Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Planaren ebaluazioa egin du Osakidetzak azken hilabeteetan. Orokorrean, planaren garapena ertaina izan da. 2013-2019 eperako finkatutako helburu asko egoki bete dira, baina badira hobetu beharreko atalak ere.
Osakidetzak 2013ko abenduan ekin zion Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Planari, bi helbururekin: bata, euskararen ahozko eta idatzizko presentzia eta erabilera bermatzea, kanpo-harremanetan (pazienteekin, hornitzaileekin…) zein barne-harremanetan (enplegatuekin, zerbitzu-erakundeekin…); eta bestea, baldintza aproposak zituzten zerbitzuetan euskara lan-hizkuntza izatea. Plangintzaldia amaituta, planaren ebaluazioa egin da, helburuak eta neurriak zenbateraino bete diren zehaztearren eta aurrera egiten segitzeko gako nagusiak ezagutzearren.
Ebaluazioa Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak diseinatu eta Elhuyar-Zubize enpresak burutu du, 2020ko uztailetik 2021eko maiatzera bitartean. Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztiak ebaluatu dira, prozedura eta metodologia bera erabiliz. Prozesua 2020ko martxoan abiatzekoa zen, baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, hasiera atzeratu eta aldaketak egin behar izan ziren, metodologian eta kronograman: bisitak programatu behar izan dira, adibidez, eta presentzialak izan behar ziren elkarrizketa eta bilera batzuk online egin.
Ebaluazioan, Elhuyarreko kideek informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa bildu, aztertu eta baloratu behar izan dute. Datu kuantitatiboak zenbait iturritatik eskuratu dituzte: Osakidetzako plantillari buruzko datuak esaterako (langileek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak, derrigortasun-datadun lanpostuak, euskarazko prestakuntza-ikastaroak…) informazio-sistema korporatiboetatik atera dituzte; aurrez aurreko arretan eta hizkuntza-paisaian euskarak duen presentzia ikusteko, 85 osasun-zentro eta 73 ospitale-zerbitzu bisitatu dituzte; telefonozko arretan hizkuntza ofizialen erabilera-irizpideen betetze-maila neurtzeko, 392 dei egin dituzte; dokumentuak aztertzeko, milaka agiri eskatu dituzte bisitaldi eta elkarrizketetan. Gainera, erabiltzaile euskaldunen pertzepzioa eta gogobetetzea kuantifikatzeko, inkesta bana egin diete euskara lehenetsi eta ebaluazioaren aurretik Osakidetzan artatuak izan diren 411 pazienteri. Horrez gain, informazio kualitatiboa elkarrizketetan jaso dute: banakako elkarrizketa egin diete 386 zuzendari, unitateburu eta teknikari arduraduni, eta 63 talde fokal antolatu dituzte 62 ordezkari sindikal eta 274 enplegaturekin.
Emaitzei begiratuta, planaren helburuen betetze-maila % 65,6koa izan da. Beraz, lau garapen-maila posibleetatik (baxua, oinarrizkoa, ertaina eta aurreratua) tarteko maila (% 56tik % 70era) erdietsi da Osakidetza osoan.
Planaren bost ardatz nagusiei erreparatuz gero, bitan (Irudi eta komunikazioan eta Hizkuntza-kudeaketan) garapen-maila aurreratua lortu da. Lehenak harrera-hitzak, errotulu eta kartelak, ingurune digitala, kanpaina instituzionalak eta ekitaldi publikoak hartzen ditu bere barnean. Oro har, euskararen erabilera ondo zaintzen da arlo horietan, nahiz eta errotulazio aldakorrean, ekitaldietako hitzaldietan edo YouTube bezalako sare sozialetan oraindik zer hobetu esanguratsuak egon. Hizkuntza-kudeaketaren eremua agintari eta arduradunen lidergoak, euskara erakundearen estrategian txertatzeak, euskara-batzordeek, euskara-zerbitzu teknikoek edo hizkuntza-politikaren ebaluazioak osatzen dute. Aurreko planarekin alderatuta, aurrerapen handia izan du arlo honek; erdi-mailako arduradunen inplikazioan sumatu da hutsune nagusia.
Hizkuntza-eskakizunen eta lehentasunen esparruan tarteko maila lortu da. Puntuazioa altua izan da derrigortasun-daten sistemaren aplikazioan edo hizkuntza-eskakizunen egiaztapenetan. Hemen nabarmentzekoa da profesional elebidunen bilakaera: 1. euskara-plana amaitu zenean, langileen % 24k baino ez zeukaten egiaztatuta hizkuntza-eskakizuna, eta 2. plangintzaldian % 47,5era igo da ehunekoa. Profesionalen ahaleginek, belaunaldi-aldaketak eta zerbitzu-erakunde batzuen erabaki ausartek eragin dute hazkundea. Aitzitik, behin-behineko kontratazioa izan da ardatz honetako hutsune nagusia.
Gutxien garatutako eremuak Kanpo-harremanak eta Barne-harremanak izan dira. Lehenengoan, paziente eta erabiltzaileekiko harremanak hartzen dira kontuan (komunikazio asistentziala, dokumentazioa, euskarazko zerbitzuen eskaintza, pazienteen gogobetetasuna…), eta bigarrenean enplegatuentzako komunikazioak, profesionalen arteko harremanak, euskarazko prestakuntza, etab. Esparru hauetan oraindik ahalegin handiak egin behar dira euskara lehenesten duten pazienteei euskarazko arreta bermatzeko, langile euskaldunei euskarazko prestakuntza emateko edo gune batzuetan euskara lan-hizkuntza izateko.
Ebaluazioak eremu soziolinguistikoaren garrantzia ere utzi du agerian. Izan ere, herritar euskaldun gehien artatzen duten erakundeek (Gipuzkoakoek eta Bizkaiko ekialdekoak) garapen-mailarik altuena lortu dute. Horrek adierazten du gizarte-presioak gehi euskara ohiko hizkuntza duten profesional multzo handia edukitzeak erraztu eta azkartu egiten dutela euskararen normalizazioa. Dena den, egoera soziolinguistikoak ez du dena egiten, antzeko egoera soziolinguistikoa duten erakundeen puntuazioan ere aldeak daudelako. Hortaz, beste faktore batzuek ere (erakundeetako liderren erabakiek, erdi-mailako arduradunen inplikazioak, baliabide egokiak jartzeak…) eragina izaten dute hizkuntza-normalizazioan. Gainera, ebaluazioaren emaitzak erakundeen tipologiaren arabera aztertzen badira (ESIak, emergentziak, osasun mentala, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleak, zerbitzu zentralizatuak…), aipagarria da Osasun Mentaleko sareak, lehentasunezko erakundeak izan gabe, ESI batzuen aurretik kokatu direla, lidergo sendoari esker.
Ebaluazio-txostenetan azpimarra berezia jartzen da bigarren plangintzaldiko indargune eta hobetu beharreko alderdi nagusietan. Indargune hauek nabarmentzen dira: plantilla elebidunaren hazkundea; euskaraz artatuak izan nahi duten pazienteen erregistroa; langile eta zerbitzu elebidunen identifikazio-sistema; derrigortasun-daten sistema dinamikoa; euskararen normalizazioa argitalpen, errotulazio finko eta kanpainetan; euskara plan estrategiko eta kudeaketa-planetan sartzea; hizkuntza-kudeaketa etengabe ebaluatzea; eta osasun arloko espezialitateetako terminologia eta estandar klinikoak euskarara egokitzeko lanak. Hobetzeko alderdi nagusiak honako hauek dira: hizkuntza-lidergoa aginte-kate osoan finkatzea, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak zerbitzu guztietan aplikatzea, euskarazko asistentzia-eskaintza sistematizatzea, historia klinikoa euskaraz idaztea, euskarazko prestakuntza orokortzea, eta hizkuntza-ohituren aldaketak bultzatzea, euskara hainbat langile-talderen lan-hizkuntza bihurtzeko asmoz.
2. euskara-planaren ebaluazioa bukatuta, Osakidetzak funtsezko euskarri bat dauka 3. plan egingarri eta eragingarri bat abiarazteko.
Ebaluazio-txostenak Osakidetzaren intranetean ikus daitezke.