agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Osakidetzako I. Berdintasunaren aldeko Foro Parte-hartzailea

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Osakidetzako Parte-hartzeko eta Berdintasuneko Zerbitzuak I. Berdintasunaren aldeko Foro Parte-hartzailea antolatu zuen martxoaren 14an, Gasteizen. ‘Osakidetzan, berdintasuna aurrera’ lelopean, hainbat erakundetako langileek berdintasunarekin lotutako proiektuen berri eman zuten, eta iritziak trukatzeko aukera ere izan zuten.

Gaur egun garrantzitsua da Martxoaren 8a berdintasunaren aldeko borrokan, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen baita, eta Osakidetzaren barruan ere ahalegin handia egin dute aurten kolore morearen indarra bazter guztietara irits zedin. Hain zuzen ere, Emakundek sustatutako Zuetaz harro kanpainarekin bat egin du Osakidetzako Parte-hartzeko eta Berdintasuneko Zerbitzuak: nabarmendu nahi izan dute emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume batzuk egon direla, eta, erreferente horiei guztiei ikusgaitasuna emateko, dinamika parte-hartzailea antolatu zuten, Parte -Hartzeko eta Berdintasuneko Zerbitzuak sustatuta eta Berdintasun Erreferenteekin eta komunikazio-arloekin lankidetzan. «Nortzuk izan dira zure erreferenteak?» galdera ardatz hartuta, taula bat jarri zen ESI bakoitzaren atarian, baita Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusian eta Osasun Sailean ere, eta profesional, langile eta osasun-zentroetara joan ziren herritarrek bertan idatzi zituzten beren emakume -erreferenteei buruzko hausnarketak, argazkien, ebakinen eta papertxoen bidez. Denetariko izenak eta erreferenteak bildu zituzten taula horietan, norberaren amatik nahiz amonatik hasi eta emakume ospetsuen izenak jartzeraino. Gogoeta sustatzeko balio izan zuen ekintza horrek, eta, noski, berdintasuna lortzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko.

Txaro Goikoetxea, Gotzone Miranda, Lali Garcia eta Estela Sanz.

Alabaina, hori ez zen izan M-8aren bueltan antolatutako egitasmo bakarra: I. Berdintasunaren aldeko Foro Parte-hartzailea egin zuten Gasteizen, martxoaren 14an. Osakidetzan, berdintasuna aurrera izan zen jardunaldi horien leloa, eta berdintasunarekin lotuta Osakidetzaren barruan egiten diren egitasmoak partekatzea izan da helburu nagusia, esperientzien berri ematea eta lantaldeak elkartzea modu horretan sarea indartzeko. Ekitaldiari hasiera emateko, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun-sailburuak hartu zuen hitza, eta, ondoren, azken urteotan Osakidetzak berdintasunaren arloan emandako pauso esanguratsuak nabarmendu zituzten: lehenik eta behin, Josune Retegi Zuzendaritza Nagusiko Garapeneko eta Prestakuntzako zuzendariordeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Osakidetzaren I. Plana 2021-2024 ekarri zuen hizpidera, eta plan horren jarraipenaren berri eman zuen; horrez gainera, Osakidetzan sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloaren bertsio berria, bigarrena, aurkeztu zuen.

«BERDINTASUNAREN ALDEKO FORO PARTE-HARTZAILEAK OSAKIDETZAKO ERAKUNDE GUZTIETAN BERDINTASUNAREN ARLOAN EGITEN DIREN ESPERIENTZIAK EZAGUTARAZTEN ETA PARTEKATZEN LAGUNTZEN DU»
Gotzone Miranda

Retegiren ostean, Gotzone Miranda Zuzendaritza Nagusiko Berdintasuneko eta Parte-hartzeko zerbitzuburuaren txanda izan zen. Mirandak Berdintasunerako plana kudeatzeko eta zabaltzeko ereduaren inguruko azalpenak eman zituen. Izan ere, Berdintasunerako planean hiru dimentsio, hogei ardatz eta ehun ekintza jaso zituzten, eta 2021 eta 2024 urteen artean eraman behar dira aurrera. Horretarako, baina, funtsezkoa da kudeaketa-eredu bat ezartzea plana hedatzeko, Mirandak berak azaldu duenez: «Orain arte, ez zegoen horretarako figurarik ezta gobernantza -organorik ere. Lehendik ere bazeuden berdintasun korporatiboko unitatea eta berdintasun-batzordea, baina berdintasun-erreferenteak identifikatu genituen, hau da, erakunde bakoitzean esparru hori bultzatzeko funtzioa beteko zuten pertsonak. Hala, gaur egun berdintasunerako 25 erreferente daude. Baina, era berean, batzorde-organoak eduki behar ziren, plana erakunde bakoitzean hedatuko bazen, eta, horretarako, berdintasun-batzordeak sortu ziren zerbitzu-erakunde bakoitzean». Mirandak nabarmendu du halako egitura bat izan ezean ezingo litzatekeela Berdintasunerako plana behar bezala hedatu eta gauzatu, eta horiei guztiei esker ari direla aurrerapausoak ematen.

Esperientziak partekatzen
Hala eta guztiz ere, berdintasunaren aldeko foroaren xede nagusia izan zen berdintasunaren alde Osakidetzaren barruan abiatu eta aurrera eramaten ari diren proiektuak aurkeztea eta erakundeetako langileen artean sarea osatzea, batzuek besteengandik ikasteko eta norbere erakundean ezartzeko interesgarriak izan daitezkeen proiektuak ezagutzeko. Bederatzi egitasmo aurkeztu zituzten denera, eta esperientzia horiek guztiek bat egiten dute Berdintasunerako planeko dimentsioren, ardatzen edo ekintzaren batekin. Lehenengo mahaian, Arrate Iturralde Lehen Mailako Arreta Koordinatzeko Zuzendariordetzako prebentzio, sustapen eta abordatze komunitarioko arloko erizaina aritu zen moderatzaile-lanetan, eta, bigarrenean, berriz, Maite Paino Ospitaleen Koordinaziorako Zuzendariordetzako zerbitzuburua, genero-indarkerian erreferentea. Izan ere, Mirandak adierazi duenez, bereziki asistentzia-arloko moderatzaileek parte hartzea bilatu zuten, berdintasunaren zeharkakotasuna eta osasunari aurre egiteko duen garrantzia nabarmentzeko.

ESIetan jarritako tauletako bat.

Zerbitzu-erakunde hauek hartu zuten parte foroan: Barrualde-Galdakaoko ESIa, Tolosaldeko ESIa, Arabako ESIa, Donostialdeko ESIa, Barakaldo-Sestaoko ESIa, Bilbo-Basurtoko ESIa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea eta Bidasoako ESIa, eta gauzatu diren esperientziek honako hauekin dute zerikusia: berdintasunaren aldeko sentsibilizazioaren garrantzia; hizkuntza inklusiboa erabiltzearen inportantzia; emakume ikertzaileak haurren erreferente gisa ikusaraztea; emakumeen osasunaren arloko ikerketa bultzatzea; eskola-umeen eta gazteen sexu-hezkuntza; STIen (Sexu-transmisiozko Infekzioa) detekzio goiztiarra; generoa osasunaren determinatzaile gisa; genero-ikuspegia osasun mentalaren eremuan; eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako borroka. Bakoitza bere talaiatik, bere esperientzia propiotik, gainerakoentzako interesgarria eta baliagarria izan zitekeen edukia erakutsi zuten profesionalek jardunaldian, eta iritziak trukatzeko aukera ere izan zuten.

Parte-hartzeko eta Berdintasuneko Zerbitzuko Gotzone Miranda zerbitzuburua, Txaro Goikoetxea administraria, eta Lali Garcia eta Estela Sanz berdintasun-teknikariak oso pozik daude foroak izandako harrerarekin eta profesionalen parte-hartzearekin, iruditzen baitzaie balio izan duela berdintasunaren alde ari direnen harremanak sendotzeko eta ohartarazteko helburu beraren alde ari direla lanean. Espero dute hau beste hainbat fororen abiapuntua baino ez izatea eta hurrengo deialdietan ere berdintasunaren inguruko interesa dutenek halakoetan parte hartzeko gogoa erakustea. Dena den, uste dute foroa baliagarria izan dela ere zuzendaritza-taldeei erakusteko zer-nolako arazoei egiten zaien aurre Osakidetzan, eta zenbat lan egiten den esparru horretan. «Foroa lagungarria da berdintasunaren alde egiten den lan guztiari ikusgaitasuna emateko».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other