Pornografia ikusteak gazteen heziketa sexualean dituen ondorioez hitz egin zuten ‘Pornografiaren alabak’ izeneko jardunaldietan azaroaren 25ean, Barakaldon. Berrehun lagunetik gora elkartu ziren topaketetan, eta hainbat adituk hartu zuten hitza. Barakaldo-Sestaoko ESIko emaginek inguruko eskoletan emandako hitzaldiez eta izandako esperientziaz ere aritu ziren.
Pornografia askotan izaten da seme-alaben heziketa sexualaren parte. Ez da oraingo kontua: aurreko belaunaldi askok ere segur aski pornografia kontsumituz ikusiko eta ikasiko zituzten sexuarekin lotutako zenbait kontu, eta gaur egungo gazteen artean ere ohikoa da pornografia kontsumitzea, ikerketa ugarik ohartarazi dutenez. Horrek guztiak arrisku argia dakar: gazteek pentsatzea sexuak lotura duela desberdintasunarekin eta indarkeriarekin. Honela azaldu du errealitate hori Monica Alario ikertzaile eta filosofoak bere liburuan, Política sexual de la pornografía (Pornografiaren politika sexuala): «Maskulinitatearen eraikuntza horrek gizatasuna kentzen du, eta emakumeenganako enpatiarik gabe garatzea eragiten […], baita emakumeen nahia eta adostasuna alde batera utzi ere, eta adostasun-falta horrek kitzikatu egiten ditu».
Gai hori hizpidera ekarrita, Pornografiaren alabak izeneko jardunaldiak egin zituzten Barakaldon. Topaketa hori egiteko data ez zuten ausaz aukeratu: azaroaren 25ean antolatu zuten, hain zuzen ere, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Izan ere, antolatzaileen helburua zen beste indarkeria-mota bat aurkeztea, beste errealitate bat ikusaraztea: pornografiaren inguruan sortzen den sexu-indarkeria, alegia. Karmele Iglesia, Artemiss Torres, Sara Celorrio, Vanesa Martin eta Ane Alcoceba aritu dira antolakuntza-lanetan, eta oso pozik daude jardunaldiak izan duen harreragatik, berrehun pertsonatik gora elkartu baitziren Clara Campoamor gizarte-etxean.
Goiz osoko egitaraua ondu zuten antolatzaileek, eta gaia ikuspegi anitzetatik jorratu zuten. Lucia Nieto soziologoak, EHUko ikertzaile eta Emagin fundazioko sortzaileetako batek, eman zien hasiera jardunaldiei. Gaztaroan pornografia kontsumitzeaz aritu zen hizketan, baita gazteen hezkuntza sexualaz ere. Ondoren, Veronica Pontek, Getxoko Epaitegiko magistratuak, lege-esparruaren arloan kokatu zien gaia entzuleei, trafiko sexuala hizpidetzat harturik. Gero, Izaskun Zarrandikoetxea gizarte-langilea praktika egokien erotizazioaz aritu zen.
Heziketa sexualaz eskoletan
Barakaldo-Sestaoko ESIko langileek hainbat urte daramatzate heziketa sexuala lantzen. Izan ere, batzorde afektibo-sexuala sortu zuten zenbait profesionalek. 2019. urtean, ESI horretako emaginek sexu-heziketaren inguruko hitzaldi batzuk arrakasta handiz gidatu zituzten zenbait eskola. Horregatik, 2020. urtean ere, prozesua errepikatzeko asmoa zuten, baina, pandemiaren eraginez, dena bertan behera utzi behar izan zuten. Hala ere, horrek ez zituen geldiarazi, 2022an berriro ekin baitzioten kanpainari; hitzaldiak eman dituzte Sestaoko ikastetxe batzuetan, eta 2023-2024ko ikasturtea ere antolatu dute dagoeneko. Barakaldoko ikastetxeetara ere joatekoak dira, eta, guztira, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 655 neska-mutili helaraziko diete informazio hori guztia, orain arte eraiki dituzten aurreiritziak apurtu ditzaten eta modu koherentean zein seguruan jaso dezaten sexu harremanei buruzko jakintza eta informazioa.
«FUNTSEZKOA DA HAURREN AUTOESTIMUA LANTZEA, NERABE ETA PERTSONA HELDU SEGURUAK BILAKATU DAITEZEN» Artemiss Torres
Bisitaldi horietan, konfiantzazko guneak sortzen dituzte gela barruan, eta ikasle guztiek modu librean parte har dezaten saiatzen dira. Postontzi bat ere eraman ohi dute, eta ikasleei aukera ematen diete modu anonimoan beren zalantzak orri batean idatzi eta postontzi horretan sartzeko, galdera guztiak erantzuteko eta ikasteko.
Esperientzia eta ibilbide horrek ere tokia izan zuen jardunaldietan: Itziar Llarena, Iratxe Monge eta M. Jose Correa erizain eta sexologoek Barakaldoko eta Sestaoko esperientziaz hitz egin zuten, sexu-heziketari buruz aritu baitziren. Egunari amaiera emateko, Janire Mirandak, emagin eta sexologoak, emakumeen sexualitateaz eta orgasmo femeninoaz hitz egin zuen.
Nola lortu, baina, gazteek askatasunez hitz egitea sexuaz eta eroso sentitzea sexu-harremanak izatean? Beldurrik ez sentitzea, alegia? Artemiss Torres Berdintasunean erreferente eta jardunaldietan antolatzaileetakoa izan denaren arabera, ezinbestekoa da hori guztia naturalizatzea. Argi dauka haurtzarotik hasi behar dela gaia lantzen, haurra bere gorputza esploratzen hasten den momentutik; beren gorputza maitatzen irakatsi behar zaiela dio, beren aniztasuna positiboki baloratzen, eta irakatsi behar zaiela beren baimenik gabe haiek ukitzen saiatzen diren pertsonen aurrean babesten. «Funtsezkoa da haurren autoestimua lantzea, nerabe eta pertsona heldu seguruak bilakatu daitezen. Espiritu kritikoa txikitatik garatzea ere ezinbestekoa da, jasotzen duten informazioa zalantzan jartzeko gai izan daitezen», azaldu du Torresek.
Hezkuntza-mota horrek izan behar dituen ezaugarriei buruz galdetuta, Torresek argi dauka lau osagai ezinbestekoak direla: errespetua, konfiantza, maitasuna eta tratu ona. «Gure gorputzarekin konektatu hura zainduz eta maitatuz, gure bizitza osoan egongo baita gurekin». Haurren kasuan, olio bereziekin masajeak egitea gomendatzen dela azaldu du, beste pertsona batzuen azala ukitzeak lotzen baititu gizakiak, eta gehitu du erlaxatu egiten gaituela eta ez duela plazerik ematen. «Sexualitatea gure bizitza osoa da, eta plazera izan daiteke etxera iristean dutxa bat hartzean sentitzen duguna, kanfor usaina duen gure amama besarkatzean sentitzen duguna, baita gure lagunik onenari patioan eskua ematean sentitzen duguna ere».