agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Lurraren, tradizioaren eta pasioaren uzta

Iratxe Sanchez Aguirrebalzategui • Osakidetzako gizarte-langilea

Iratxe Sanchez Aguirrebalzategui Lezako Ospitaleko gizarte-langilea ardogintzan aritzen da lanetik harago. Amalur upategiaren egunerokoan dihardu bere familiarekin batera, Lantziegon, eta gertutik ezagutzen du Arabako Errioxak edari horrekin duen lotura.

Bizitzaren bidexkak mahastietaraino eraman zuen Iratxe Sanchez Aguirrebalzategui. Gasteizen jaioa izanagatik, lan-kontuek Arabako Errioxara eraman zuten orain dela hogei urte, eta Lantziegon bizi da orduz geroztik, hangoa baitu senarra. Hala, bikotearen betiko ogibideak lotu zuen Sanchez bera ere, eta ardogintzan erabat murgilduta dago. Lantegi horretan egiten ditu Lezako Ospitaleko lanak amaitu ondorengo ordu gehienak —Osakidetzako gizarte-langilea da—.

Gaur egun, Sanchezek eta haren familiak osatzen dute Amalur upategiaren proiektua. Pixkanaka egin zuen jauzi erabat ezezaguna zuen ardogintzaren mundura: «Etxean zituzten belaunaldiz belaunaldi eskualdatutako mahastiak eta upategi txikia».

Rioja jatorri deituraren barruan dago Amalur upategia. Sanchezen esanetan, «txikia da» beste ekoizle batzuekin alderatuta. Haien mahastiek hogei hektarea lur baino gehiago biltzen dituzte, eta ekoizpen propioa dute: «Ardoa egin eta botilaratu egiten dugu. Heredad de Don Tomas Blanco Crespo da gure marka, Mario nire senarraren aitaren tradizioarekin bat eginda».

«OSO POLITA DA, HAUR BAT ZURE ERARA HEZTEA BEZALAKOXEA. INAUSTERAKOAN, ESATERAKO, NOLA EGIN BEHAR DEN ESATEN DUTE. BIZI EGITEN DUTE, ETA NIRE ETXEAN ERE HALA DA»

Batez beste 120.000 litro ekoizten dituzte urtean, zenbait mahats mota erabilita. Ardo gaztea da bat, eta ardo ondua bestea. Une honetan, 120 haritz-upel dituzte ekoitziak ardo onduarekin. Sanchezek azaldu duenez, ekoizpena asko espezializatu da, eta azpi-eremu bakoitzeko produktuen ugaritzea areagotzea eragin du horrek. Hala, «Errioxako ardoa egiten dugu batetik, eta gure ingurukoa bestetik. Hau da, Arabako Errioxako mahastien deiturapekoa; gaur egun, jatorri izendapenaren babespean egiten da hori. Etxalde jakin batzuetakoa izan behar du nahitaez, eta hori kontrolatu egiten da, eta botilako etiketan adierazi».

Nolanahi ere, ekoitzitako litro kopuruaren % 60 saldu egiten dute: «Upategi handiek erosten digute, gero haiek komertzializatzeko. Ez dugu erosle finkorik, urtearen araberakoa izaten da. Gainontzekoa geuk egiten dugu; mahastiak zaintzetik, ardoa egiteraino eta botilaratzeraino, guztia eskuz. Hori ere salmentara bideratzen dugu, Espainia mailan. Gaur egun, nazioarteko esportazioek hazkunde handiagoa dute, baina ez dugu horretarako azpiegiturarik».

Hasi eta buka, ardoa egiteko prozesu guztia osatzen dute Amalur upategian.

«Artisau lana»
Oro har, eskulana da mota horretako upategien oinarri. Sanchezek azaldu duenez, «artisau-lana» egiten dute mahatsondoz mahatsondo: «Hala egiten da Arabako Errioxako % 80an. Ez dago upategi-ekoizle handirik Errioxa Garaiarekin alderatuta, eta eskuz aritzen gara asko. Ardogileak berak egiten du gehiena, zenbait garaitan kanpoko langileak ekartzen badira ere, lan jakin batzuetarako».

Abenduan hasten dute ardoa egiteko prozesua, inaustea eginez. Gero, mahastiak zaintzen dituzte ondoko hilabeteetan, mahatsondoak banan-banan landuz: «Iruditzen zait, ardo-kopa bat hartzean edo botila bat erostean ez dela benetan baloratzen horrek atzetik duen lana. Inbertsio ekonomiko handiak egin behar dira, baina baita arlo pertsonalean ere. Denbora asko behar da».

«MAHATSAREN KULTURAK ETXEEN % 80AN DU ERAGINA. BIZITZEKO MODUA ETA ERRITMOA, TRADIZIOAK… GUZTIA ARDOGINTZAREN INGURUAN ANTOLATZEN DA. BIZITZAKO ERRITMOA MAHATS BILTZEAREN ARABERAKOA DA; HORI DA GARRANTZITSUENA, ETA FAMILIEN NAHIZ GIZARTEAREN BIZIMODUA BALDINTZATZEN DU»

Dena den, Sanchezek argi du: merezi du ekoizpen-prozesua osorik lantzea: «Oso polita da, haur bat zure erara heztea bezalakoxea. Inausterakoan, esaterako, nola egin behar den esaten dute. Bizi egiten dute, eta nire etxean ere hala da. Mahastien lanketa hori oso polita da, baita prozesu osoarena ere. Ardo ona egin arte nola zaintzen den ikustea: eguneroko analisiak, fermentazioen irakite tenperaturak kontrolatzea… Mimo handiz egiten da ardoa».

Arabako Errioxa, ardoari emana
Sanchez Lantziegarra da, eta, herria ez ezik, eskualde osoa ere ardogintzari emana bizi da. Hala adierazi du Lezako Ospitaleko gizarte-langileak. Haren arabera, «erabateko lotura du. Etxeen % 80an du eragina. Bizitzeko modua eta erritmoa, tradizioak… Guztia ardogintzaren inguruan antolatzen da. Bizitzako erritmoa mahats-biltzearen araberakoa da; hori da garrantzitsuena, eta familien nahiz gizartearen bizimodua baldintzatzen du. Tabernetara joatea, sendagilearenerako bisitak… Denean eragiten du mahatsaren kulturak».

«ERRIOXAKO ARDOA EGITEN DUGU BATETIK, ETA GURE INGURUKOA BESTETIK. HAU DA, ARABAKO ERRIOXAKO MAHASTIEN DEITURAPEKOA; GAUR EGUN, JATORRI-IZENDAPENAREN BABESPEAN EGITEN DA HORI»

Sanchezek horretara egokitu behar izan zuen orain hogei urte. Izan ere, ardogintzaren mundua ez zuen ezaguna hasieran, eta orain erabat murgiltzera egin du jauzi; hala, haren egunerokoaren zati garrantzitsu bilakatu da. Horren adibide da Amalur upategiaren jardunean duen esku-hartzea. Mahasti-zaintzaren egunerokotasunean ez, gainontzeko alderdi guztietan aritzen da: «Ekoizpenean laguntzen dut, botilaratzean, erosketak egitean, fakturazioan, eta komertzializazioan ere bai… Azken batean, lan gehigarri bat da, baina gustura egiten dudan zerbait».

Nekazaritza-ingurunearen zati handi batek nola, ardogintzaren sektoreak ere ernegazio-garaiak ditu, baina Sanchezek argi du: «Lan zoragarria da, eta atsegin handiz egiten dugu». Hein handi batean, lurraren, pasioaren eta tradizioaren uzta biltzen dute Amalur upategian.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other