agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Gure istorio propioa kontatu nahi izan dugu azken diskoan”

Ane Negueruela • Familia-medikua

Nøgen musika taldeko abeslaria da Ane Negueruela lazkaotarra. Abestiei ahotsa jartzeaz gain, mediku dihardu Mendaroko Ospitalean. Onartu du ez dela erraza bi lanak uztartzea, baina, era berean, gozatzen ari da taldearen azken diskoa egiten ari den bidearekin; Åben Cirkel izena du.

Askok abeslaria zarelako ezagutuko zaituzte, baina medikua ere bazara.
Medikuntza ikasi nuen, eta gero familia medikuntzako espezialitatea egin nuen; maiatzean bukatu nuen. Hilabete batera, Mendaroko Ospitaleko etxeko ospitalizazio zerbitzuan hasi nintzen lanean, eta horretan ari naiz oraindik ere. Zerbitzu berezia da, asko gustatzen zait: ospitalean lan egin beharrean, nahiz eta zerbitzua bera ospitalean egon, pazienteen etxera joaten gara, eta hantxe bertan artatzen ditugu. Paziente askotarikoak dira: batzuek antibiotikoa zainetik hartu behar dute, infekzio bat daukatelako; beste batzuk aringarriak dira, onkologikoak, heriotzatik gertu daudenak…

Gogorra da horrelako kasuak artatzea?
Ohitu egiten zara, baina egia da emozionalki ahalegindu egin behar duzula pazienteekin goxoa izaten, enpatikoa. Medikuntzaren arloan, aukera asko daude: urgentzietan eta azkartasunez aritzea gustatzen zaionak bere zerbitzua dauka, laborategian gustura dabilenak ere bai… Niri harreman goxo hori gustatzen zait, gertutasun hori.

«EUSKAL HERRITIK KANPO EUSKARAZ ABESTUTA ERE PUBLIKOARENGANA IRITS DAITEKEELA IKUSTEKO MODUA DA»

Lanean ez zaudenean, musikan aritzen zara, Nøgen taldean abesten. Taldea sortu zutenetako bat izan zinen, baina etenaldia egin zenuen. Zergatik erabaki zenuen taldea uztea eta gero bueltatzea?
2016an ezagutu nituen Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa) eta Alex Irazusta (gitarra), orduan hasi ginen taldea sortzen. Gero, Olatz Cuevas (baxua) ezagutu genuen, eta, ondoren, Jokin Guilisagasti (batera) batu zen taldera. Ni medikuntza ikasten ari nintzen jada. Gradua bukatu nuenean, Oviedora joan behar izan nuen, BAME barruko mediku egoiliar azterketa prestatzeko, hango akademia batera. Fisikoki ezinezkoa zen denarekin jarraitzea, eta taldea uztea erabaki nuen. Berez, ez neukan taldera bueltatzeko asmorik, ez bainekien non arituko nintzen gero egoiliar bezala. Orduan, Eider Saez abeslaria hasi zen nire partez, eta hiruzpalau urtez aritu zen, taldea uztea erabaki zuen arte. Ni oraindik egoiliar gisa nenbilen, azken urtean, eta taldekoek adostu zuten niri eskaintzea haren tokia. Kostatu zitzaidan erabakitzea, baina, azkenean, bueltatu egin nintzen. Eta ondo nabil, gustura, disfrutatu egiten dut, nahiz eta egia den batzuetan ez dela erraza lanarekin uztartzea eta denbora librea izatea.

Ekoizle batzuen laguntza izan duzue azken diskoan. Horrek kutsu berezia eman dio?
Aurreko disko guztiak geuk ekoitziak-edo izan dira, soinu aldetik nahiko antzekoak, eta azken honetan, funtsean Nøgen izaten jarraitzen duen arren, nabaritzen da abesti bakoitza mimo handiz eginda dagoela. Ekoizleek abesti bakoitza «berezi egiten» laguntzen dizute, elkarlanean betiere. Hala, disko desberdina lortu dugu, berezia, pieza askotarikoz osatutako bilduma. Asko ikasi dugu, heldutasun pixka bat lortu dugu, ikasketa egon da, eta poz-pozik gaude izan duen erantzunarekin. Harrera oso ona izan da.

Aben Cirkel izena du diskoak; aurrekoek bezala, danierazko izenburua dauka. Zer esan nahi du?
Zirkulu irekia edo ixten ez den zirkulua esan nahi du. Zera adierazten du: momentu jakin batean, leku batek gauza bat esan nahi du zuretzat, baina, denbora pasatzean, leku horretara bueltatzen zarenean, toki hori ez da berdina zuretzat. Kontzeptu horren bueltan egin ditugu abestiak, eta gure istorio propioa kontatu nahi izan dugu. 2016an eta 2017an gertatutako gauza asko ekarri ditugu 2023an sortutako disko horretara. Istorio txikiz osaturiko kontakizuna kaleratu dugu eta, nire ustez, bete egin gaituen proiektua izan da. Azkenean, zuk zure istorioa kontatzen duzu, eta jendeak berea egiten du. Eta hori oso polita da.

«EKOIZLEEI ESKER, DISKO DESBERDINA LORTU DUGU, BEREZIA, PIEZA ASKOTARIKOZ OSATUTAKO BILDUMA»

Maleta kantuak, esate baterako, galdu zen maleta baten gertaera kontatzen du. Anekdota bat da?
Esango nuke Maleta disko honetako abestirik ganberroena dela. Alexek Japonian utzitako maleta batez hitz egiten du, baina, horren harira, baita hartu beharreko erabaki bati buruz ere: deliberatu behar duzu zauden leku horretan gelditu eta galdu duzun horren zain egon, edo hor utzi eta aurrera segi, zure bidean aurrerapausoa eman eta atzean utzi galdu duzun hori.

Zazpi kantu dira denera. Zein da zure kutunena?
Zaila da bakarra aukeratzea, denek ematen didatelako zerbait, baina bat esan beharko banu, Abendua esango nuke; sentimendu asko ditu, eta maiz identifikatuta sentitzen gara abesti horrek esaten duenarekin. Horrez gain, 17 kantua aipatuko nuke; sarrera eta ahotsa da, baina istorio oso polita dauka antzean. Izan ere, 2017an melodia txiki bat sortu nuen, eta, taldekideei erakutsi nienean, gorde egingo genuela esan zidaten, aurrerago zerbaitetarako erabiltzeko. Disko berri honekin, gogora ekarri genuen, eta horregatik da berezia.

Euskal talde asko beren ibilbidea bukatzen edota eteten ari diren garai korapilatsuan atera duzue azken disko hau. Sasoi zaila da euskarazko kulturgintzarentzat?
Euskal Herri mailan, berez, musika kulturala oso indartsua da, eta egia da azken diskoak bat egin duela talde dezentek beren ibilbide musikala bukatuko duten garaiarekin. Pandemiak gogor jo du mundu honetan; izan ere, musikak dakarrena da jendearekin harremana izatea, eta pandemiak hori kendu zigun. Etapa hori agian inflexio-puntua izan da erabaki bat hartzeko, hau da, zerbait desberdinarekin jarraitu edo etenaldiaren ondoren bueltatu. Entzule bezala, pena ematen du talde batek jotzeari uzteak, baina pentsatzen dut horietako askok proiektu berriak izango dituztela buruan, beraientzat aberasgarria izango den zerbait egin nahiko dutela, eta horren esperoan geratuko gara. Ea zerbait polita iristen zaigun besteoi.

Entzuleek non gozatu ahal izango dute Nøgen taldeaz heldu diren hilabeteetan?
Otsailean estatu-mailako bira hasiko dugu, Euskal Herritik kanpo. Besteak beste, Logroñora eta Torrelavegara joango gara. Udan agian Euskal Herrira itzuliko gara.

Euskal Herritik kanpo jotzeak hankak lurrean edukitzen laguntzen du?
Kanpoan jotzen dugunean jende gutxiago etortzen da kontzertuetara. Euskaraz abesteak hori dauka: entzuleak ez dizu ulertzen, eta ez da hain erraza beraiengana iristea. Baina kontziente izan behar dugu horretara goazela. Kontzertura etortzen den jendearekin esperientzia polita daukagu, berotasun handia sortzen da, eta guri gustatu egiten zaigu kontzertua emateko modu familiar hori. Akustikoa, jendea gertu sentitzea… Gainera, euskaraz abestuta ere publikoarengana irits daitekeela ikusteko modua da. Guretzat ere esperientzia ederra izango da toki pila bat ezagutzeko. Beraz, horretarako ere aprobetxatuko dugu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other