Zer da OEE?
Izenak dioen moduan, elkarte bat da, osasun-alorrean euskara normalizatzen laguntzen duena, eta haren helburua da osasungintzan euskararen erabilera sustatzea egitasmoak antolatuz; besteak beste, osasun-biltzarrak, bertso-saio klinikoak, Agote saria —bi urtetik behin antolatzen duguna— edo Osagaiz osasun-zientzien aldizkaria, Udako Euskal Unibertsitatearen lankidetzarekin. Gaur-gaurkoz, 360 bazkide inguru gara elkartearen parte. Osasun-alorra zabala da, ordea.
Osakidetzakoek soilik hartzen al duzue konpromisoa elkartearekin?
Ez, gehienak Osakidetzakoak edo Osasunbidekoak garen arren, osasun-langile asko dira bazkide, osasun-sistema publikotik at egonda ere. Esan daiteke osasun-langileak garela denak; elkartea irekia da. Bazkide izateko, webgunean dago inskripzio-orria; urteko kuota ordainduz gero, elkarteko berriak jasotzen dira aldian behin.
Nolakoa da Goierri-Urola Garaiko ESIko euskararen egoera?
Aski osasuntsua dela esango nuke. Profesional asko daude euskaraz egiten dutenak, nahiz eta, oraindik, badagoen zer hobetu, batez ere arreta espezializatuaren alorrean. Lanpostu jakin batzuk bertako jendearekin betetzea zaila izaten da, eta bertakoak ez direnekin osatzen da lantaldea; hortaz, zaila izaten da, batzuetan, bezeroaren hizkuntza-eskaera bermatzea.
Eta nola irudikatzen duzu etorkizuna?
Euskarari dagokionez, etorkizuna kezka handiarekin irudikatzen dut profesionalak izateari lehentasun gehiago ematen diogulako euskaldunak izateari baino, eta batak ez dio ezer kentzen besteari. Profesional euskalduna izan zaitezke arazorik gabe, hizkuntzak gogor aberasten baitu profesionaltasuna. Bestalde, guk geuk barneratu behar dugu ez dela nahikoa Euskal Herrian jaioak izatea: geure hizkuntza defendatu behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da euskara erabiltzea eguneroko esparru guztietan.
Komunikazioa – Inkomunikazioa deitu diezue jardunaldiei; zergatik?
Aurreko urteetan, osasun-gai jakinen inguruan jorratu izan ditugu biltzarreko saioak. Aurten, ordea, bestelako norabide bat eman nahi izan diegu. 2010az geroztik Debagoieneko taldeak euskara eta osasuna nola uztar daitezkeen aztertu eta gero, gaia mintzagai bilakatu dugu, osasuna eta hizkuntza hertsiki lotuta daudelako, batetik, eta komunikazioa eta inkomunikazioa bide askotatik jorra daitekeelako, bestetik. Oso gai zabala da, bestelakoa, eta horrek bide ematen digu, komunikazioa ardatz hartuta, gai askori buruz mintzatzeko.
Eta nola uztartzen dira hizkuntza eta osasuna?
Alde batetik, euskarazko osasungintza komunikabideetan eta komunikazio-tresnetan nola islatzen den ikasiko dugu; esate baterako, osasunarekin lotutako terminologian sakonduko dugu eta osasunaren inguruan informatzeko eta komunikatzeko zer tresna ditugun ikusiko dugu. Osasunari buruzko euskarazko edukiak sortzen dabilen Wikipediako taldea ere bertan izango da. Beste alde batetik,pazienteen eta profesionalen artean gerta daitezkeen komunikazio-arazoak izango ditugu hizpide, eta hori da, batik bat, azpimarratu nahi duguna: inkomunikazioa sortzen dizkiguten gaiak, hau da, egunerokoan gerta daitezkeen komunikazio-oztopoak zein diren identifikatu eta aztertuko ditugu, eta horiei nola egin diezaiekegun aurre.
Urtetik urtera, hortaz, gai bat lantzen duzue biltzarrean.
Hori da, eta interes zabala dutenak bilatzen saiatzen gara ahalik eta profesional gehien erakartzeko. Interesa sor dezaketen gaiak hautatu izan ditugu azken urteotan; esaterako, emakumeak eta osasuna, infekzioak, mendekotasunak, osasuna eta kirola, osasun- hezkuntza, eta abarren abarra.
Eta nolakoa izan ohi da antolatzeko prozesua?
Urtebeteko lana dago biltzar honen atzean, eta non egingo den kontuan hartzen dugu antolatzaileak aukeratzeko orduan. Gure kasuan, talde txiki bat gara, guztira, hamar bat pertsona, hain zuzen ere, batzorde antolatzaile eta zientifikoa osatzen dugunak. Gutako batzuk hurbil bizi gara, baina oro har, Debagoienean lan egiten dugunok osatzen dugu lantaldea.
OEEko bazkide izatea beharrezkoa al da bertaratzeko?
Ez, ez da beharrezkoa bazkide izatea. Biltzarra euskara hutsean izanik, entzuleak euskaldunak izan ohi dira, baina bazkide ez diren asko azaltzen dira, gaiarekiko interesa duen edonor. Urtetik urtera, gero eta gazte gehiago animatzen dira. Oro har, osasun-langileak izaten gara gehienak, baina badago gizarte-hezkuntzan lan egiten duenik ere. Aurten, 120 bat lagun elkartzea espero dugu.
Biltzarra ez duzue nolanahiko lekuan egingo.
Leku berezi eta esanguratsua da Arantzazu. Gainera, EAEko herrialdeen arteko mugan dago, eta behar ditugun baliabide guztiak ditu. Aitzakia ona da, beraz, jendea erakartzeko.
Zergatik joan behar luke jendeak?
OEEren helburuarekin bat egiteko. Euskararen erabilera oso garrantzitsua da osasun-alorraren egunerokotasunean, eta hori normalizatzeko bidean gabiltza borrokan. Hori sustatzeko, ezinbestekoa da formatu honetako egitasmoak antolatzea; mota horretako bakarra da, lau mahai-inguru, hiru tailer eta hitzaldi bat dira osagai nagusiak. Interesdunek www.oeegunea.eus webgunetik bertatik egin dezakete izen-ematea. Horrez gain, bi kultur ekintza ere antolatu ditugu: Arrikrutzeko kobazulora eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio-zentrora.