agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Liburuak, emozioen irakasle

Duela zenbait urte, biblioterapia proiektu bat ipini zuten martxan Muskizen. Guraso eta umeen erantzun ona ikusita, Osakidetzako gainerako zentroetara esportatzeko aukera ikusten dute orain arduradunek.

Ama izatean, umeentzako liburuak oparitu zizkioten Irene Gutierrez Camargo medikuari. Hortik etorri zitzaion horiek kontsultan erabiltzeko ideia. Ohikoak dira autolaguntzako liburuak helduetan, baina Gutierrezek beharrizana ikusi zuen umeen hezkuntza emozionala liburuen bidez lantzeko, eta bakoitzaren kasuari egokitutako liburuak eskaintzen hasi zen 2015ean. Geroxeago batu zitzaizkion erizain bi: Clara Gonzalez Muskizen, eta Maite Montejo Ortuellan, eta 2019an ekin zioten proiektuari ofizialki.

Gutierrezek azaldu duenez, ez da patologiak osatzeko modu bat: «Askotan Pediatrian izaten direnak ez dira ume gaixoak, baizik eta haien heldutasunaren garapenarengatik jokabide arazoak dituztenak». Umeen kasketak, lo egiteko zailtasunak eta elikadura-arazoak izaten dira gehienak, baita «arrazoi organikorik ez daukaten minak» ere. Askotako zergatiak daudela adierazi du medikuak: maiz ikusten dituzte eskolarako beldurra eta gurasoen banaketa.

Arduradunen arabera, biblioterapia tresna bat da, eta liburuek ez dute haien kabuz arazoa desagerrarazten. Gonzalez Pediatriako erizainaren berbetan, haurrek ipuinetako pertsonaietan islatuta ikusten dute beren burua, ez bakarrik protagonistekin: «Izena ipintzen diote sentitzen duten horri, ipuinean identifikatzen dutelako». Identifikazio soil horrek «pila bat» lagundu dezakeela uste du erizainak.

«HAURRA BABESTUTA SENTITZEN DA, IKUSTEN DUELAKO BERAK BEHAR DUEN ZEOZER LANTZEN ARI DELA, ETA GURASOEKIN KALITATEZKO DENBORA LORTZEN DU» Monica Monge

Monica Monge osasun-zentroko erizain arduradunaren arabera, liburuak «tratamendua bideratzen du», eta umeak gurasoekin dituen loturak sortzen laguntzen du: «Ez da bakarrik liburu bat ematea eta haurrak irakurtzea. Haurra babestuta sentitzen da, ikusten duelako berak behar duen zeozer lantzen ari dela, eta gurasoekin kalitatezko denbora lortzen du».

Bat dator horretan Gutierrez. Hasieran, 0-6 urteko haurrei zuzendu zuten programa, eta uste du kasu askotan onuragarria dela umeek oraindik ez jakitea irakurtzen, gurasoekin «elkarlanean» aritu behar dutelako. «Emozioak lantzeko, ezagutzeko eta hautemateko modu bat da, irakurketaren bidez kudeatzen ikasteko».

Azaldu dutenez, Muskizko liburutegiak asko lagundu die programa eraginkor bat egiten. Eraikin berean daude osasun-zentroa eta liburutegia, eta, arduradunen arabera, asko erraztu zien horrek programa. Liburutegikoek txoko bat prestatu zuten osasun-langileek emandako zerrendako liburuekin, eta zerrenda luzatu ere luzatu zuten. «Ez hori bakarrik, orain beste txoko bat egin dute gaixotasunak kudeatzen ikasteko, eta fisioterapeutek, pediatrek eta erizainek idatziak dira», nabarmendu du Gonzalezek. Gainera, programa abiatu zutenetik, liburutegian erabiltzaile kopurua handitu dela azpimarratu du.

«NORBAITEK ZUGANA JOTZEN BADU DOLUARENGATIK ETA ZUK PSIKOLOGOARENERA BIDALTZEN BADUZU, PATOLOGIKO BIHURTZEN ARI ZARA NORMALA, NATURALA ETA FISIOLOGIKOA DEN ZEOZER» Irene Gutierrez

2018. eta 2019. urteetan hasi zen Gutierrez biblioterapiarekin, eta 2019an, Osakidetzaren Plan Estrategiko berriaren ondorioz, Pediatriako kontsultak aldatzen hasi zirela azaldu du Mongek. Kontsultak «gizatiartzeak» garrantzia hartu zuen, eta umeentzako estimulatzaileak diren koloreak hasi ziren ipintzen kontsultetan, «koloreen egitura dinamikoagoak» eginez: «Aldaketarako beharrizan hori hemen ere ikusi genuen, eta kontuan hartuta Irenek tresna bat zeukala eta Clarak umeekiko sentikortasun berezi bat, zentroan bertan egituratzea pentsatu genuen». Proiektua kudeatu zuten, Berrikuntza Atalera bidali eta egitura eta testuingurua ipini. Orain pozik daude erantzunarekin. Haien arabera, ondo funtzionatzen du, eta guraso eta seme-alaben erantzuna baikorra izan da.

«Gainera, familiengana hurbiltzeko modu bat da, ez dena medikalizatua», gehitu du Mongek. Hori da programaren beste gakoetako bat. Lehen Mailako Arretak prebentziorako eta osasunaren sustapenerako izan behar du, haren iritziz, biztanleriaren «jarraipen proaktibo» bat egiteko. Azaldu duenez, norbere zaintzan ahaldundu behar dira erabiltzaileak: «Erabiltzaileek ohitura onak hartzen badituzte eta emozioak kudeatzen ikasten badute, beste modu batean funtziona dezakete, eta pila bat murriztuko dugu eskari asistentziala».

Horretan sakondu du Gutierrezek, eta adierazi du askotan beste espezialitateetara bideratzeko joera dagoela erraztasunagatik: «Norbaitek zugana jotzen badu doluarengatik –animalia batena edo gertuko pertsona batena– eta zuk psikologoarenera bidaltzen baduzu, patologiko bihurtzen ari zara normala, naturala eta fisiologikoa den zeozer». Haren aburuz, umeek liburu batekin ikas dezakete dolua zer den eta nolako faseak dituen. Haurren psikiatraren laguntza beharrezkoa den kasuetan ere, liburuak lagungarriak izan daitezkeela uste du, behintzat tratamendua hasi arte.

Munduko leku batean baino gehiagotan daude antzeko programak, baina ez da orokortuta dagoen terapia bat. Osakidetzan lehenengo bider egin dute halako saiakera bat, eta beste osasun-zentro batzuetara esporta daitekeela uste dute arduradunek. «Orain asmoa da saioak beste osasun-zentro batzuetan egitea eta programak bere sena ez galtzea», azaldu du Mongek.

Hasierako liburu horietatik harago joan dira terapiaren arduradunak, eta zerrenda luzea osatu dute, etengabe aldatu eta luzatzen dena. Dagoeneko, ehunka dauzkate. Programa beste adin esparru batzuetara egokitzen saiatzea da euren erronka orain. Zerrendak handitzen ari dira, eta nerabeentzat bideratutako liburuak ere bilatzen.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other