Otsailaren 1ean ekin zion Bilbo-Basurtuko ESIko Nefrologia zerbitzuak giltzurrunetako gaitza duten paziente batzuk formatzeari, hemodialisia etxean egin dezaten. Horrela, espero dute pazienteen autonomia nabarmen handituko dela, ez direlako ospitalera astean hiru bider joan beharko.
Gutxi dira oraindik, baina haien bizitza alda daiteke etxeko hemodialisiaren modalitatearekin. Euskal Autonomia Erkidegoan lau pertsonak egiten dute etxeko hemodialisia, eta laster bost izango dira, Basurtuko Ospitalean horrexetarako prestatzen baitabiltza beste paziente bat. Dialisia etxean egitea posible zen lehen ere, baina 1980ko eta 1990eko hamarkadetan erabilera gutxituz joan zen, azpiegitura aldetik makinek instalazio konplexuak behar zituztelako. Oraingoek entxufe bat eta isurbide bat besterik ez dute behar, eta Basurtuko Ospitaleko Nefrologia zerbitzukoek espero dute erraztasun eta abantaila horiekin pazienteak erraz konbentzitzea, dialisia etxean egin dezaten.
Ardura bai, baina onura gehiago ere bai
Basurtuko Ospitaleko Olga Gonzalez nefrologoak uste du hainbat direla etxeko hemodialisiaren onurak, eta bizi-kalitatea asko hobetzen duela: «Dialisia egunero egiteak dieta askoz libreagoa izatea ahalbidetzen du, egunero kentzen dizkizulako toxina eta likido ugari».
Rosana Martinez nefrologiako gainbegiraleak argi azaldu du: «Hobe da egunero apurtxo bat kentzea, bi egunean behin makinak bi kilo kentzea baino». Izan ere, hemodialisia ospitalean eginez gero, astean hiru alditan egin behar izaten da, bi egunean behin, lau orduz. Askorentzat, ordea, errazagoa omen da ospitalean egitea: «Ziztatu egiten zaituzte, itxaroten duzu, eta bi egunez ahaztu egiten duzu», adierazi du Olgak.
Etxeko hemodialisiak konpromiso handiagoa eskatzen du, pazienteak egunero gehienez hiru orduz konektatuta egon behar duelako. «Norberaren erantzukizuna bihurtzen da dialisia etxean egunero egitea», adierazi du Olgak. «Ardura handiagoa da, eta gogoa eta gaitasuna behar dira», gaineratu du. Horregatik, paziente asko ez daude eroso hemodialisia eurek egin behar badute. «Gainera, gorputzetik kanpoko zirkuitu bat da, eta dena ikusten da», azaldu du Rosanak. Bere ustez, «errespetu handiagoa ematen du odola ikusteak ura ikusteak baino».
«DIALISIA EGUNERO EGINDA, DIETA ASKOZ LIBREAGOA EGIN DAITEKE, EGUNERO KENTZEN DITUZULAKO TOXINA ETA LIKIDO UGARI»
Dena dela, etxean dialisia egiten duten pazienteek beti daukate asistentzia eskura. «Astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik gaueko 20:00etara, eta larunbat eta igande goizetan makinen etxe komertzialeko guardiako erizain bat dute, behar dutenerako; bestela, guri ere dei diezagukete astean zehar, erreferentziazko zentroa garelako», azaldu du Iratxe Menika Basurtuko Ospitaleko Nefrologiako erizainak.
Iratxe da etxeko hemodialisira aldatu zen Basurtuko lehen pazienteari formakuntza eman ziona. Hilabete inguru iraun zuen prestakuntzak, eta dialisia bere kabuz egiteko gai da jada. Orain, Basurtuko Nefrologia zerbitzuan beste paziente bat formatzen ari dira, etxeko dialisiaren funtzionamendua ikas dezan. Iratxeren esanetan, «erronka litzateke bere burua ziztatzen ere irakastea», baina ezinezkoa da, kateterra behar duelako. «Profesionalki eta pertsonalki polita litzateke fistula daukan paziente bati bere burua ziztatzen irakastea», esan du.
Ez da bizimodu erraza giltzurrunetako gaitza dutenena; asko baldintzatzen die bizitza. Ospitaleko hemodialisiaren kasuan, adibidez, pazienteek egun osoa galtzen dutela dio Rosana Martinezek: «Anbulantzian etortzen badira, ordu bat hona eta beste bat hara, gehi dialisia egiteko lau orduak, gehi dena jarri arte emandako denbora…» Etxeko dialisiak apur bat arindu dezake zama hori. «Egunean hiru ordu asko dela pentsa daitekeen arren, pazienteak aukeratu dezake zein momentutan», argitu du Olgak. «Gauean, telebista ikustean, egin dezake, edo lanetik etorri eta gero».
Erantzukizuna pazienteengan ipintzen du etxeko dialisiak, baina independentzia handiagoa dakarkie. «Nik abantailak bakarrik ikusten dizkiot», nabarmendu du Olgak. «Ordutegia askoz askeagoa; lan egiten jarraitzeko askatasuna; ondo dializatuta egonez gero, egun bat edo bi dialisirik gabe; asteburu-pasa joateko aukera…» Bigarren etxera zein oporretan joateko, esaterako, hemodialisia ospitalean egiten dutenek eskaera bat egin behar izaten dute, hurbileko ospitale batean konektatu ahal izateko; etxeko makinak, berriz, eramangarriak dira, eta maleta batean garraia daitezke. Bestalde, etxeko hemodialisia guztiz bateragarria da pandemia garaian asko hedatu den telelanaren modalitatearekin, eta horretaz ere aprobetxa daitezke pazienteak, «batez ere gazteenak, ohituago daudelako tratamendua etxean egiten», azpimarratu du Nefrologiako buruak.
Derrigorrezkoa izan ez arren, Olgaren aburuz «komenigarria da hemodialisia egin bitartean etxean norbait izatea, ez konektatzen laguntzeko, baina bai adi egoteko, badaezpada». Hala ere, badaude bakarrik egiten dutenak, eta ez da ezer gertatzen.
Osasun-sistemarentzat ere abantaila
Pazienteen abantailez gain, Olgak begi onez ikusten du etxeko dialisirako trantsizioa, ospitaleko lan karga murriztuko duelako. Gainera, dirua aurrez daitekeela uste du: «Hemodialisia ospitalean egiten duten askok anbulantzian egiten dituzte bidaiak, eta bidaia gastu horiek asko murriztuko dira».
Estatuko ospitale batzuetan denbora daramate etxeko dialisiaren sistemarekin, baina Euskal Herrian oso gutxi daude, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, dentsitate demografikoak modalitate hau zabalduago egotea eragin du, eta Iruñerrian, esaterako, 22 paziente aritzen dira etxean. Basurtuko Ospitaleko Nefrologia zerbitzuan argi dute erronka jende gehiago lortzea dela, ahalik eta paziente gehienei laguntzea dialisia etxean egin dezaten.