agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

«Lantalde euskaldunen sorreran gehiago inbertitu behar da»

Jose Miguel Rekarte • Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzako teknikaria

Jose Miguel Rekartek, Donostialdeko ESIko Langileen Zuzendaritzako teknikariak, «Nominak kudeatzeko terminologiaren eta fraseologiaren bilketa» izeneko azterlana egin du. EHUk Osakidetzarekin batera antolatutako Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan graduondoan burututako proiektua izan da. Jose Miguelekin hitz egin dugu lan horri buruz eta euskararekin duen harremanaz.

Hasteko, kontatu zer lan egiten duzun ESIan eta zein den zure zeregina.
Langileen saileko teknikari gisa lan egiten dut eta Giza Baliabideen prozesu batzuetan parte hartzen dut, esate baterako, lan-karteldegietan, lizentziak eskatzeko sisteman edo aplikazio korporatiboak erabiltzeko baimenen kudeaketan. Horrezaz gain, Zuzendaritzak behar dituen txostenak edo aplikazio horiek erabiltzeko formakuntzan ere aritzen naiz, besteak beste.

Nominak kudeatzeko terminologiaren eta fraseologiaren bilketa izeneko azterlana egin duzu. Nolatan lan hori?
Intranet korporatibori esker jakin nuen bazela EHUk antolatutako graduondoko bat, osasun-arloko hizkuntza-kudeaketari buruzkoa. Osasun-jarduera eta euskara uztartzea zuen xede, bai ikuspegi profesionaletik, bai akademikotik, arreta normalizatzeko helburuarekin. Lehen aldiz antolatzen zen eta gaia gustuko nuen; gainera, nire eguneroko lanean aplikatzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaidan eta parte hartzea erabaki nuen. Graduondoko horren proiektua da egindako lana.

Zenbat termino bildu dituzu zure ikerketan?
Guztira 904 termino eta unitate fraseologiko jaso ditut. Ez dira langileen arloan erabiltzen diren guztiak, askoz gehiago baitira; izan ere, eguneroko arloko idazkietan erabiltzen direnak soilik aukeratu nituen, euskaraz dauden guztiak eta gaztelaniaz dauden erabilienak, hots, hedapen handiena dutenak (idazki ofizialetan agertutakoak edo ikastaroetan erabilitakoak). Zalantzarik gabe, badaude gehiago, baina testu korporatiboak direnei eman diet lehentasuna, alegia, erakunde guztiek erabiltzen dituztenei.

Terminoen bilketa eta itzulpena lan handiko prozesua izan da?
Bai, testu asko aztertu ditudalako, eskuz, baita termino eta unitate fraseologiko batzuk itzuli ere. Ondorioz, ordu asko eman ditut lan hau egiteko; berez, iazko udan asteburu batzuk eskaini dizkiot proiektuari. Baina argi daukat merezi izan duela, eta gustura egin dut.

Orduan, zure lanaren helburua nominei buruzko hiztegi espezifikoa lantzea izan da?
Hori da. Baina, ez da hiztegi terminologiko bat, askoz apalagoa da, ez baitut ez adibiderik ez erabilera-azalpenik jaso. Helburu nagusia nominari lotutako terminoak eta unitate fraseologikoak biltzea baino ez da izan. Horrekin, nomina-alorrean ekarpena egin nahi izan dut profesionalak trebatzeko, lan-harremanak euskaraz errazteko helburu operatibo gisa, betiere erabilera errealetik abiatuta ahalik eta baliagarriena izan dadin. Horrekin lotuta, bigarren mailako beste helburu bat ere badu, lan-arloaren araberako garapen-maila ezagutzea, hau da, dokumentuaren tipologiaren araberako sarrerak aztertu eta dauden ahulguneak identifikatu nahi ditut. Ondorioz,aurkitutako 904 kontzeptuetatik % 57 jada euskaratuta daude, batez ere arau-testuetan; kudeaketa-idazkietan, aldiz, emaitza askoz apalagoa da. Kontua da ez daudela langileak erraz eskuratzeko moduan, hori da lan honen ekarpen garrantzitsuena.

Zerk motibatu zaitu horrelako lan bat egitera?
Euskaraz lan egiten duzunean ikusten dituzu hutsuneak, esate baterako, lanean erabili behar ez ditugun maileguak baztertzea. Azpimarratu nahi dut langileok baliabide gehiago behar ditugula. Egia da ohiturak aldatzeko lan egin behar dugula, profesionalok aktibatzeko saioak egin behar ditugula eta denok hori guztia barnera dezagun hausnartzeko prozesuak landu behar ditugula; baina horrekin batera tresna gehiago eskaini behar dizkigute profesional euskaldunoi, aurreko estrategiak emankorrak izan daitezen. Argi daukat lan-harremanetan erraztasunez aritu behar dugula euskaraz, pazientek eta lankideak euskaraz artatu ditzagun.

Zure proiektua Hizkuntzen Kudeaketa Osasun Arretan: Euskara Komunikazio Klinikoan masterrean kokatzen da. Zer ikasi duzun master horretan?
Uste baino askoz gehiago, benetan. Ideia asko azpimarratu nahiko nituzke, ikastaroak puntu asko jorratzen baitu, baina hemen zaila da guztiak aipatzea. Hala ere, honako hauek zerrendatuko ditut: gaur egungo osasun-jardueraren paradigmak, Euskara Planaren indarguneak eta zer hobetuak, hizkuntzak arretaren kalitatean duen garrantzia, eskaintza aktiboa, nazioarteko ereduak, kultura gaitasunetik kultura sentiberatasunera, edo ikerketa eta hizkuntza. Hori guztia kontuan izanik, ebidentzian oinarritutako osasun-arretaren garrantziari egin nahi diot erreferentzia, nazioarteko ereduek erakusten baitute pazienteak aukeratutako hizkuntzan emandako arretak emaitza hobeak eskaintzen dituela. Dena den, ebidentzia gehiago behar ditugu hizkuntzak arretaren kalitatean duen garrantzia sustatzeko, eta, horrekin batera, kultura sentiberatasuna zabaltzeko eta sendotzeko; agerikoa da, beraz, hizkuntzari buruzko ikerketak behar ditugula.

Orduan, euskara gure lan-hizkuntza izateak zer garrantzi dauka zure ustez?
Aurrez esandakoari jarraituta, kalitatezko arreta eman ahal izatea, bezeroak aukeratutako hizkuntzan aritzea baita kalitatezko arreta. Horretarako, euskara ere ohiko eta benetako lan-hizkuntza izatea da biderik emankorrena, hau da, bi hizkuntzen arteko berdintasunera jotzea, gaitasunik edo ohiturarik ezaren aitzakiari uko egin ahal izateko.

Eguneroko lanean erabiltzen duzu euskara? Noiz, non eta zergatik?
Bai, erabili egiten dut, baina nahiko nukeena baino gutxiago, aukera faltagatik. Askok gaztelaniara jotzen dute, batez ere idatzizko harremanetan, ez baitute lana euskararekin lotzen, eta esan beharra dago lortutako gaitasuna galdu egiten dela hizkuntza erabiltzen ez baduzu. Zergatik euskaraz egin? Nire aukera delako. Aspalditik daukat militantzia euskaraz aritzeko, bai eta gaitasun gutxiago nuenetik ere, baina aitortu behar dut bidea zaila egin zaidala oso, heldua izan arte ez bainintzen ikasten hasi eta mailarik baxuenetik.

Posible da gure lana euskaraz egitea Donostialdeko ESIan?
Jakina! Nahikoa da azken urteotan egindako ibilbideaz ohartaraztea. Izan ere, euskararen ezagutzak hazkunde iraunkorra erakusten du, baina hori ez da nahikoa eta horrekin militantzia lantzea ezinbestekoa da. Hainbat arrazoi aipatzen dira euskaraz ez egiteko, hala nola euskara gutxi jakitea edo deseroso sentitzea, aukerarik ez izatea, borondaterik eza edo ohitura falta. Izan ere, oso jende gutxi ezagutzen dut larritasun egoera batean erdara salbazio gisa baliatzen ez duenik, esaterako, «hil ala biziko» dokumenturen bat idatzi behar denean. Jakitun gara ez dela erraza, baina argi dago posible dela eta hasierak zailak badira ere, gero bidea eramangarriagoa da. Egia da nork bere jarduera pertsonala kudeatzen duela eta euskara erabiltzea norberaren esku dagoela; lantaldearena, aldiz, sarritan ez dago gure esku, eta hori erronka handia da lana euskaraz kudeatzeko. Berez, lantalde euskaldunen sorreran gehiago inbertitu behar da.

Aurrerapenik ikusi duzu arlo horretan?
Bai, zalantzarik gabe. Gaur egun nik neuk jasotzen ditudan euskaraz idatzitako e-postak lekuko dira, eta ahozko harremanetan askoz nabarmenagoa da arlo guztietan. Baina hutsuneak agerian daude oraindik, eta horiei aurre egiteko zain gaude ea zer eskatzen digun euskara-plan berriak. Nire ustez, euskararen biziberritzearen paradigma egokitu behar dugu, erabaki berriak eta eraginkorragoak eskuratzeko.

Eta etorkizunean zer erronka ikusten dituzu euskarari dagokionez?
Gaia sakona eta konplexua da eta zaila da hemen jorratzea. Garrantzitsuenak hauek izan litezke: aldaketa demografikoa, egoera ekonomikoa –egungo pandemia barne– eta baliabideak, bilakaera teknologikoa, politika instituzionalaren eraginkortasuna, sentsibilitate kulturalari heltzea, hezkuntzatik bizitza sozialerako jauzia, botere-harremanak, prestigio soziala lortzea, ikerketaren bultzakada… Nik aipatu nahi ditut, besteak beste, itxurakerietatik haratago joatea, eskaintza aktiboa sustatzea, lidergoaren sendotasuna, hiztegi teknikoaren garapena, ebaluazio-sistemaren berrikuspena, neurtze-sistemaren eraginkortasuna, aliatuen sareak ehuntzea edo euskarazko prestakuntza proaktiboagoa barneratzea.

Animatuko zenituzke Osakidetzako langileak euskaraz lan egitera? Zergatik?
Bai, nire esperientzia oso positiboa izan da eta euskarari merezi duen lekua emateak poztu egin nau. Izan ere, azpimarratu nahi dut euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin dezakeela. «Il ez da, eta ez da ilko, guk ez badegu nai», esan zuen Xabier Lizardi poetak.
Iturria: info.osidonostialdea.eus

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other