Gaixotasun mentalak dituztenen eta haien ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin sortu du talde batek Gomutak izeneko proiektua. Hasiera batean, alzheimerra duten pertsonak kokatu zituzten erdigunean, baina, orain, eskizofrenia dutenak dira ardatz nagusia. Sortzaileen xedea da harremanak eraikitzea eta jendeak informazioa edozein unetan eskura izatea. Teknologiaz baliatu dira horretarako: webgune bat —www.gomutak.com— eta foro birtual bat ondu dituzte.
Juan Ignacio Llorente Orbea (Sopela, Bizkaia, 1999) Gizarte Hezkuntzako gradua ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako fakultatean. Ohartu zen gaixotasun mentalak dituztenek nahiz haien gertukoek arazo txikiak dituztela egunerokoan, eta kosta egiten zaiela konponbide bat aurkitzea. Hala, Gomutak proiektua abiatu zuen erantzunak bilatzen laguntzeko.
Nola jarri zenuen martxan proiektua?
Irakasle batek lagundu zidan hasieran. Orain dela urtebete inguru hasi zen dena. Ikerketa bat abiatu genuen, jakiteko nolako beharrak zeuden, nola has gintezkeen, eta abar. Hasieran, alzheimerra dutenentzat prestatu genuen proiektua, baina orain eskizofrenia dutenentzat dihardugu, gehienbat. Halere, gure ustez, proiektu hau eraginkorra izan daiteke ere beste kolektibo batzuentzat; alde horretatik, saiatzen gara beste elkarte batzuekin harremanetan jartzen.
Zein da Gomutak proiektuaren helburua?
Lortu nahi duguna da pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta dituzten arazo txiki nahiz handiei konponbide bat bilatzea. Izan ere, batzuetan ez dituzte izaten behar diren erremintak arazo horiei aurre egiteko. Guk 24 orduko zerbitzua eman nahi diegu, eta aukera eman eguneko edozein momentutan galderaren bat guri egiteko edo foroan galdetu eta beste batek erantzuteko. Berdinen arteko ikasketa bultzatu nahi dugu. Azken finean, nork jakingo du zure antzera dagoen batek baino hobeto zer ari zaren sentitzen? Profesional batek ere lagundu zaitzake, baina zure egoera berean dagoen batek askoz gehiago lagundu zaitzake zenbait arazo konpontzen.
Nolako arazoak izaten dituzte, bada?
Normalean, oso arazo txikiak izan ohi dira; adibidez, jakin nahi izaten dute non lortu dokumentu bat laguntza ekonomiko baten eskaera egiteko. Arazo handiagoak osasunarekin egon ohi dira lotuta; esaterako, antsietate arazoak, atake txikiak, eta horrelakoak. Horrelakoetan, ez da zaila jakitea nola jokatu, baina askoz hobeto eramaten dute horri buruz beste norbaitekin hitz egiten badute. Komunikazio-arazoak izaten dituzte sarritan; bakarrik sentitzen dira, eta, lortzen badugu egoera berean direnen talde bat leku batean biltzea, hobeto sentituko dira, eta komunikazio-arazoak alde batera utziko dituzte.
«GUK ERRUTINA HORI APURTU NAHI DUGU, ETA BIZIMODUA ZABALDU NAHI DIEGU, JENDE BERRIAREKIN ELKARTU DAITEZEN
Zaila egiten zaie gizartean integratzea?
Egunero irteten dira kalera, elkartera joaten dira, eta abar, baina ez dira hortik ateratzen. Guk errutina hori apurtu nahi dugu, eta bizimodua zabaldu nahi diegu, jende berriarekin elkartu daitezen. Alde horretatik, askotariko elkarteetako jendea leku berean elkartzen dugu, eta ikusten dugu lortzen doazela. Esaterako, foroaren bitartez komunikatzen dira; batek plan bat proposa dezake, txango bat, adibidez, eta bi herritan bizi diren bi lagun elkarrekin berba egiten hasten dira, eta harreman berriak sortzen dituzte.
Eta gizarteak nola jokatzen du?
Nire ustez, gizartearen zeregina oso sinplea baina oso garrantzitsua da. Beste edozein bezala tratatu behar ditugu. Baina hor dago arazoa: geure buruari galdetzen diogunean nola tratatu behar ditugun. Pertsonak dira, gaixotasun mental bat dute, baina pertsonak dira.
Nolako laguntza mota eskaintzen diezue?
Alde batetik, psikologo pribatuen zerbitzua dugu. Baten bat gaizki pasatzen ari bada, webgunean bilatuta psikologo lizentziadun batekin jar daiteke harremanetan. Beste alde batetik, gida labur batzuk ditugu, zeinetan eskizofreniaren inguruko informazio orokorra azaltzen den. Gida horiek lagungarriak izan daitezke eskizofrenia diagnostikatzen dietenentzat. Horrez gain, berrien foro bat dugu, eta, gure ustez, interesgarriak diren berriak argitaratzen ditugu. Podcast bat ere badugu, eta guretzat erakargarriak diren pertsonak elkarrizketatzen ditugu. Gurekin diharduten elkarteen informazioa ere eskura dago. Bukatzeko, elkarteei zerbitzu pribatu bat ematen diegu, foro bat, eta, bertan, elkarteko kideek hartzen dute parte; elkarrekin komunikatzeko aukera dute. Gainera, aurrez aurreko tailerrak ere antolatzen ditugu, partaideek bizitza aktibo bat izan dezaten.
«KOMUNIKAZIO-ARAZOAK IZATEN DITUZTE SARRITAN, BAKARRIK SENTITZEN DIRA»
Nolako balorazioa egiten duzue orain artekoa ikusita?
Uste genuena baino askoz harrera hobea izan du proiektuak. Beldurra genuen, eta, esaterako, uste genuen erabiltzaileek arazoak izango zituztela ordenagailua erabiltzeko eta teknologiarekin moldatzeko. Baina errealitatea bestelakoa izan da; oso pertsona aktiboak dira, eta oso ongi moldatu dira. Plataforma nola erabili azaldu diegu elkarteetan antolatutako tailerretan, eta jende asko hurbildu da. Gainera, bileretan harremanak sortu dituztela ikusi dugu, eta, komunikazioarekin lotutako beldur hori genuen arren, uste baino askoz hobeto moldatu dira.