Helene Alberdi familia-medikua da Zarautzen, baina, ikasketei ez ezik, kirolari ere ordu mordoa eskaini dio. Ahalegin horri esker, hiru aldiz izan da Espainiako txapelduna triatloian eta duatloian. Pandemiak baldintzatutako garaiotan, kirola pixka bat alboratu, eta ilusio berri bati heltzea erabaki du: ama izan berri da. Halere, lehiatzen jarraitzea espero du.
Nolatan hasi zinen triatloian?
18 urtera arte igeriketa egin nuen, eta, medikuntza ikasten hasi nintzenean, zaila egiten zitzaidan ikasketak eta kirola biak maila onean eramatea, eta igeriketa uztea erabaki nuen. Orduan, gehiago zentratu nintzen ikasketetan. Graduko azken urtean, igeriketan eman nuen izena berriro ere, eta triatloian aritzen zen jendea ezagutu nuen. Probatu, eta orduz geroztik kateatuta nago. Barne mediku egoiliarra izateko azterketa egin nuen, eta Mendaron lortu nuen postua. Hango ospitalean eta Zarauzko Anbulatorioan aritu nintzen egoiliar, eta garai hartan, entrenatzen eta lanean aritzen nintzen.
Ondoren lasaiago aritzeko aukera izan zenuen?
Egoiliar aritzen nintzenean, zaila zen biak uztartzea, ordu asko zirelako, bai lanean, bai triatloian: nahiko maila onean lehiatzen nintzen, eta lanean guardia ordu asko egin behar izaten nituen. Egoiliarrarena bukatzean, gauzak lasaiago hartzea erabaki nuen, baina COVIDa zela-eta topera aritu nintzen lanean; gainera, triatloiko denboraldia bertan behera geratu zen, eta azkenean erabaki nuen ama izateko momentu ona zela; haurdun geratu, eta otsailean ama izan nintzen. Beti izan dut buruan ama izan nahi nuela, baina ez nekien noiz izango zen momentu egokia. Iaz denboraldi osoa bertan behera geratu zenez, eta aurten ere hala izango dela ikusita, pentsatu nuen oraintxe zela garaia.
Entrenatzen jarraitu zenuen?
Bai. Haurdunaldi ona izan dut, eta entrenatzen jarraitzea lortu dut; beste era batera entrenatu naiz, eta orain ere nire asmoa horretara bueltatzea da.
Konfinamendua ezarri zutenean, lanean aritu zinen, baina ezingo zinen kanpoan entrenatu, ezta?
Ez, etxean aritzen nintzen. Behintzat lanera joaten nintzen, eta arratsaldean konfinamendua ezarri aurretik egiten nituen gauza berak egiten nituen entrenatzeko, baina etxean. Korrika egiteko zinta bat lortu nuen, bizikleta ere egiten nuen, baita bestelako ariketak ere, igeriketa simulatzeko.
2019. urtera arte hainbat txapelketa irabazi dituzu…
Esan daiteke hutsetik hasi nintzela. Egia da 18 urtera arte nahiko indartsu ibili nintzela igeriketan, eta bai menperatzen nuela. Hemen inguruko txapelketetan parte hartzen hasi nintzen, Euskadi mailakoetan, eta poliki-poliki hasten zarenean kirol batean, hobetzen joaten zara, ordu gehiagoz entrenatzen, entrenatzaile batekin, elikadura zaintzen… 2019. urtea nire urterik onena izan zen.
«2020AN ZEGOKIDAN NAZIOARTEKO TXAPELKETARA JOATEA»
Konfinamendu aurreko urtean lortu nuen hiru aldiz Espainiako txapelduna izatea, triatloian distantzia luzean eta ertainean, eta duatloian ere bai. Ikusten nuen indartsu nengoela, eta zalantza nuen horretan jarraitu edo ez, lana zela eta; izan ere, maila horretan dabilen jendea profesionala da, eta denbora gehiago eskaintzen dio.
Orain haurra zaintzea izango da zure lehentasuna, ezta?
Bai. Orain amatasun baimenarekin nago, eta umea deskubritzen. Ea zer moduz doan, eta gero ikusiko da. Kirolera bueltatu nahi dut, baina orain presiorik gabe. Ez dago argi nola itzuliko den kirola; pausoz pauso joango gara ikusten.
Espainia mailan lehiatu zara; baita nazioartean ere?
Nazioartean lehiatzeko Espainiako txapelduna izan behar duzu. 2019 arte ez nintzen txapelduna izan; podiumetan izan nintzen, baina txapeldun, ez; orduan, ez ninduten deitu. 2020an zegokidan nazioarteko txapelketara joatea, baina guztia bertan behera geratu zen, eta ez da posible izan.
Triatloian protagonismo handiagoa izan ohi dute gizonek emakumeek baino?
Egia da gizonak gehiago direla, baina azken urteotan gero eta emakume gehiago ari dira animatzen triatloian parte hartzera. Triatloia nahiko kirol berria denez, sariak hasieratik egon dira berdinduak. Alde horretatik, ez dago diskriminaziorik.
Baina egia da babesleak edota bizikletak-eta lortzeko, oraindik ere, salto handia dagoela gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Gizonetan gehiago direnez, haiek dira erreferenteak; haietan jartzen dute arreta, eta hain maila ona izan gabe lortzen dute materiala; emakumezkoetan, aldiz, oso maila ona behar duzu, edo bestela zure gorputza saldu: eskatzen dizute argazkietan gorputza erakustea, polita izatea… Hor badago aldea.
Babesleekin eta lehiaketetako diruarekin posible al da triatleta profesionala izatea?
Oso zaila da. Espainian oso jende gutxi dago sariei eta babesleei esker bizi dena, bost bat edo. Egia da batzuk triatletak ez ezik entrenatzaileak ere badirela, edo zeharka bizi direla mundu horretatik. Baina bestela oso zaila da, ez dago enpresa indartsurik, eta txapelketek ere asko baldintzatzen dute dena: zorte oneko boladan ederki, baina, lesionatuz gero edo beste edozer gertatuz gero, ez daukazu babes hori.
Mediku edo triatleta profesionala izateko aukera izango bazenu, zer aukeratuko zenuke?
Triatloitik zuzenean bizitzea oso zaila da. Lehen urtez urte hobetzen ari nintzenez, planteatzen nuen, lana ez guztiz utzi baina eszedentzia bat-edo hartzea eta ikustea noraino irits nintekeen. Gaur egun egoera dezente aldatu da umearekin, eta ez nuke lana utziko. Baina, ahalko banu, denbora gehiago emango nioke, eta gauzak txukun egiten saiatu. Jarraitzea gustatuko litzaidake.