduagoak dira, estimulatzaileengatik edo kalamuagatik joaten direnak baino. Era berean, psikiatrak azpimarratu du gero eta gehiago etortzen zaizkiela jokorako patologiengatik eta nahasmendu mentalengatik.«Soslai klasikoa 42 eta 44 urte bitarteko gizona da. Baina, gaur egun, tarte oso zabala dugu; esaterako, jende oso gaztea hasi da etortzen: oraintxe bertan, 20 eta 24 urte bitarteko hiruzpalau mutil ditugu». Generoari erreparatuz, berriz, emakume baino gizon gehiago dituzte. «Gero eta arreta handiagoa jartzen diogu genero-ikuspegiari; nahiz eta Manuene eta antzeko zentroen historian batik bat gizonek izan dituzten legez kanpoko substantziekiko mendekotasunak.», aitortu du Oraak.
Diziplina anitzeko talde batek laguntzen die une oro Manuenera joatea erabakitzen dutenei, eta zenbait baliabide eskaintzen dizkiete, hala nola gogoeta egiteko terapia-taldeak, psikiatrarekin kontsultak, zalantzetarako telefonoa, baratzeko eta lorezaintzako tailerrak, altzariak zaharberritzeko eta sukaldeko tailerrak, eta kirol-jardueretan beste zentro batzuekin egindako txapelketak. «Gaur egun, Manuenen dauden batzuek galduta dituzte autoestimu-ohiturak, aisialdi-ohiturak eta lanerako kudeaketa gaitasuna. Hori dela eta, Manuenek arreta jartzen du xehetasunetan; kontuz lan eginda, autoestimua suspertzea eta garatzea du helburu, norbere burua zaintzea eta beste aisialdi osasungarri baterako prestatzea. Kontsumoa eteten dutenean, beste gauza batzuk egin behar dira, eta tailerretan besteekiko harremanak, denboraren nozioa, autoestimua eta zainketa lantzen dira.
«Manuene etxea da, espazio atsegina eta adeitsua», deskribatu du Oraak, eta azpimarratu du eguneko 24 orduetan egon ez arren, dedikazio eta ahalegin pertsonal esanguratsua dela norbere bizitzako sei hilabete eman ahal izatea intoxikazio, abstinentzia edo substantziarik gabeko egoera mental bat lortzeko. Pertsona batzuek errekuperatzea lortzen dute, gauzak aldatzea, aisialdi-ohiturak, konpainiak… Askok familia-hausturak, zorrak eta arazo fisikoak izan ohi dituzte adikzioen ondorioz. Horregatik, Manuenek eskaintzen duen zerbitzua, alderdi mental, fisiko eta soziala berreskuratu eta hurrengo urratsetan pentsatzeko aukera bat bezala ikusten du psikiatrak.