Mendeak dira emakumea gizonaren eskubide berberak nahi eta jaiotzez merezi zituela aldarrikatzen hasi zenetik. Osasungintzan ere halako emakumeak izan dira.
Hainbat eta hainbat emakume, garaian garaiko gizartean, gizonen itzal ospelean egotera zokoratuta bizi izan ziren. Gaur ere antzekoa da panorama.
Gizartearen zokoratze hau bizitzaren arlo guztietan nabarmena izan bada ere, osasungintzan are nabarmenagoa izan zen, gizonen mundua baitzen. Emakumeak debekatuta zuen medikuntza eta zientziak ikastea.
Ondoren osasungintza arloan lorpen handiak lortu zituzten bost emakumeren nondik norako txikiak azalduko ditugu:
GIZON ASKOREN BELDURRAK ISILARAZITAKOAK
FLORENCE NIGHTINGALE
(1820-1910) erizaina eta erreformatzailea.
Nahiz eta familia aurka egon – familia aberats baten alaba zen – erizain ikasketak egitea lortu zuen. Garai hartan, erizainaren edo zaintzailearen lanbidea langile-klaseko emakumeei lotuta zegoen, eta ez Florenceren gizarte-mailakoei, ikastea beharrean ezkontzea egokitzen baitzitzaien. Erizaintza modernoaren sortzailea izan zen.
Krimeako Gerra garaian , «Lady with the Lamp» izenez ere ezaguna izan zen.
Gerora Britainia Handian errotuko zen osasun publikoaren kontzeptu hasiberri baten korronte higienistei jarraituz, ospitale militarretan jarduteko era aldatu zuen: arropa zikinez jantzitako soldaduek oheak ez partekatzea lortu zuen, oheko arropak lortu zituen, garbitegi bat prestatu zuen, zabortegia urrunarazi zuen eta gelak aireztatzea eta gaixoen elikadura hobetzea lortu zuen.
ELIZABETH BLACKWELL
(1821-1910) Estatu Batuetako medikuntza eskola batera joatea lortu zuen lehen emakumea.
Blackwell mediku-eskolan (MD) lizentziatu zen lehenengo emakumea izan zen eta emakumeak medikuntzan hezten aitzindaria izan zen. Gerraren amaieran, 1868ko azaroan, Ingalaterran Florence Nightingalerekin batera garatu zuen plan bat burutu zuen eta Emily Blackwell ahizparekin batera, medikuntzan ere aitzindaria, «New York Infirmary for Indigent Women and Children» sortu zuen, Emakumearen Medikuntza Eskola.
MARIE CURIE
(1867-1934) Kimika eta fisika aitzindaria erradioaktibitatearen arloan, Nobel saria lortu zuen lehen emakumea izan zen.
Izan ere, bi sari lortu zituen. Lehena, Fisikakoa, Pierre Curie senarrarekin partekatua. Hasieran, sariak eman behar zituen batzordeak haren senarra eta Henri Becquerel baino ez zituen saritu nahi Marieri emakume izateagatik errekonozimendua ukatuz. Eta bigarren Nobel saria, Kimikakoa, radio eta polonio elementuen aurkikuntzagatik lortu zuen, radioaren isolamenduagatik eta elementu kimiko nabarmen honen natura eta konposatuak aztertzeagatik.
Curie Pariseko Unibertsitatean irakasle gisa jardun zuen lehen emakumea izan zen.
MARIA MONTESSORI
(1870-1952) Italiar zientzialaria, medikua, filosofoa, antropologoa, biologoa, feminista, psikologoa, humanista, hezitzailea, pedagogo berritzailea eta psikiatra izan zen.
Medikuntzan graduatu zen lehen italiar emakumea ere bera izan zen. Erromako Klinika Psikiatriko Unibertsitarioko kide izan zen eta zenbait urte geroago Antropologia ikasi zuen eta Filosofiako doktoretza lortu zuen. Aldi berean, Psikologia Esperimentaleko lehen ikastaroetako batera joan zen. Freuden garaian, gaixotasun mentalen sailkapen propioa garatu zuen.
Gaur egun Montessorik XX. mendeko metodo pedagogikoen berritzean izan zuen eragina ulertzea zaila izan liteke, bere ideiak agerikoak baitirudite.
Italiako pedagogoak predikatzen zuen gure umetxoek beren kabuz pentsatzeko gai izan behar dutela, helduen menpe etengabe egon gabe. María Montessorik bere metodoarekin lortu zuen haurrak beren irakasleak izatea eta oinarrizko eragiketak sei urte bete baino lehen ikastea.
Haren garaian sektore kontserbadoreenetan eztabaida sorrarazi zuten berrikuntza erradikalak izan ziren
MARGARET SANGER
(1879-1966) erizaina, jaiotza-kontrolaren defendatzailea.
White Plains Ospitalean matrikulatu zen erizaintzako praktiketako funtzionario gisa. Nahigabeko eta ezusteko haurdunaldien ondorioz haurdunen sufrimendua ikusi ondoren erizain gisa lan egin zuen emakume pobreen artean; Margaret Sangerek erronka bati ekin zion: jaiotza-kontrola eta gailuen erabilgarritasuna. «Jaiotza-Kontrolerako kasua» eta gai horri lotutako beste artikulu ugari argitaratu zuen.
Bost emakume horiek egindako lanek lortutakoak gaur egun nahitaezkotzat ditugun arren, CURIE izan ezik, ia ezezagunak dira guretzat. Zergatia: emakume jaio izatea.
Luze jarrai genezake sistema patriarkatuak historian ezabatu nahi izan dituen emakume zientzialari askoren izena adierazten, baina, oraingoz emakume handi horiek osatutako multzo txiki hori hartuko dugu adibidetzat.
Gaur egun ere, emakume zientzialariak ez ezik edozein arlotakoak ere gizonaren itzalean jarraitzen du, eta gizonak lortutako izena edo aitortza eskuratzeko lan bikoitza egin behar du gizarteak haren lana kontuan izan dezan eta zabal dezan.
Emakumeok planetako biztanleriaren erdia gara, baina ez ditugu, halere, beste erdiaren eskubide berak emakume izate hutsagatik.
Zenbaitek uste dute emakumea ahaldundu denetik, nolabaiteko berdintasuna lortu duela gizonarekiko. Adierazi ditugun bost emakumeen garaian bezalaxe, gaur egun ere lan-merkatuaren segmentazioak agerian uzten du emakumeok eta gizonek lan-eremu desberdinak betetzen ditugula, emakumeok femeninotzat jotzen diren sektore eta jardueretan, eta gizonek maskulinotzat hartzen direnetan. Gainera, emakumeok zailtasun handiak ditugu profesionalki garatzeko eta erakundeetan botere-postuak betetzeko, askotan haiek baino prestakuntza handiagoa izanda ere.
Bestalde, genero-arrakalak bere horretan dirauela gogoratu behar dugu. Hortxe daude emakumeek eta gizonek posizio desberdinak betetzea, bai eta, testuinguru jakin batzuetan, generoaren araberako baliabideen, aukeren eta boterearen banaketa ere, eta horrek, hain zuzen ere, soladata-arrakala, zaintza-arrakala eta arrakala digitala ekartzen ditu. Oraindik ere, ez da berdina lanpostu bera gizon batek edo emakume batek betetzea, gizonak soldata handiagoa jasotzea izaten baita ohikoena. Seme-alaben zaintza lanak emakumeen bizkar egoteak ondorio anitzak ditu lan ibilbideetan: kotizazio etenaldiak, jardunaldiaren murrizketak, kotizazio oinarri txikiagoak, eszedentziak eta honek guztiak izan ditzakeen ondorioak lan ibilbidearen garapenean eta sustapen laboralean… hala ere, amatasuna ez da soldata eta pentsio arrakala sorrarazten duen aldagai bakarra.
GAURKO ARRAKALA ETORKIZUNEKO PENTSIOAREN ITZAL BELTZA ETA LUZEA
Pentsioen sistema publikoa lanaren banaketa sexista eta diskriminatzailearen gainean dago eraikita. Emakumeok lan munduaren parte garen arren, gure lan baldintzak ez dira gizonezkoen lan baldintzekin parekatu eta, honetaz gain, zaintza lanen erantzunkidetasunik ere ez da lortu. Bereizkeria sexistaren emaitzetako bat soldata arrakala da. Baina bidegabekeria honek emakumeen momentuko bizi baldintzetan eta independentzia ekonomikoan kalte larria eragiteaz gain, pentsioetan ere badauka eragin beltza: emakumeon soldatak % 25 baxuagoak diren bitartean, pentsioak % 40 txikiagoak izatera heltzen dira. Emakumea pobreagoa da lanean ari denean, eta are pobreagoa izango da erretiroa hartzean.
Iturriak: Bizilan.eus • Top 100 Emakumeen historia • «Mujeres pioneras» EL MUNDO