Osakidetzaren Euskarazko Estilo Liburua argitaratu da orain gutxi. Osakidetzan testuak euskaraz idazten dituzten langileentzako estilo- eta hizkuntza-gomendioak batzen ditu, zalantzak argitu eta erakundeko testuei koherentzia emateko. Lana Euskara Zerbitzu Korporatiboak ondu du, Osakidetzako profesional askoren laguntzaz. Osakidetzako langileek ez ezik, beste edonork ere kontsulta dezake erakundearen webgunean.
Estilo-liburuak tresna garrantzitsuak dira lan-esparru berean diharduten eta testuak idazten dituzten profesionalentzat, hizkuntza-arauak jasotzeaz gain, gomendioak eman eta bateratze-lana egiten dutelako, esparru horretako idatziei koherentzia emanez. Normalizatze-bidean dauden hizkuntzetan, gainera, lagungarriak dira arloko hizkera teknikoa sortu eta sendotzeko.
Osakidetzan orain arte ez da horrelako tresnarik egon, baina urtarrilean, Euskara Zerbitzu Korporatiboaren urteetako lanaren ondorioz, Osakidetzaren Euskarazko Estilo Liburua argitaratu zen, papereko bertsioan eta online. Dokumentua osatu eta atondu duen lantaldea pozik dago emaitzarekin, uste baitute erreferentziazko gidaliburu bat izango dela osasungintzan eta administrazio sanitarioan euskarazko testuak ekoizten dituztenentzat. Liburuan hainbat hizkuntza-zalantza argitzen dira, besteak beste hitz-elkarketaz, aposizioaz, galdegaiaz edo kalko okerrez; jarraibideak ematen dira ortotipografiaz, lokalizazioaz, administrazio-testuen idazkeraz, itzultzaile automatikoetako itzulpenen postedizioaz edo euskara inklusiboaz, eta terminologiaren inguruko irizpide batzuk finkatzen dira: antzeko termino batzuen erabilera-esparruak mugarritzen dira, -ko eta -ren atzizkien erabilera argitzen da, etab. Gainera, Osakidetzako erakunde eta osasun-zentroen, lanpostu funtzionalen eta gehien erabiltzen diren testuen izen-zerrendak gehitu dira eranskinetan.
Zalantzarik gabe, liburua erreferentziazko lan inportantea izan daiteke euskaraz gero eta gehiago idazten duten profesionalentzat. Izan ere, «Osakidetzan, gaur egun, langileen erdiek baino gehiagok egiaztatuta daukate dagokien hizkuntza-eskakizuna, eta, horien artean, gero eta gehiago dira euskaraz lan egiten dutenak», Gontzal Lopez Euskara Zerbitzu Korporatiboko buruak azaldu duenez.
Irizpideak bateratu beharra
Urte askoan, Osakidetzan euskaraz idatzi duten profesionalak beren kabuz aritu dira, nork bere irizpideak aplikatuz. Horretaz ohartu ziren Ainhoa Mentxaka eta Natalia Elvira Osakidetzan itzultzaile-interprete hasi bezain pronto. Irizpide batzuk bateratu beharra sumatu zuten berehala, zerbitzu-erakundeetako langileak, zalantzak argitzeko, hots egiten hasi zitzaizkienean. Gainera, Ainhoa Mentxakak dioenez, «Osakidetzatik kanpo ere, enpresek-eta, galdetzen ziguten ea Osakidetzan estilo-libururik geneukan, eta horrela konturatu ginen zerbait egin behar genuela, bai itzulpen-lanetarako bai erakunde mailan testuen koherentzia bultzatzeko». 2015ean eta 2016an Ainhoa Mentxaka eta Natalia Elvira izan ziren Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzultzaile-interprete bakarrak, eta orduan beren kabuz ekin zioten barne-irizpide batzuk adostu eta oharrak jasotzeari. Horixe izan zen estilo-liburuaren ernamuina.
«Ondoren, Euskara Zerbitzu Korporatiboan itzultzaile gehiago kontratatu ziren, eta horrek aukera eman zuen proiektuari modu sistematikoagoan heltzeko», adierazi du Natalia Elvirak. Ane Lopez 2019. urtean hasi zen, eta, aurretik horrelako langintzan ibilia zenez, berak hartu zuen proiektuaren ardura. Dena den, sei taldekideek ez zuten uste horren lan mardula izango zenik. Hasierako asmoa ez zen liburu bat egitea, baina, Gontzal Lopezek esan duenez, «edukiak gehituz joan ziren, eta argitaratzeko moduko liburu bat geneukala konturatu ginen». Horrela, liburua argitaratzea erabaki zuten, paperezko edizioan eta online, eta aurrerantzean online edizioan lana osatzen eta moldatzen jarraituko dute tarteka, unean-uneko errealitatera eta beharrizanetara ahalik eta hoberen egokitzeko.
Osakidetzako erakundeen parte-hartzea
Estilo-liburua Euskara Zerbitzu Korporatiboak osatu eta landu badu ere, Osakidetzako langile askoren ekarpen baliotsuak ere bildu ditu. Zerbitzu-erakundeetako euskara teknikariez gain, Komunikazio, Asistentzia Sanitario eta Giza Baliabideen arloetako profesionalen laguntza ere izan dute, baita Osasun Sailarena ere. Natalia Elvirak prozesuan jarri nahi izan du arreta: «Erabaki zuzena izan zen beste eragileen parte-hartzea sustatzea; aurkezpen bat egin genuen pandemia iritsi baino lehenago, eta informazio pila bat jaso dugu haiengandik». Esate baterako, gogora ekarri dute euskara inklusiboari buruzko atalerako oso garrantzitsuak izan zirela gai horretan espezializatuago dauden langileen azalpenak; halaber, osasun mentalaren edo desgaitasunen inguruko gomendioak emateko, ezinbestekoak izan ziren espezializatutako erakunde eta profesionalen argitalpenak eta iritziak.
Online, denentzat eskuragarri
Osakidetzaren Euskarazko Estilo Liburua online aurkeztu zen urtarrilean, eta oso harrera ona izan du aurkezpenetik bertatik. Ehun bat lagunek jarraitu zuten aurkezpena, Osakidetza barrukoek zein kanpokoek (euskalgintzako erakunde eta enpresak, itzultzaileak, kazetariak…) «Denek eskertu dute egindako lana, eta gurekin jarri dira harremanetan, liburua eskuratu eta erabili ahal izateko, gehienbat ikuspegi sanitarioa interesatzen zaielako», argitu du Ane Lopez proiektuaren koordinatzaileak. «Orain online bertsioa zaindu nahi dugu bereziki, Osakidetza barruan edo kanpoan errazagoa delako bertsio hori erabiltzea; horregatik joango gara bertsio hori etengabe eguneratzen».
Estilo-liburua Osakidetzatik kanpokoei ere eskainiko zaie online. Erabilgarri jarri nahi dute euskal gizartearentzat, horrelako lanak aberasgarriak baitira osasun-arloko profesionalentzat, osasun-gaiez idazten dutenentzat eta euskararentzat oro har. Hala uste du Gontzal Lopezek: «Normalizazio-bidean erakunde batek egindako lana zergatik ezin dute besteek aprobetxatu? Denon indarrak batuta, errazago egingo dugu aurrera».