Inspira Steam Deustuko Unibertsitateak garatutako egitasmoa da; proiektuaren helburu nagusia da ikasleak, neskak bereziki, zientziara eta teknologiara hurbiltzea, eta arlo horietako ikasketak egitera animatzea, erreferenteen berri emanez. Zientzia eta teknologia arloko hainbat profesionalek tailerrak ematen dituzte eskoletan, eta horietako bi Osakidetzan lanean ari diren Ana Gonzalez Navajas eta Miriam Alzaga Gangoiti dira.
Eta zuk, zertan egin nahi duzu lan handitzen zarenean?» Ikasle guztiei egin ohi zaie galdera hori eskola garaian. Batzuek irakasle, mediku, abokatu, hegazkin-gidari… izan nahiko luketela erantzungo zuten ziur aski. Orain beste lanbide batzuk ere aipatu ohi dituzte, ordea: youtuber, influencer, diseinatzaile… Hala ere, bai lehen eta bai orain, badira gutxiagotan aipatzen diren lan arloak: zientziak eta teknologiak toki gutxi hartu ohi dute gaztetxoen ametsetan. Are gehiago, nesken artean apenas entzuten den horiekiko zaletasunik edo grinarik. Datuek ere berresten dute errealitate hori: Espainian ikasleen % 54 doaz unibertsitatera, eta horietatik % 26k baino ez dituzte aukeratzen arlo teknikoarekin lotutako graduak. Nesken eta mutilen artean, gainera, badago arrakala, eta mutilak izaten dira nagusi arlo horietako eskoletan. Egoera horretaz jabetuta eta kezkatuta, Inspira Steam proiektua jaio zen 2017an, Deustuko Unibertsitatearen eskutik. Proiektu aitzindaria da, eta haren helburua da gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea, nesken artean batez ere. Horretarako, ikerketa, zientzia eta teknologiaren munduko profesionalek sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzak egiten dituzte eskoletan, Lehen Hezkuntzako 6. mailan, hain zuzen ere. Sei lan-saio egiten dituzte denera, sei astetan normalean, eta hainbat alor lantzen dituzte: Steam (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) proiektua bera, estereotipoak, lanbideak, emakumezko erreferenteak eta beste.
Ana Gonzalez Navajas eta Miriam Alzaga Gangoiti Osakidetzako langileak dira, Inspira Steamen barruan ikastetxeetan dinamikak aurrera eramaten dituztenetako bi. Gonzalez kimikaria da ikasketaz, eta gaur egun Osakidetzako Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan dihardu. Alzagak, berriz, ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen, eta ingeniari tekniko gisa aritzen da lanean Osakidetzan. Aitortu dutenez, hasieran kostatu zitzaien pausoa ematea eta egitasmoaren eskutik ikastetxeetan hitzaldiak eta tailerrak ematen eta bideratzen hastea, baina orain oso harro eta pozik daude egindako lanaz, eta argi dute beharrezkoa dela zientziaren eta teknologiaren inguruko kontzientzia zabaltzen jarraitzea.
Gonzalezek adierazi du kezka handia sorrarazi izan diola azken urteotan egoerak, hau da, gazte gutxik (neskek bereziki) ematen zutela teknologia arloko ikasketak egiteko izena.
EMAITZA HOBEAK LORTZEN DIRA NESKAK MUTILIK GABE EGITEN DITUZTENEAN ARIKETAK, ASKEAGO SENTITZEN BAITIRA.
Haren lagun batzuek egitasmoaren aurreproiektuan parte hartu zuten, eta haien ahotik aditu zuen esperientzia itzela zela. Hala, programan izena eman zuenean pandemia ailegatu zen, eta ez zela horretan buru-belarri hasteko garaia erabaki zuen. Aurten, ordea, ordua iritsi dela iruditu zaio, eta urratsa egin du azkenean. Gainera, aipatu du bi alaba dituela, eta sentitu izan duela arlo honetan, eta batez ere nerabezaroan, ama bezala haientzat eredu izatea zaila dela; dena den, ekinbide honen bidez, gazteen pentsamendua zabaltzen dela nabarmendu du, eta beren interesa eta jakin-mina bideratzen laguntzen dutela.
Alzagari, berriz, herriko eskolatik iritsi zitzaion Inspira Steam proiektuan parte hartzeko proposamena. Bakion bizi da, eta gurasoei eskutitz bat bidali zieten esanez boluntarioak behar zituztela eskolan bertan proiektua garatzeko. Aitortu du berak lehenagotik ere pentsatu izan zuela izena ematea eta boluntario gisa aritzea, baina ordura arte ez zen ausartu, eta denbora asko ere ez zuen. Gainera, eskolakoek gertuko erreferenteak lehenesten zituzten, herri ingurukoak izango ziren profesionalak, ikasleentzako benetako eredu bihurtu zitezen.
Gonzalez Sestaotik eta Alzaga Bakiotik, halaxe murgildu ziren biak abentura horretan, eta formakuntzan parte hartzen hasi ziren arte ez zuten jakin bi lankideak proiektu berean zeudela. Izan ere, tailerrak eta dinamikak egiten hasi aurretik, sei ordu inguruko formakuntza izaten dute boluntarioek, erabiliko dituzten gidak eta baliabideak erakusteko, dinamika bakoitza nola bideratu azaltzeko, zer gai landu…; formakuntza horietako batean zeudela konturatu ziren lankidea ere bertan zegoela. Bide desberdinetatik, beraz, baina helmuga berdinera iritsi ziren Osakidetzako bi langile horiek.
Neskak eta mutilak, bereizita
Mentore gehienak emakumeak dira, baina badira gizonak ere. Lehenengo saioan, ikasle guztiak gela berean egoten dira, baina bigarren saiotik bosgarrenera, berriz, neskek mentore batekin egiten dituzte ariketak, eta mutilek, beste batekin. Horrek badu arrazoi bat: proiektuaren sustatzaileak ohartu ziren emaitza hobeak lortzen zirela neskak mutilik gabe egiten zituztenean ariketak, askeago sentitzen baitira, hitz egiteko beldur gutxiagorekin eta segurtasun handiagoarekin. Horregatik, bereizketa hori egiten saiatzen dira ikasle-multzo gehienekin, baina batzuetan arazoak izaten dituzte denera ikasle gutxi dituztelako edota mentore nahikorik ez izateagatik talde guztiekin dinamikak bideratzeko. Alzagaren kasuan, esate baterako, neska- mutilak nahasturik ematen ditu tailerrak Bakion, bi neska bakarrik daudelako gelan.
SEI ORDUKO FORMAKUNTZA IZATEN DUTE BOLUNTARIOEK, ERABILIKO DITUZTEN GIDAK ETA BALIABIDEAK ERAKUSTEKO.
Programan parte hartzeak zer ematen dien galdetuta, biei nabaritzen zaie pozik eta harro daudela orain arte egin dutenaz, baita gogotsu ere etorriko zaienari begira. «Polita da. Niri gertatzen zaidana da orain arte ez naizela erreferente sentitu, baina datuak ikustean ohartzen zara baietz, bazarela, eta horrexegatik eman nuen izena programan. Eskola horretako ama ingeniari bakarra naiz, eta ez daude gehiago» , azaldu du Alzagak. Gonzalez ez ezik, bere alabak ere harro sentitu dira amak emandako pausoaz: «Orain, helduagoak direnez, harro daude ni mentore izateaz. Lehen, gazteagoak zirenean, ez zidaten kasu handirik egiten, baina orain bai, eta inguruko guztiei kontatzen diete amak zer egiten duen» .
Osakidetzako bi langile horiek ekarpen handia egiten diete tailerretan parte hartzen duten gazteei, baina programaren bidez beraiek ere izugarri ikasi dutela uste dute. Besteak beste, ohartu dira uste baino emakume teknikari eta zientzialari gehiagok egin dituztela aurkikuntza ugari historian hainbat arlotan, baina orain arte ez zuten haien berririk izan. Proiektuak aurrera jarrai dezan, profesionalen parte hartzea ezinbestekoa da. Boluntariotzan aritzeko, inspirasteam.net webgunean dago beharrezko informazio guztia, eta nahi duten eskolek ere bertatik egin dezakete eskaera profesionalak beren zentrora joan daitezen.