agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

“Genero-ikuspegia txertatzeko lanean jarraitu behar da”

Osakidetzak 2021eko apirilean onartu zuen Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2021-2024). Plan horren helburua da berdintasun-printzipioa eta genero-ikuspegia integratzea, bai Osakidetzan, bai herritarrentzako jardueretan. 2016ko urtarrilaren 20an, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak adostu zuen eta publiko egin zuen Osakidetzak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duen konpromisoa. Berdintasun Batzordearen lanaren emaitza da plana, eta, besteak beste, Berdintasun Unitate Korporatiboko Gotzone Miranda zerbitzuburuak, Lali García eta Estela Sanz berdintasun-teknikariek eta Txaro Goikoetxea administrariak dihardute genero-ikuspegiaren integrazioa bultzatzen. Planak 100 ekintza ditu, 20 ardatzetan egituratuta daudenak, eta ekintza horiek Osakidetzan egindako Berdintasun Diagnostikoan oinarrituta ezartzen dira.

Zeintzuk dira I. Berdintasun Planaren helburuak?
Besteak beste, soldata-arrakala murriztea, ardura-postuetan emakumeen kopurua handitzea, kontziliazioa sustatzea, ikerketa-jardueran genero-ikuspegia txertatzea, emakumeen osasuna bizi-ziklo guztietan sustatzeko jarduerak areagotzea eta genero-indarkeriaren eta sexu-erasoen biktima diren emakumeen prebentzioa eta arreta indartzea eta hobetzea.

Nola definitu zen plana, eta zein izan zen lantze-prozesua?
Osakidetzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2021-2024) egiteko prozesua 2015ean hasi zen, diagnostiko-prozesua definituta, eta 2016tik 2020ra garatu da. 2018an, Berdintasun Batzordea eratu zen, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planerako helburuen eta neurrien zirriborroa definitu zen. Hainbat kontrasteren ondoren eta horiek onartu ondoren, plana ezarri zen, eta berehala hasi ziren zenbait jarduketa. Honako jarduera hauek egin dira, besteak beste: batetik, plana behar bezala kudeatzeko beharrezkoak diren organoak eratzea eta gobernantza-figurak izendatzea; bestetik, urteko programazio operatiboa: ekintzak, arduradunak eta adierazleak, bai eta aurrekontua eta beharrezko baliabideak ere; hirugarrenik, planaren gobernantza-organoak osatzen dituzten pertsonak gaitzea; eta, azkenik, Osakidetzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2021-2024) hedatzea Osakidetza osatzen duten osasun-zerbitzuetako 21 erakundeetan.

Organo horien artean, zer da Berdintasun Batzordea?
Osaera paritarioa duen erreferentziako organoa da, erakundeko pertsonen parte-hartzea bideratzeko eta Urteko Programa Operatiboaren proposamena egiteko aukera ematen duena, haren inplementazioa, hedapena eta ondorengo jarraipena eta ebaluazioa bultzatuz. Berdintasun Korporatiboko Batzorde bat dago, eta Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde bakoitzean bat.
Zer da Urteko Programa Operatiboa?
Urteko Programa Operatiboa Zuzendaritza Nagusiak eta Zerbitzu Erakundeek Plana hedatzeko egin beharreko urteko ekintzak biltzen dituen programazioa da. Ekintzez gain, arduradunak, adierazleak eta horiek betetzeko neurriak ere jasotzen ditu.

Zein da Berdintasun Unitate Korporatiboaren zeregina horretan guztian?
Gure unitatea 2015ean sortu zen, eta Garapen eta Prestakuntza Zuzendariordetzan integratuta dago egiturari dagokionez, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren barruan. Gaur egun, lau pertsona gara: Gotzone Miranda Berdintasun eta Partaidetza zerbitzuko burua, Lali García eta Estela Sanz berdintasun-teknikariak eta Txaro Goikoetxea administraria.

Gure lana, berdintasunerako planak edo programak proposatzeaz eta ebaluazioa eta jarraipena koordinatzeaz gain, Berdintasun Korporatiboko Batzordearekin eta Batzorde Teknikoko erreferenteekin lan eginez, genero-ikuspegiaren integrazioa bultzatzea eta berdintasunaren arloan aholkatzea da. Beste zeregin batzuen artean, prestakuntza-proposamenak egiten ditugu, eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari atxikitako berdintasun-politiken koordinazio teknikoko organoetan parte hartzen dugu.

Zer egiten dute eta nor dira berdintasun-erreferenteak?
Erakundeak izendatutako pertsonak dira, lotura gisa, eta, izenak berak adierazten duenez, 20 zerbitzu-erakundeetan berdintasun-erreferenteak. Funtzio horietarako, lanaren ehuneko bat horretara bideratzen dute, eta beharrezkoa da berdintasunari buruzko prestakuntza espezifikoa.

Erreferente-talde osoak eta Berdintasun Unitate Korporatiboak Batzorde Teknikoa osatzen dugu. Besteak beste, Planeko ekintzen jarraipena egiteaz arduratzen da.

Berdintasuneko Batzorde Teknikoak 2022ko abenduan egindako lan-saioa.    Arg: Berdintasun Unitatea.

Osakidetzan berdintasunaren arloan egindako benetako aurrerapenaren jarraipena egin ahal izateko, nola neurtzen duzue?
Urte horretarako planifikatutako ekintzen arduradun bakoitzak ekintza hori bete dela jakinarazten du, eta beharrezko dokumentazioa aurkezten du. Neurketa ezarritako irizpide batzuen arabera egiten da. Informazio horren gordailua informazio-sistema korporatibo bat da, eta erakunde guztiek bete ahal izatea ahalbidetzen du. Lan egiteko modu horri esker, planaren jarraipena egin daiteke urtero, baita planaren ebaluazio bat ere. Era berean, funtzionamenduan hobekuntzak antzematen ari gara.

Zein da denbora horretan lortu den lorpenik handiena?
Plana onartzea bera mugarri bat da berez, baina, horrez gain, nabarmendu nahi dugu Osakidetzako langileen sentsibilizazioan lortutako aurrerapena, genero-berdintasunaren ikuspegitik, eta Osakidetzan sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako Protokoloa onartu izana 2021ean, lotutako organo eta azpiegitura guztiekin.

Eta hobetu beharreko arloak?
Bide luzea dago egiteko, eta genero-ikuspegia txertatzeko lanean jarraitu behar da. Hainbat behar antzeman ditugu, besteak beste, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzea, bai barne-komunikazioetan, bai kanpo-komunikazioetan, eta langileak berdintasunean trebatzen jarraitzea.

Genero-ikuspegia txertatzeaz ari zaretenean, nola azalduko zenukete modu errazean?
Azaltzeko modurik errazena hau da: genero-ikuspegia txertatzea «betaurreko moreak jartzea» metaforaren bidez; emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen desberdintasunak detektatzen laguntzen baitigute, neurri jakin batek emakumeengan eta gizonengan duen eragina edo onura aztertzen duten beharrizanei erantzunez. Era berean, aldagai gehiago sartu dira, hala nola adina, besteak beste.
Horrek desberdintasuna non dagoen eta zuzentzeko zer neurri plantea daitezkeen argitzen digu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other