agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

«Oraindik txerto gehiagorentzako lekua eta beharra dago»

Eunate Arana • Biocruces Bizkaia institutuko ikertzailea

COVID-19ari aurre egin nahian, Biocruces Bizkaiak eta Biodonostiak 2000 pertsona inguru lortu dituzte Alemaniako CureVac enpresa biofarmazeutikoaren txertoaren saio klinikorako. Jada merkatuan dauden Pfizer eta Modernaren txertoek bezala, ARNm teknologia darabil CureVac-ek. Aurten ikusiko da zer-nolako eraginkortasun tasa eta arriskua dituen alemaniarren txertoak, eta, emaitzak positiboak badira, urte amaierarako merkaturatzea espero dute. Eunate Arana da proiektuaren ikertzaile nagusia Biocruces Bizkaian.

Zein fasetan dago prozesua orain?
Oraintxe inklusio prozesuan ari gara. 953 pertsona sartu ditugu jada saioan. Guztira, 2000 lagun inguruk parte hartuko dute, eta dagoeneko denei eman diegu ordua.

Zein da zuen lana prozesu honetan?
Lehenengo boluntarioak aurkitu behar izan ditugu eta prozesua antolatu. Lehen zitan, txertoaren lehen dosia jartzen gabiltza, eta 29 egunera bigarrena. Urte osoan, boluntarioek beste sei hitzordu izango dituzte: hiru telefono bidez eta hiru aurrez aurre. Parte-hartzaileei analitikak egiten dizkiegu, eta, horrez gain, jarraipena. Arazoren bat baldin badaukate, 24 orduko telefono bat daukate laguntza jasotzeko, esaterako, positibo batekin kontaktuan egon badira, PCRa egiteko, eta sintomaren bat sumatzen badute, larrialdi zerbitzuetara bideratzeko. Prozesu horiek guztiak kudeatzen ditugu.

«HORRELAKO SAIO KLINIKO BATEAN PARTE HARTZEAK PRESTIGIOA EMATEN DIGU. GAINERA, BIDE EMATEN DIGU JENDE GEHIAGORI TXERTOA JARTZEKO»

Fase honetan ikusiko dira eraginkortasun tasak adinka, berezitasun guztiekin, ezta?
Bai. CureVac enpresaren saio klinikoan 18 urtetik gorakoak sartu dira. Adinari dagokionez, ez dago eragozpenik saioan sartzeko. Guk 70 urtetik gorakoak ere sartu ditugu. Oraintxe horretan gabiltza.

Zergatik da onuragarria Biocrucesentzat saio kliniko hauek hemen egitea?
Orain mundu osoan egiten ari garen ikerketetan nagusia COVID-19aren txertoarena da. Beraz, horrelako saio kliniko batean parte hartzeak prestigioa ematen digu. Gainera, bide ematen digu jende gehiagori txertoa jartzeko. Egunotan, hedabideetan ari gara ikusten txerto gutxi dagoela, txertoaren kanpaina astiro doala… Eta pertsona gehiagori txertoa emateko lanean ari gara.

Diotenez, CureVac txertoak Pfizerrenaren eta Modernarenaren antz handia du. Zein dira desberdintasunak?
Desberdintasun gutxi ditu, eta zenbait alde on: txertoak prestatzean, bialak 16 ordu egon daitezke hozkailu arrunt batean, 4ºC-ko hozkailu batean. Hori kenduta, antzekotasun handiak dauzkate, ia parekoak dira.

CureVac txertoaren saio klinikoaren koordinatzaile- eta ikertzaile-taldea Bizkaiko Biocrucesen.

Askok pentsa dezakete txerto hau jada berandu dabilela. Zentzurik badu oraindik alternatibak bilatzen ibiltzeak?
Oraindik mundu osoan —ez Europan eta Espainian bakarrik— txerto pila bat behar da. Gainera, ez dakigu zenbat denborarako immunitatea emango duten. Gripearen txertoa, esate baterako, urtero jarri behar izaten da, baina, COVID-19aren kasuan, ez dakigu zenbat denbora iraungo duen txertoaren eraginak, eta txertaketak mundu osoan egin beharko dira.

Pfizerren txertoa, Modernarena, Sputnik V eta abar dagoeneko garatuta baldin badaude, bada arrazoirik beste txerto batzuk ekoizten jarraitzeko, aipatutakoen produkzioa handitu beharrean?
Ikusten ari gara ez dabiltzala ekoizten behar adina. Mundu mailan oraindik txerto asko eta asko behar dira. Hego Amerikan, esaterako, ia ez dute txertorik oraindik.

Zenbait adituk aipatu dute txertoen konbinazioak emaitza onak ekar ditzakeela. Posible ikusten duzu?
Bai, hori posible izan daiteke, ekoizpenean arazoak badaude adibidez. Edo bigarren dosiak lortzeko zailtasunak suertatzen badira, posible izan liteke Modernaren eta Pfizerren txertoak konbinatzea. Printzipioz, txerto horien ezaugarriak antzekoak badira, posible izan behar luke. Hala ere, farmazeutiken edo gobernuen akordioen arabera egingo da hori.

ARNm teknologia erabiltzen duten txertoak txerto konbentzionalekin konbina daitezke?
Printzipioz zaila da; arraroa izango litzateke funtzionatzea.

«CUREVAC-EK SINATU DU TXERTO KOPURU JAKIN BATEN SALMENTA EUROPAR BATASUNAREKIN»

Ikerketak urtebete iraun arren, lehenago hasiko zarete emaitzak ikusten, ezta?
Emaitzak guk ez ditugu, baina CureVac enpresak zein Bayerrek badituzte jada. Hilero txostenak egiten dituzte, emaitzak eguneratzen dituzte, eta, gainera, Sendagaien Europako Agentziari (EMA) ematen dizkiote datuok. Seguruenik, urtebete igaro baino lehenago hasiko dira merkaturatzen. Jadanik, CureVacek sinatu du txerto kopuru jakin baten salmenta Europar Batasunarekin; beraz, posible da dena ohikoa baino lehenago egitea.

Noiz arte jarraitu beharko ditugu hurbiletik COVID-19aren egitura eta aldaera berriak?
Nik esango nuke inork ez dakiela hori, aldaera berriak etengabe agertzen ari dira eta. Dena dela, txertoak egiten dituztenak aldi berean ikertzen ari dira aldaera berrietan zenbateko eraginkortasuna duten. Baina oraindik gauza asko ikusteko daude. Lehenik eta behin, txertoa jende guztiari jarri behar diogu, eta gero ikusiko dugu horrek zer-nolako eragina duen infekzio mailan.

Oraindik denbora asko geratzen zaio CureVacen txertoari merkatura heldu arte, eta agian beste txerto batzuk lehenago helduko dira gurera: Johnson&Johnsonena, Errusiarren Sputnik V edo CoviVac… Gero eta lehia handiagoa dago txertogileen artean?
Nik uste dut lehia hasieratik dagoela; beti egoten da farmakoen industrian. Hala ere, ez dut uste arazoa denik, oraindik txerto gehiagorentzako lekua eta beharra dago eta.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other