agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Mendian gozatu, mendikoei lagundu

Tamara Txikon • Biltegiko arduraduna

Tamara Txikonek eta haren familiak hiru asteko egonaldia egin zuten iaz Pakistango mendietan. Hango bizipenek eta bertakoen beharrek hauspotuta, arropa-bilketa bat abiatu zuen Txikonek lantokian, argi baitu paraje haietan eragiteko beharra dagoela: «Oso eskuzabalak dira, baina ez daukate ezer».

Mendizaletasuna da Tamara Txikonen ezaugarri behinenetako bat. Lemoakoak Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalean egiten du lan, biltegiko arduradun, baina kirola eta bidaiak uztartzen ditu ahal duen aldiro. Hala, munduko txoko asko bisitatua da, gailurretatik gertu gehienetan.

Joan den bi urteetan, esaterako, Kirgizistanen, Kurdistanen, Alpeetan eta Pakistanen ibili da. Uztailean bisitatu zuen Pakistan, hiru aste igaro baitzituen Nanga Parbat aldean (8.126 metro), zortzimilakoen artean dagoen mendi ezagun horren oinarrizko kanpamenduan, 4.200 metrora. Familia lagun hartuta joan zen hara, Ander bikotekidearekin eta Manex 13 urteko semearekin, eta bizipenez enpo eginda itzuli da.

«Betidanik izan dut mendirako joera, eta iaz sortu zen hara joateko aukera», esan du Txikonek. Alex Txikon himalaista neba du, eta haren bidez sortu zitzaion Pakistanerako aukera. Hango espedizio batean ezagututako xerpa bat izan zen lotura: «Akhond Isak du izena. Euskal Herrira etorri zen duela zortzi urte, eta ikusgarria da nola egiten duen euskaraz. Harengatik ere joan ginen, familia ezagutzeko eta».

«ESATEN NUEN: NI HEMEN GERATUKO NAIZ. DENERAKO LAGUNTZA BEHAR DUTE, EZ DAUKATE EZER. UME BATZUK ORTOZIK IBILTZEN DIRA HAN, ETA HIGIENERIK ERE EZ DAGO».

Tamara Txikonek makina bat bidaia egin du aurrez, baina «harrituta» geratu zen azken aldian. Islamabad hiriburuan lur hartu ostean, Skardu herrira joan, eta zur eta lur geratu zen. Etxeak baino gehiago, «txabolak» ei dira hangoen bizitokiak: «Esaterako, ur kutxatila modukoak dituzte. Batean, andre bat ikusi nuen haurra garbitzen; aurrerago, lagun bat tea prestatzeko ura hartzen, eta gero, arropa garbitzen».

Handik Matxulo herrira egin zuten bidaia, hangoa baita Akhond Isak. Hiru ordu eta erdiko bidaia egin zuten horretarako, mendiko auto batean. Matxulon harreman hertsia egin zuten biztanleekin. Hango eskola bat bisitatzeak eta umeekin izandako hartu-emanak «pena» eman zion, haien egoerarengatik, baina baita laguntzeko grina piztu ere: «Esaten nuen: ni hemen geratuko naiz. Denerako laguntza behar dute, ez daukate ezer. Ume batzuk ortozik ibiltzen dira han, eta higienerik ere ez dago».

Herri batetik bestera joateko, Txikonek eta haren familiak kilometro sorta handia kateatu
zuten Pakistanen.

Behar gorrian bizi dira Himalaia mendikatearen oinetan. Matxulon kontsultategi bat egon badago, baina eraginkortasun gutxikoa: «Hemengo hiru erizain animatuz gero, neuk ere lagunduko nieke, sendaketak-eta egiteko. Edo gauzak nola egin azaltzeko». Behin itzulita, Txikonek arropa-bilketa bat abiatu zuen Galdakao-Usansoloko Ospitaleko lankideen artean, Pakistandik itzuli berritan. 70 kilo bidali zituzten abenduan; gehienbat, haurrentzako arropa eta oinetakoak jaso zituzten: «Hona bueltatu nintzenean, argazkiak-eta erakutsita hango egoera azaldu nien lankideei, eta jendeak bat egin zuen proposamenarekin. Hamar kiloko zazpi kutxa bidali genituen denera, 624 euroren truke. Hegazkinez bidali genituen».

BERRIZ JOATEKO GRINA
Txikonek mendira joateko ohitura du oporrak dituen aldiro, eta aurten Chamonixera bidaiatuko du (Alpeetara). Nolanahi ere, Pakistan ez du ahazteko. Egunen batean bueltatuko den konbentzimendua du lemoarrak. Izan ere, gogoan iltzatuta geratu zaizkio han ikusitakoak. Matxuloko parajeek «zirrara» sortu diote hirukoteari, bitarteko eskasia gorabehera: «Hamahiru orduko bidaia egin genuen autoan, Islamabadetik Skardura. Handik Txilasera beste hamabi, eta mendiko autoan hiru ordu gehiago, Diamoroira. Handik Sairrera oinez joan ginen, hamabi kilometro, bidean 1.000 metroko desnibel positiboa eginez».

Hain justu ere, Sairren dago Gunter Messner mendizale ospetsuaren omenez eraikitako eskola. Huraxe da herri osoan argindarra duen eraikin bakarra —Euskal Herriko Eki Fundazioak jarri zuen, iaz—: «Gu 4.200 metrora ailegatu ginen, eta Sair 2.800era dago. Neguan hotz handia egiten du. Bada, hara bidali genituen abenduan ospitalean bildutako zazpi arropa kaxetatik lau, eta Matxulora gainontzeko hirurak».

Manex semeak berehala egin zuen harremana eskola hartako umeekin. «Jolasean aritu ziren: lurrean zenbakiak jarrita, boloekin»… Jolasez gain, hirukoteak osasunerako nahiz higienerako materiala eraman zuten Euskal Herritik: «Premia handia dago».

Pakistaneko otordu bat, bertako lagun batek prestatuta.

Txikonen esanetan, osasun-arreta bermatzeko urratsak egin behar dira Pakistango inguru horretan. Salbuespenak dira horretara bideratutako eraikinak, eta Hushe herrian dago haietako bat. Kataluniarrak egoten dira hango kontsultategian, uda guztiz. Haurdun daudenak ikustera, sendaketak egitera eta abar joaten dira, eta Txikonek halako baten beharra ikusten du Matxulorako ere: «Polita izango litzateke datorren udan hara joatea, eta nola dauden ikustea. Ander bikotekideak esan zidan 3.900 metrora geundela, gure botikak jasotzeko ilarak izango genituela. Halaxe izan zen».

Lurralde hartan egindako egonaldiari esker, Txikonek eta haren familiak «paraje ederrak» ezagutu zituzten, munduko mendirik garaienetako zenbaiten altzoan. Han egindako ibilaldiez gain, ordea, Pakistango eskualde hartako herritarren abegikortasunak liluratu du Txikon: «Oso eskuzabalak dira, ezer gutxi duten arren».

Galdakao-Usansoloko Ospitaleko Biltegiko arduradunak argi du laguntza behar dutela ingurumari hartako herritarrek, eta deiadarra zabaldu nahi du gizartean. Berak ez du Himalaiako jendearekin harremana eteteko asmorik: «Itzuliko naiz, ziur».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other