agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Haur guztiek daukate aisiaz gozatzeko eskubidea”

Koro Del Santo • ‘Etiopian Patinatzen’ proiektuaren sustatzailea

Koro del Santo donostiarra Osakidetzako langilea da 35 urte zituenetik, eta  bere aisian denetarik egiten du: idatzi, pintatu, pianoa jo… Hala ere, gehien behar dutenei laguntzen ematen du bere denboraren zati handienetarikoa. Etiopian Patinatzen da haren proiektu kutuna: 2013an hasi ziren Wukron, Etiopiako Tigray eskualdean, umezurtzei patinatzen irakasten, Angel Olaran misiolariaren GKEaren (Gobernuz Kanpoko Erakundearen) barruan. Urtean, 30 boluntario inguru joaten dira hara laguntzera. Juantxo Pagola eta Aurelio Agirre dira proiektuaren beste bi zutabe nagusiak. 

Zer da Etiopian Patinatzen proiektua? 
2013an sortu genuen elkartea da, gobernuz kanpoko erakundea, eta sortzaileok hamar urtez daramagu Angel Olaran misiolari hernaniarrarekin elkarlanean. Olaranek 50 urte daramatza Afrikan, eta horietatik 30 Etiopian; bertan, abba Melaku izenez da ezaguna. Wukroneko, Etiopiako hiria, umezurtzei laguntzen die, hezkuntza eta oinarrizko beharrak asetzen. Hango haur umezurtzek (600 haur inguru) haien arteko elkarbizitzarekin, familia osatzea lortu dute. Emakume talde bat arduratzen da beraiek zaintzeaz. Angel Olaranek proposatu zidan umeei patinatzen irakasteko, eta horrela jaio zen proiektua, Afrikako herririk pobreenetariko batean.

Nolatan ezagutu zenuten elkar Olaranek eta zuk? 
Behobia-Donostia maratoian ezagutu genuen elkar. Olaran lasterketa ikusten ari zela, konturatu zen parte-hartzaile batzuk patinetan zihoazela, eta, orduan, pentsatu zuen proiektu interesgarria litzatekeela umeek patinatzen ikastea. Ni betidanik naiz patinatzailea, eta abiadura handiko lasterketetan lehiatu izan dut. Horregatik, profil egokia nintzela ikusita, 2012ko azaroan proposatu zidan proiektua. Baiezko borobila eman nion, eta pare bat bidai baino ez genituen behar izan 30 haurrentzako patinatzeko beharrezko materiala garraiatzeko.

«2020AN TIGRAYKO GERRA HASI ZENETIK, 600.000 LAGUN HIL DIRA; TARTEAN, PROIEKTUKO HAUR BATZUK ERE»

Eta gustatu zitzaien? 
Arrakasta itzela izan zuen. Haiei patinatzen irakastea esperientzia zoragarria bilakatu da. Nik itzuli behar izan nuen, baina bi nafar geratu ziren bertan laguntzen, proiektuari jarraikortasuna emateko. Eguberrietan, Gasteizko beste bikote bat joan zen, eta urtarrilean GKEa osatzen hasi ginen. Geroztik, 30 boluntario joaten dira Wukrora urtean. Normalean gazteak udan joaten dira, eta helduak, berriz, neguan. Bakoitzak dakiena eta ahal duena egiten du han: batzuek osasun-arloan laguntzen digute, beste batzuek irakatsi egiten diete, haiekin jolasten aritzen dira…

Haurretako batzuk erakustaldi bat egiten.

Baina 2020an dena aldatu zen… 
2020an guztiok bizi izan genuen pandemiaz gain, Tigrayko gerra zibila piztu zen bertan,  eskualdeko agintarien eta gobernu federalen artean. Pandemia garaia zenez, eta Ukrainan ere gerran zeudenez, hedabideetan apenas aurki zitekeen Tigrayko Gerraren berririk. Gerra hura hasi zenetik 600.000 lagun hil dira han, tartean gure haurretako batzuk, baina orain badirudi bakean daudela, eta laster bidali ahalko diegu laguntza humanitarioa.

Osakidetzarekin baduzue harremanik? Lankidetzan aritzen zarete? 
Bai, beharrezko gauza batzuk ematen dizkigu erakundeak. Orain dela gutxi, esate baterako, Arrasateko Ospitaleak ekografiak egiteko makina bat eman digu. Orain oheak behar dituzte, koltxoiak… Gerrak ondorio latzak sortarazi zituenez, osasun-arloko material asko behar dute.

Edozein joan daiteke Wukrora laguntzera? 
Bai, noski. Bakoitzak bere bidaia ordaindu behar du; elkarteak ez dio inori ezer ordaintzen. Berdin du zenbat denborarako zoazen, eta han, Wukronen, 10 euro ordaintzen ditugu egunean, lo egiteko tokiaren eta janariaren truke.

Orain ere patinatzen ariko dira? 
Gerraren ondoren, ez dago gasolinarik, kamioiak ez dabiltza joan-etorrian, eta, horregatik, gazteek errepideak aprobetxatzen dituzte patinetan ibiltzeko. Orain, gainera, haur asko hasi dira patinatzen, baina ezin izan dugu materiala eraman, gerragatik, eta orain dena pixka bat hankaz gora daukagu. Horregatik, norbaitek patinak, kaskoak edo gurpilak eman nahi badizkigu, jar dadila gurekin harremanetan.

Izan ere, patinatzen entretenitu egiten dira haurrak, baina, azken finean, laguntza humanitarioa ematen duzue elkartekoek. 
Haur guztiek daukate aisiaz gozatzeko eskubidea. Beti pentsatu ohi dugu garrantzitsuena dela txertoak eta janaria eramatea horrelako lekuetara, baina aisialdia ere ezinbestekoa da han. Haurrak 3 eta 4 ordu artean itxoiteko gai dira ordubetez patinatzen ikasteko.

Gazteek errepideak aprobetxatzen dituzte patinetan ibiltzeko.

Eta hori guztia ematen diezunean, zer jasotzen duzu trukean? 
Oso esker onekoak dira, eta ematen duguna baino askoz gehiago jasotzen dugu. Orain, gerraren ondoren, ez dakit zerekin egingo dugun topo, hala ere ziur naiz alaitasunez egingo digutela harrera. Horretan alde handia dago hemengo haurrekin: gaur egun haiengana joatean ez dizute kasurik egiten, sakelako telefonoa besterik ez dute buruan. Han askoz gehiago baloratzen dituzte hemen baloratzen ez ditugun gauzak.

Osakidetzaz gain, beste egitasmo batzuk ere izan dira proiektuaren alde, ezta? 
Bai. Adibidez, Alberto Lopez eta Alberto Aleman patinatzaileek, Espainiako txapeldun ohiek, Donejakue bidea egin zuten patinetan, 764 kilometro sei egunetan, Orreagatik Santiagora. Bildutako dirua proiekturako izan zen. Bestalde, nire amak pintatu egiten du elkarte batean, eta pinturak salduta irabazten duen dirua elkarteari ematen dio.

Zuri pertsonalki zer ematen dizu proiektuak? 
Niri dena ematen dit: han dudana familia baten modukoa da; oso maitatua sentitzen naiz. Ezagutu dudan pertsona oro zoragarria da, eta ohorea iruditzen zait Wukroko herrira oporretara joan ahal izatea, eta bertakoak laguntzea. Hona itzultzen naizenean, konturatzen naiz zein ondo bizi naizen Donostian, zein zorionekoak garen osasuna, familia, hezkuntza, bakea eta abar izateagatik. Han izan ez banintz, gauza asko ez nituzkeen hainbeste baloratuko. Neure amarekin ere are gehiago gozatzen dut orain, Etiopiara aurrenekoz joan nintzenetik, konturatu nintzen gurasoak izatearen balioaz.

Informazio gehiagorako:
www.patinarenetiopia.org
Facebook:
Patinar en Etiopía – Etiopian patinatzen

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other