agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Elkarlana lanabes Ginea Bissauko osasun-sistema sendotzeko

Ismael Díez Del Val • Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko zirujaua

Osakidetzako profesional talde bat Ginea Bissauko Simao Mendes ospitale nazionalera joango da hango asistentzia hobetzeko helburuz. Elkarlanean arituko dira hango langileekin, eta, besteak beste, ospitale horretako langileak kirurgia, amatasun eta medikuntza arloetan trebatzea izango dute xede. Pazienteen heren bat hil egiten da gaur egun.

Ginea Bissauko osasun-sistemaren eta, bereziki, Simao Mendes ospitale nazionalaren kalitatea eta efizientzia indartzeko helburuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta AIDA Ayuda, Intercambio y Desarrollo elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute. Hitzarmen horren bidez, osasun arloko profesional talde bat Simao Mendes ospitalera joango da, hango profesionalei medikuntza, kirurgia eta amatasun arloetan laguntzera, egoki nola lan egin irakastera eta aholkuak ematera —AIDA 2007tik ari da ospitale horretan laguntzen—. Egitasmoa lau urterako antolatu dute, eta lehentasunezkoa izango da zerbitzu medikoei nahiz kirurgikoei modu jarraituan laguntzea. Ekinbide hau orain arte Euskadik osasun lankidetzan egin duen ibilbidearen fruitu izateaz gain, Eusko Jaurlaritzak 2030 Agendak ezartzen dituen erronka globalen arabera bultzatu nahi dituen ildo estrategikoena ere bada.

Biztanleen bi herenak pobreak dira Ginea Bissaun, eta bizi-itxaropena 58 urte zen 2020an. Arg: Ismael Díez Del Val.

Proiektua martxan dago, eta, hain zuzen, martxotik bi internista eta erizain bat daude ospitaleko zerbitzu medikoetan lanean. Ismael Díez Del Val Unibertsitate Ospitaleko zirujaua eta Atal Sanitarioko burua dabil koordinazio lanetan, besteak beste. Eskarmentu handia du horrelako proiektuetan, sarri ibili baita Mugarik Gabeko Medikuekin lanean; Afganistanen, Kanbodian eta Perun, esaterako. Maiatzean izan zen Díez Ginea Bissaun bi astez behar kirurgikoak ikusteko, eta irailean berriz da joatekoa. Argi eta garbi azaldu du zein den egitasmoaren xede nagusia: «Helburua da guztientzat eta edozein ordutan funtzionatuko duen osasun-sistema bat egotea; osasun-arazo nagusiei edozein unetan erantzun ahal izatea».

Espezialisten falta
Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako datuen arabera, bizi-itxaropena 58 urte zen 2020an Ginea Bissaun, eta biztanleriaren erdiak baino gehiagok —bi milioi biztanle ditu—, % 54k, 15 urte baino gutxiago ditu. Simao Mendes ospitale nazionala da (HNSM) herrialdeko erreferentziazko ospitalea. 2021. urtean, 5.768 erditze artatu zituzten bertan —16 egunean—, eta 44 emakume hil ziren erditzean. Oro har, herrialde horretako amen hilkortasun-tasa munduko handienetakoa da: ehun erditzeko ama bat hiltzen da. Gainera, ugalkortasun-tasa handia duen herrialde bat da, 4,4 seme-alaba izan baititu batez beste emakume bakoitzak. Díezek azaldu duenez, ospitaleetako erditzeetan, emaginek ia dena egiteko joera dute, espezialistekin inongo harremanik izan gabe, zesareak prozedura kirurgikoen ia % 60 dira, eta oso tresna mediko gutxi erabiltzen dituzte (forzepsa, esaterako).

«EHUN ERDITZEKO AMA BAT HIL EGITEN DA»

Ospitale hori herrialdeko handiena da, egitura modularra du, hau da, pabiloi independentetan banatuta dago, eta 720 ohe eta zortzi asistentzia-zerbitzu ditu —Basurtuko Ospitalearen antzeko tamaina—: Barne Medikuntza, Kirurgia Orokorra, Ginekologia eta Obstetrizia, Ortopedia eta Traumatologia, Pediatria, Oftalmologia, Larrialdiak eta Zainketa Intentsiboak. Halaber, ospitaleak ez du espezialistarik oro har, eta dituenak formakuntza gutxikoak dira, Venezuelan, Kuban edo Brasilen trebatutakoak. Díezek nabarmendu du hori arazo larria dela, eta mediku orokorrek zuzentzen dituztela zerbitzuak. Diagnostikoak egiteko bitarteko gutxi dituzte, eta, horren ondorioz, pazienteei jartzen dizkieten tratamenduak enpirikoak eta farmako ugarirekin egindakoak dira. Gauzak hala, gaixoak gaixotasuna oso aurreratuta daukatenean joaten dira gehienetan ospitalera, eta, ondorioz, ospitaleko hilkortasun-tasa oso handia da.

Aipatutako espezialisten gabeziaz gain, zerbitzuen arteko koordinazioan ere hutsuneak dituzte, proba diagnostikoak ez dira fidagarriak, protokoloak falta dituzte eta preskripzioan ere zailtasunak dituzte. Asistentziaren kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da langile trebatuak han aritzea, kanpotik joandakoak; hala, ebakuntza kirurgikoen eta anestesiaren kalitatea eta segurtasuna hobetuko dituzte, erditzeen arta hobetu eta amen eta jaiotakoen hilkortasuna murriztuko dituzte, eta gaixotasun infekzioso-kutsakor nagusien ondoriozko heriotza-tasa ere bai.

Nola egin hori guztia? «Haiekin elkarlanean lan eginez», adierazi du Díezek. Azpimarratu du ospitale batek behar bezala lan egiteko errutinak sortzea dela garrantzitsuena: «Ospitale batek funtziona dezan, garrantzitsuena da konstanteen-orri bat egotea, eboluzio-orriak izatea, tratamendu-orriak, eta gaur egun horiek ez dira existitzen Simao Mendes ospitalean». Horregatik deritzo hain garrantzitsua zuzendaritza-taldean ere aldaketak eta hobekuntzak egiteari, eta oraindik ez dira horretan hasi, baina bai aurreikusi dutela zuzendaritza-taldeari laguntzea.

«HELBURUA DA GUZTIENTZAT ETA EDOZEIN ORDUTAN FUNTZIONATUKO DUEN OSASUN-SISTEMA BAT EGOTEA»

Adostutakoaren arabera, Osakidetzako hiru langile arituko dira Simao Mendesen lanean urte osoan, eta Osakidetzarekin duten kontratua mantenduko dute, hau da, soldata bera izango dute, eta, hala, erraz joan ahal izango dira hara lanean jarraitzera. Asmoa da ekipo kirurgikoak udaren ondoren joatea Ginea Bissaura. Premien, erabilgarritasunaren eta proiektuaren bilakaeraren arabera, laborategiko, erradiologiako edo kudeaketako profesionalak ere joango dira, puntualki. Proiektuaren hasierako egokitzapen-fasea bukatzean, prestakuntza sanitario espezializatuko egoiliarrak joateko modua bilatuko da.

Ebakuntzen kalitatea eta segurtasuna hobetzea da egitasmoaren helburuetako bat. Irudian, Simao Mendes ospitaleko ebakuntza-gela bat. Arg: Ismael Díez Del Val.

Beste bat ibilbidean
Hau ez da, ordea, osasun arloan lankidetza akuilutzat hartuta egindako lehen ekinbidea: 2020ko udan, Osakidetzako hamahiru langile Perura joan ziren koronabirusari aurre egiten laguntzera. Batik bat, antolakuntzan eta formakuntzan lagundu zieten hango profesionalei: kutsatuak eta ez-kutsatuak bereizten, protokoloak behar bezala aplikatzen, eta abar. Materiala ere eraman zuten. Osasun Sailak, Osakidetzak eta eLankidetzak osasun arloan elkarlanean egindako lehen egitasmoa izan zen hura, Mugarik Gabeko Medikuekin batera.

2022ko martxoaren 11n, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Osasun sailburuak ordezkatua, eta Ginea Bissauko Osasun Publikoko Ministerioak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuten Ginea Bissauko osasun-sistema sendotzeko. 2022ko ekainean, Osasun Sailak, Osakidetzak, eLankidetzak eta AIDA Ayuda Intercambio y Desarrollo GGKEak egitasmo hau biltzen duen lankidetza-hitzarmena sinatu zuten.

Informazio gehiago: www.elankidetza.euskadi.eus webgunean eta info.cooperacionsanitaria@osakidetza.eus helbidera idatzita.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other