agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Bultzada energia-eredu jasangarriago baterantz

Osakidetzak EnerAgen 2023 saria jaso du Energia Berriztagarrien arloan, Lehen Mailako Arretako 44 zentrotan eguzki-panel fotovoltaikoak jartzeagatik. Panel horiei esker, osasun-zentroetan sareko elektrizitatearen kontsumoa % 35 inguru murriztuko dute, urtean 350.000 euro aurreztuz eta 360 tona CO2 gutxiago isuriz. Proiektua gauzatzeko inbertsioa 1,7 milioi eurokoa izan da.

Gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei dagokionez, Osakidetza da energia elektrikoaren kontsumitzaile handiena. Horregatik, azken urteotan, indar handia hartzen ari dira energia berriztagarriei loturiko aukerak. Funtsean, zenbait jarduera egiten ari dira Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoaren legea betetzeko eta zentroek duten kontsumoa jatorri berriztagarrikoa izateko. Horien artean dago eguzki-panel fotovoltaikoak Lehen Mailako Arretako zentroetan instalatzeko ekimena, Energiaren Kudeaketarako Espainiako Agentzien Elkarteak (EnerAgen) aintzatetsi berri duena. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sustatuta jaso du Osakidetzak EnerAgen 2023 saria. Hala, hobekuntzarik onena egin duela aitortu diote energia berriztagarria eta eraginkortasun energetikoa sustatzeko jardueren esparruan.

SARITUTAKO EKIMENA AURRERAPAUSOA DA SORKUNTZA-EREDU BERRIZTAGARRIAGORA IGAROTZEKO ETA AUTOHORNIDURARAKO, BAITA KOMUNITATEAREN ETA INGURUMENAREN ALDEKO KONPROMISOAN ERE.

Saritutako proiektua, «Lehen Mailako Arreta Zentroetako Instalazio Fotovoltaikoak» izenekoa, energia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea ekoizteko sistemak ezartzean datza. Lehen Mailako Arreta dagoen zentroetan eguzki-panel fotovoltaikoak instalatu dituzte zentroetako energia elektrikoa zati batean autohornitzeko. Horrekin batera, gainera, elektrizitatearen ekoizpenean eta banaketan izaten diren CO2 isuriak murrizten dituzte. Oiartso Pereña ekimenaren arduradunaren esanetan, lehen fasean, 1,3 megawatteko potentzia sortzen duten energia honetako eguzki-panelak instalatu dituzte 44 zentrotan, eta, orotara, 1,7 milioiko inbertsioa egin Europar Batasunaren finantzaketarekin. Panelei esker, Osakidetzako zentroek zuzenean lor dezakete energia elektrikoa instalazio fotovoltaikoetatik, eguneroko elektrizitate-kontsumoaren % 35 inguru.

Arduradunaren hitzetan, 5kW-tik 100kW-ra arteko potentzia duten instalazioak jarri dira martxan lehenengo fase honetan. Funtzionamenduari dagokionez, instalazio elektrikoa koadro orokorrera konektatzen da, panelek eguzki-irradiazioa jaso eta elektrizitate bihurtzen dute. «Irradiazioa jasotzen duten denboran elektrizitatea sortzen dute, kantitate handiagoan edo txikiagoan, baina behar adina. Zenbait osasun-zentrotan, eguzki panel fotovoltaikoek % 100 estaltzen dute, eguneko ordu jakin batzuetan instalatuta dagoen potentziarekin. Zentro txikiagoetan, tarte horietan, zentroaren kontsumoa estaltzeaz gain, energia esportatzen da.»

Zarauzko Anbulatorioan egindako instalazioa.

Pereñak nabarmendu du jarduera horiek onuragarriak direla Osakidetzako erabiltzaileentzat. Halaber, eraginkortasun energetikoaren arazoari heltzen diote. “Egondako irradiazioaren arabera, instalazioaren ekoizpena handiagoa edo txikiagoa izango da, baina normalean batez beste % 35ko autohornidura izaten dugu”. Egunez panelek ekoizten duten elektrizitatearekin, zentroaren kontsumo elektrikoa hornitzea lortzen da. Instalazio fotovoltaikoen bidez ekoizten den elektrizitate hori iturri konbentzionalen bidez ekoitziko balitz, urtero 360 tona CO2 isuri beharko lirateke, eta 116 tona petrolio erre, Osakidetzakoek adierazi dutenez. Horrez gain, aurrezpen ekonomikoa ere handia da. Ekimenari esker, urtean, 350.000 euro aurreztuko dira elektrizitatearen kontsumoan, eta egindako inbertsioa bost urte gabe itzultzea aurreikusten dutela zehaztu du Pereñak. «Are gehiago, luzera begira, onura handia ekarriko duela uste dugu. Lehen Mailako Arretako osasun-zentroek duten ordutegian eguzki-panelak martxan izaten baitira, zentroa energia horrekin hornitzen delako». Alde horretatik, Pereñak nabarmendu du kontsumoa ez dela jaitsiko baina berriztagarria izango dela. Era berean, jarduera guztiak denbora errealean monitorizatuta egongo dira, eta instalazio bakoitzaren funtzionamenduari eta ingurumenari buruzko datuak aztertuko dituzte; horrek sistemaren eraginkortasunari lagunduko dio. Hain zuzen ere, eguzki-panelekin batera, pantailak instalatuko dira zentroetan, zenbat energia sortzen den eta zenbat estaltzen duen adieraziko dutenak. «Kontzientziazioa da, jendeak ikus dezan funtzionatzen duten instalazioak direla eta haien aldeko apustua egiten dela osasun-zentroetarako, ekoizpen berriztagarria eta bideragarria lortzeko beste bide baten gisa».

EGONDAKO IRRADIAZIOAREN ARABERA, INSTALAZIOAREN EKOIZPENA HANDIAGOA EDO TXIKIAGOA IZANGO DA, BAINA NORMALEAN BATEZ BESTE % 35KO AUTOHORNIDURA IZATEN DUGU.

Eredurik jasangarriena xede
Proiektuak, bigarren fasea du, gaur egun lizitatzen hasi berria, instalazio fotovoltaikoak egitea aurreikusita baitago Osakidetzako Lehen Mailako Arretako beste 26 zentrotan eta ospitale psikiatriko batean. Bigarren fase horretan, 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta 0,9 megawatteko potentzia instalatu. Bigarren fase hori amaituta, antzeko instalazioei ekiteko asmoa dute Osakidetzako osasun-sareko ospitaleetan. «Saritutako ekimena aurrerapausoa da sorkuntza-eredu berriztagarriagora igarotzeko eta autohornidurarako, baita komunitatearen eta ingurumenaren aldeko konpromisoan ere», azaldu du Pereñak. Zehaztu du osasun-zentro batzuk ez direla planean sartu, berritzeak egiten ari direlako. «Sistema horiek instalatzeko, berariazko ezaugarriak izan behar dituzte eraikinek; eguzki-panelak jartzeko aukera hain zuzen ere, ibiltzeko moduko teilatua, orientazio egokia; ez du itzalen eragin handirik izan behar, edo ezin da eraikinez inguratuta egon. Kasu horietan ez da bideragarria izaten instalazioaren errendimenduaren aldetik».

Eguzki-panel fotovoltaikoak instalatzeaz gain, Osakidetza lanean ari da argiztapena aldatzeko, kontsumoa gutxitzeko eta gasolio-galdarak ordezteko. Pereñak azpimarratu du oso pozgarria dela halako sarien bitartez aintzat hartzea alderdi teknikoaren aldetik edo Jasangarritasun Legearenetik egindako jarduerak ekoizpena eta kontsumoa jasangarriagoak izan daitezen.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other