agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

“Generoa da ekitate-faltaren ardatz nagusietako bat”

Maialen Berridi Agirre • Familia medikua

Familia eta Komunitate Arretako profesionalak ohartu dira genero-ikuspegia aintzat hartzea ezinbestekoa dela pazienteak behar bezala artatzeko. Hala, ikuspegi hori txertatu dute egoiliarren prestakuntzan. Bi ildo nagusi lantzen dituzte: teoria biomedikoan egon diren hutsuneak, horiei erantzun bat emateko, eta elkarrizketa klinikoak. Maialen Berridi Agirrek Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretan dihardu teknikari, Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalean.

Zertan datza, zehazki, prestakuntza? Zergatik jarri zenuten martxan egitasmo hori?
Duela urte dezente, arreta komunitarioa lantzen hasi ginen; gure espezialitatearen abizena dela esan dezakegu, gu Familia eta Komunitate Arretako medikuak eta erizainak baikara. Orain arte osasun-sistemak asko garatu ez duen alor bat da; pazientearen testuingurua zein den kontuan hartzea garrantzitsua da bere osasunean emaitzak lortzeko, eta, horretarako, garrantzitsua da osasun-zentroaren ikuspegia deitzen dioguna garatzea: hau da, ikusi zein komunitateri egiten diozun arreta, lan egiten duzun osasun-zentroaren arabera, eta komunitate horrek dituen ezaugarriek pazientean nola eragiten duten ulertzen saiatzea. Azken urteetan, komunitatearen barruan lan egiteko beste modu batzuk sortu dira: komunitate-arretaren barruan dauden determinatzaile edo mugatzaile sozialak nola landu, baita komunitateko aktiboak berak ere, eta pertsonak propio dituenak edo izan ditzakeen ezaugarriak osasuntsuago bizitzeko. Alegia, osasuna modu aktiboan lantzea, eta ez gabezia bat bezala. Orain arte, pertsona bat gaixorik etortzean, gu sendatzen saiatu izan gara, eta ez dugu sustatu izan osasuna; prebentzioa egiten dugu, baina irakaskuntzatik saiatu gara osasuna modu aktiboan sustatzen, hori delako modu bat hala berean pazientea ahalduntzeko edo jabekuntza lantzeko.

Zer-nolako lekua du generoak horren barruan?
Ikusi genuen nahitaez landu behar genuela genero-ikuspegia. Azkenean, generoa komunitatearekin lotua dago; arlo sozial guztiak zeharkatzen ditu. Pobreziak eragina du osasunean, eta emakumezkoak dira pobre gehienak. Bakardadearen kasuan ere, emakumezkoak dira gehienak, eta beste bizi-baldintza batzuen kasuan ere beti dago emakumea okerren, hala nola soldatak, ikasketak, maila sozioekonomiko apala… Hala, konturatu ginen generoa dela ekitate-gabeziak edo desberdintasunak sortzeko ardatz nagusietako bat, eta hori landu behar genuela. Konplexuak diren egoeretan erantzun desberdin bat lortzeko aukera eman dezakeen ikuspegi bat baita. Genero-ikuspegia aplikatzeak medikalizazioa gutxitzea edo etiketa diagnostiko batzuk gutxitzea eragin dezake.

Zer lantzen duzue programan?
Alde batetik, generoak eragin ditzakeen ekitate-gabeziak landu nahi ditugu, eta horietan eragin, pixka bat hobetzeko edo ahal den heinean gabeziak aldatu, hori lortuz gero pazientearen osasuna ere aldatuko delakoan. Beste alde batetik, egunerokoan ditugun kontsultei erantzuteko beharra dugu; ikusten dugu gaixo batzuek denbora asko ematen dutela kontsultan, behin eta berriro etortzen direla eta ez diegula ematen erantzun eraginkor bat; hau da, medikuntza androgenikoan oinarritutako erantzun bat ematen diegu, hori erakutsi baitigute, eta oso gaixotasun zehatz eta zurrunen barruan sartzen ditugu. Gauzak horrela, pazientearengan zentratutako metodo klinikoa lantzen hasi gara, indibidualizatzen saiatzen, eta pazientearen ideiak lantzen, zein den haren egoera soziofamiliarra, zein haren gogoak, beharrak, lehentasunak… Horrela, osasuna hobetzen saiatzen gara, eta hor oso garbi ikusten dugu generoa aztertu behar dugula, zein den pazientearen generoa, nola eragiten dion generoaren rolak, eta abar. Paziente batzuen kasuan, bizitzak sortzen dituen ondoezak dituzte; ez gaixotasunak, bizimoduaren ondorioz eta generoaren rolak ezarritako aginduen ondorioz sortutako ondoezak baizik.

«PAZIENTEARENGAN ZENTRATUTAKO METODO KLINIKOA LANTZEN HASI GARA, INDIBIDUALIZATZEN»

Hori guztia egiteko, nolako baliabideak ematen dizkiezue profesionalei?
Batetik, generoak osasunean izan dezakeen eraginari buruzko ikerketa egin dugu irakaskuntzan, eta baliabideak lortu ditugu. Batez ere gaixotzeko arrazoiaren begirada aldatzen ahalegintzen gara, hau da, kontuan edukitzen gaixotasuna ez dela bakarrik guk orain arte ezagutzen genituen sintomek osatutako diagnostiko bat; eta aldi berean begirada hori zabaltzen saiatzen gara. Gainera, zehaztugabeko sintomen atzean, genero-indarkeriarekin lotutako gaitzak ere ezkutatu daitezkeela jabetu gara. Orain arte medikuntzan genituen ezagutzak osatu egin nahi izan ditugu, eta konturatu gara hutsune batzuk daudela egiten ditugun jardunetan; hala, hutsune horiek zein diren adierazi eta kontuan hartu nahi izan ditugu. Esaterako, emakumeetan diagnostiko batzuetan atzerapenak egon daitezke, tratamenduen eraginkortasuna desberdina izatea gerta daiteke, edo ospitalera edo errehabilitaziora gutxiago bideratuak izaten dira. Bestalde, sintoma berdinarekin osasun mentalarekin lotutako diagnostiko bat ezartzeko aukera handiagoa dute, edo gehiegizko medikazioa jasotzeko arriskua dute.

Adibidez?
Orain arte, gaixotasun batzuen aurrean emakumeak ikusezinak izan dira. Beti lantzen ditugu asko egoiliarrekin bihotzeko gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak. Izan ere, askoz ere ohikoagoak dira emakumeetan, nahiz eta gizarteak eta medikuok uste dugun gizonetan direla ohikoagoak. Ikerketak aztertzen ditugu; ikerketetan egon diren hutsuneak nabarmentzen ditugu, konturatu daitezen ez dela erreala. Hori medikuntzari dagokionez. Bestalde, tresnak ematen dizkiegu elkarrizketa klinikoak bideratzeko, beste modu batera galdetzeko, eta eskema berriak ematen dizkiegu, ulertzeko generoaren rolak nola eragiten duen pertsonarengan.

Nola hartzen dute informazio hori? Harritu egiten dira?
Gure kasuan, errazagoa da; formakuntzan dauden mediku edo erizain graduatuak dira, eta gauza berriak ikasteko prest daude. Nahiko jarrera irekia dute. Egia da hasieran harridura sortzen duela, baita frustrazio pixka bat ere, kontraesana delako orain arte ikasitakoarekin eta eskema apurtzen duelako. Dena den, eskertzen dute; iruditzen zaie falta zitzaiela hori, nabaritzen baitute behin eta berriro etortzen diren pertsona batzuei erantzun berri bat emateko beharra daukatela. Tutoreei ere ematen diegu formakuntza hori; azken finean, haiek dira egoiliarrekin dauden espezialistak, eta batzuk harritu egiten dira; beste batzuek espero izaten dute, ez baita gai berria, orain dela hamar-hamabost urtetik hona lantzen ari dena baizik.

Ez da erraza izango, kontuan hartuta paziente guztiak ez direla berdinak eta profesionalak horretara egokitu behar duela, ezta?
Aldaketa bat eskatzen du lan egiteko moduan, eta, noski, langilearen gogoaren araberakoa da; hau da, gehiago edo gutxiago sar zaitezke pazientearen bizitzan. Asko indibidualizatu behar da, baita orain arte izandako lan egiteko modua aldatu ere. Esaten dute denbora dela zailtasunik handiena, eta denbora asko behar izaten dugu hasieran. Gure kasuan, alde ona da jarraikortasuna dugula pazientearekin, behin eta berriro etorriko delako kontsultara. Frustragarria ere bada profesionalarentzat, ez dagoelako norbere esku pazientearen bizi-baldintzak hobetzea, eta askok gaizki jarraituko dutelako. Demostratu da gaixoa bere egoera zein den edo kausaren kasua zein den konturatzeak ere laguntzen duela, eta elkarrizketa hori izateak ere lagunduko dio osasunean segur aski. Hiru dira muga edo oztopo nagusiak: denbora, pertsona bakoitzaren gaitasuna eta frustrazioa; izan ere, lan egiteko aukera berri bat da, baina baliteke batzuetan konturatzea egindako lanak ez duela balio.

Oinarrian nolako gaitasuna izan behar ditu profesionalak?
Enzuten jakin behar du ezinbestean; entzute aktiboa izan behar du, komunikazio teknikak garatu behar ditu. Enpatiari eta asertibitateari eusteko gaitasuna ere izan behar du; horiek dira oinarrizkoak. Horrez gain, generoaren rolak interpretatzen jakin behar du, nola eragiten duten gizartean eta osasunean.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other