agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Erizaintzaren irakaskuntzan teknologiarik berrienak probatzen

Helduen erizaintzako jardunaldiak egin dituzte ekainaren 9an eta 10ean Gasteizen, Erizaintzako Unibertsitate Eskolan. Besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Leticia San Martin Rodriguez aritu da (Gasteiz, 1975), Erizaintzako irakaslea bera, eta esku artean duten proiektua azaldu du: Hololens Holograms Microsoften errealitate areagoturako betaurrekoak nola baliatu Erizaintzako graduan.

Bi urtean behin izaten den ekitaldi horretan, Espainiako Estatuko Erizaintzako irakasleak biltzen dira askotariko gaien inguruan mintzatzeko. Koroabirusaren eraginez bi urte atzeratu duten arren, hamalaugarren mintegia aurrera atera dute antolatzaileek. Aurtengo leloa: «Irakaskuntza ebidentzian oinarritutako helduen erizaintzaren ikaskuntza». Leticia San Martinen hitzaldiari dagokionez, harekin eman diote amaiera jardunaldiei: Realidad virtual y realidad aumentada: presente y futuro en la formación en el Grado en Enfermería.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan saiakera egin dute errealitate areagotua aplikatzeko Erizaintzako formazioan. Ikasleak giza gorputzaren barnealdea ikus dezake simulazio-geletako manikietan Hololens betaurrekoak erabiliz. Hololens betaurrekoen bidez, ariketak eskatzen duen prozedurak praktikan jartzen dituzte ikasleek. Esaterako, injekzio bat jartzeko orduan, manikiaren barnean egongo litzatekeena ikusten du ikasleak proiektaturik; horrela, injekzioa zehazki non jarri behar duten ikusten dute betaurrekoekin. Anatomia egiaz dagoen lekuan ikus dezakete, betaurreko horiei esker. Manikiak sentsorizatu beharra dago horretarako; «hori izan da proiektuaren alderdirik konplikatuena», San Martinen iritziz.

Proiektua beste unibertsitate batzuek ere abiatu dute: Belgikako Erasmus Hogeschool Unibertsitateak, Portugalgo Coimbrako Erizaintzako Goi Eskolak eta errealitate areagotuan espezializatutako iAR enpresa nafarrak. Hololens betaurrekoak 2017an kaleratu zituzten Estatu Batuetan, eta 2018an salgai jarri zituzten Espainiako Estatuan. Europar Batasunaren dirulaguntza bati esker, hiru betaurreko erosi ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta dagoeneko erabilpena eman diete.

Errealitate areagoturako baliatzen diren betaurrekoek kristal gardena dute, eta begiaren inguruko eremuan proiektore txiki bat. Proiektore horren bidez, irudi bat edo bideo bat proiekta dezakete, informazio gehigarri bat, alegia. Bideojokoei esker garaturiko teknologia horrekin, oinarrizko prozedurak irakasten dizkiete ikasleei: lehen, ikasleak egitura anatomikoak irudikatu egin behar izaten zituen, eta pentsatu zuten hobe zitekeela zuzenean egitura anatomiko horiek ikustea. Betaurreko ahaltsuak dira, baina 3.500 euroan daude salgai gaur egun. Horrelako simulazio bat egiten dutenean, trebetasun teknikoak jartzen dituzte praktikan ikasleek.

Ikasleen «motibazioa handitzea» dakar horrelako tresneria erabiltzeak, hizlariaren arabera. Haren ustez, teknologia horrek zer ekartzen duen baloratu beharra dago, baita kostu ekonomikoak ere. Dena den, eragin aldetik, balorazio zuhurra egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak: «Formazio-prozesuan izango duen inpaktua frogatzeke dago, ikaslearen esperientzia, ordea, hobetu egingo da». Halaber, haren ustez, ez da momentu ona betaurrekoetan inbertitzeko, oraingoz garesti daudelako. Hizlariaren arabera, ikasleek ongi baloratzen dute proiektua: «Motibatu egiten dira, anatomia zuzenean ikusiz; informazioa hobeto hartzen dutela uste dute ikasleek; oraindik, ordea, balorazio osoa ez dago egina».

 

“Errealitate aregotuarekin, ikasleak bere begiekin ikusten duena baino areago ikus dezake”

LETICIA SAN MARTIN RODRIGUEZ • Irakaslea

Leticia San Martin Rodriguez (Gasteiz, 1975) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakaslea eta Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidenteordea. Hololens betaurrekoekin abiatutako proiektua azaldu du. Haren hitzetan, ikasketa-prozesua «autonomoago» bilakatzen du metodo horrek. Egoera bat simulatzean, ikasleak horretara moldatzen ikasten du.

Nola jaio zen proiektua?
Ikasleei pazienteekin baliatu behar dituzten teknikak irakasteko manikiak erabiltzen ditugu: giza gorputza ordezkatzen dute, eta teknologia honekin gorputzaren barne-anatomia simulatzen dugu. Pentsatu genuen manikien barnean dagoena imajinatu beharrean ikusteko aukera eman zitekeela errealitate areagotuaren teknologia baliatuz. Hori da proiektuaren jatorria.

Nola egiten dituzue simulazioak?
Ospitale bat irudikatzen duen ikasgela daukagu unibertsitatean. Bertan, ohe bat eta maniki bat daude, eta betaurreko horiek informazio gehigarria ematen diote ikasleari. Oso betaurreko ahaltsuak dira, oso teknologia aurreratukoak, eta horiekin manikiaren barruan giza gorputzak dituen barne-egiturak ikus daitezke. Betaurrekoen bidez, gela eta objektuak eskaneatzen dituzte, manikia detektatzen dute, eta barruan dauden barne-egiturak zehazki dagokien lekuan kokatzen dituzte.

«PENTSATU GENUEN MANIKIEN BARNEAN DAGOENA IRUDIKATU BEHARREAN, IKUSTEKO AUKERA EMAN ZITEKEELA ERREALITATE AREAGOTUAREN TEKNOLOGIA BALIATUZ»

Zer-nolako onurak dakartza metodo horrek irakaskuntzan?
Alde batetik, errealitatearen inguruko informazio gehiago. Errealitate aregotuarekin ikasleak bere begiekin ikusten duena baino areago ikus dezake. Beste alde batetik, memoria bisualarekin gauzak askoz hobeto ulertzen dituzte, eta informazio bisual hori areagotzearekin ikaskuntza hobetu egiten dugulako hipotesia dugu.

Zailtasun edo oztoporik baduen identifikatu duzue?
Bai, nire ustez, oztopo nagusia ekonomia da. Errealitate birtuala ez da horren garestia, baina guk errealitate areagotua erabiltzen dugu, eta hori, bai, oso garestia da. Betaurreko bakoitzak 3.500 euro balio ditu. Betaurreko bat baino gehiago behar ditugu, eta gaur egungo prezioarekin oso garestia da. Oraindik guztiz garatu gabe dago teknologia. Salmentak handitu ahala merkatu egingo dituzte, eta eskuragarriago egin, baina errealitate areagotua ez dago puntu horretan; ez dago betaurrekoen lehia handirik; hori dela eta, oso garesti daude merkatuan.

Zer-nolako ebidentziak bildu dituzue teknologia horren erabileraren emaitzetatik?
Ikasleak gelan betaurrekoekin nola aritzen diren neurtu dugu, prozedurak egiten dituztenean betaurrekoekin zer gertatzen den jakiteko. Ebaluazio bat egin dugu, eta galdetegi batzuen bidez euren iritzia jaso dugu. Ikusi dugu asebeterik daudela ikasketekin, eta kontsideratzen dute prozedurari aplikaturiko teknologia honek ikastera motibatzen dituela. Uste dute bisualizazio gehigarri honek lagunduko diela gehiago ikasten. Betaurrekoak erabiltzen ari den talde baten balorazioak analizatzen ari gara oraindik, erabiltzen ez dituen beste talde batekin konparatzeko. Ikaslearen pertzepzioa oso baikorra da. Teknologia hori erabiltzeko erraztasuna neurtu dugu; jakina denez, haientzat nahiko erraza da, teknologiarekin izandako esperientziari esker eta nahiko intuiziozkoa delako aplikazioa bera.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other