agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

«Gure informazio sistemek ondo funtzionatu dute»

Susana Iglesias • Aplikazioen garapen eta mantentze-lanetako zerbitzuburua, Informatikako eta Informazio Sistemetako Zuzendariordetzan
Lan ikusezina eta askotan esker gabea egiten ari dira egunotan informatika zerbitzuetakoak. Mediku, erizain eta laguntzaileentzat ezinbestekoa da pandemiaren datuak, testen emaitzak eta pazienteen historia klinikoa eskura izatea, eta besteak beste sistema horiek eguneratzen, garatzen eta hobetzen ibili dira Susana Iglesias Aplikazioen garapen eta mantentze-lanetako zerbitzuburua eta bere taldea.  

Zein izan da zuen lana krisi honetan?
Bi arlo desberdintzen ditugu: batak azpiegiturekin du harremana, eta besteak informazio-sistemekin. Pandemian zehar hainbat arazori egin behar izan diegu aurre. Osakidetzako asistentzia prozesu guztiek informazio-sistema korporatiboekin funtzionatzen dute, eta elementu garrantzitsua da gure jarduera ulertzeko. Hau guztia hasi zenean lan-arlo batzuk argi geratu ziren, eta horietako bat zen gizartearekin komunikazio kanal bat izatekoa. 

Beharrizan horri erantzuteko telefono bidezko kanal bat ahalbidetu genuen herritarrei osasun aholkuak emateko, eta berehala kolapsatu zen, beste erkidego batzuetan bezala, gizarte osoak zeuzkalako zalantza asko pandemiari buruz. Segituan antolatu behar izan genuen koronabirusean espezializatutako dei zentro bat; oso arin kudeatu genuen, eta jende asko ipini genuen herritarren galderak erantzuteko eta deien segmentazio bat egiteko. Batzuek informazioa eskatzeko bakarrik deitzen zuten, eta horientzat call centerretako langileak kontratatu behar izan genituen atoan. Beste kontsulta batzuek osasun-asistentziarekin zerikusi gehiago zuten, eta call centerretakoek gure erizainei bideratzen zizkieten. Hura izan zen gure lehen beharrizanetako bat eta call center hori sortu genuen, EAZ koronabirus (Erabiltzaileentzako Arreta Zentroa) izenekoa.

«USTE DUT LEZIO ASKO IKASI DITUGULA, ETA ASKO DAUKAGULA IKASTEKO ORAINDIK»

Herritarrez gain, gure arteko profesional askok zalantzak zeuzkaten barne prozesuei buruz eta pazienteak artatzeko moduari buruz ere bai. Zalantza horiek argitzeko antolatu genuen laster batean profesionalentzako dei zentro bat. 

Erlojupean?
Bai, egia esan bi egunetan antolatu genituen call center hauek, eta gure teknologiarekin egin genuen. Bien bitartean gure profesionalak etxeetara bideratzen hasi ginen, telelana egiteko eta kutsatzeak saihesteko. Gainera, isolatuta zeuden langile askok jarraitu egin zuten lan egiten etxetik, gehienek telefono bidezko aholkularitza egiten. Horretarako, ahalbidetu egin behar izan genituen telelana egiteko kanalak, gure komunikazio sareak eta lizentziak berriztuz eta eguneratuz, zein baliabideak emanez.

Abisuei eta alarmei dagokienez, laborategien informazio-sistemak erabili ditugu ardatz moduan, diagnostikoentzako behin betiko proba PCRa izan delako, nahiz eta gero beste proba batzuk agertu diren. Horregatik egin behar izan ditugu hainbat konfigurazio eta parametrizazio, eta laborategien emaitzen berri eman erakundeei eta Osasun Sailari. 

Asistentziarako informazio-sistemei dagokienez, Osabide sisteman gordetzen dugu gure historia klinikoa, eta martxan jarri dugu integratze-prozesu oso sendoa laborategiekin. Ezinbestekoa zen segituan jasotzea COVID-19aren positiboen emaitzak, eta emaitza horiek gure historia klinikoan sartzea, behar izanez gero, profesionalek paziente bakoitzaren egoera jakin zezaten. Asko garatu dugu alerta sistema informazio hori guztia jasotzeko.

Osakidetzaren saretik kanpo dauden hainbat azpiegitura baliatu dituzue krisiari aurre egiteko.
Bai. Desinfektatu diren hotelak erabili ditugu COVID-19arekin larri ez zeuden pazienteentzat eta zahar-egoitzen laguntza izan dugu. Zahar-etxe handi batzuk hustu dira eta bertara eraman ditugu COVID-19a duten pazienteak, gaixorik daudenak gaixorik ez daudenengandik urruntzeko. Horrek behartu gaitu gure informazio-sistemak eta historia klinikoa zabaltzera azpiegitura horietara, Osakidetzako profesionalez gain, osasun pribatuko langileen laguntza erabili dugulako, eta sistema horietarako sarbidea behar zutelako.

Aldaketa hauek krisiak eboluzionatzen zuen heinean egin behar izan dituzue?
Bai, noski. Aldaketa eta konfigurazio hauek garatu behar izan ditugu eta gure saretik kanpo dauden azpiegitura horietara guztietara zabaldu. Batzuetan honelako egoerek konponbideak bilatzera behartzen zaituzte eta agian orain arte ez ditugu izan.

«TELELANA GERATUKO DEN EDO EZ GIZA BALIABIDEETAN ERABAKI BEHARKO DUTE. TEKNOLOGIKOKI EZ DAGO ARAZORIK»

Orduan uste duzu etorkizunerako hobeto prestatuta dagoela Osakidetza?
Uste dut lezio asko ikasi ditugula, eta asko daukagula ikasteko oraindik. Nire iritziz, arin erreakzionatzen jakin dugu, eta badakigu zein puntutan hobetu behar dugun. Gure informazio-sistemek ondo funtzionatu dute, hori horrela da, eta gai izan gara eskatu diguten ia guztiari erantzun bat emateko. Dena dela, hobetzeko tartea daukagu, logikoa da.

Adibidez, aurrerakuntzen artean daukagu “chat-bot” bat, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren webgunean eskuragarri. Jendeak galderak egin diezazkioke “bot” honi, eta edukietara sartu bertatik. Horrez gain, zerbitzu bat jarri dugu martxan larri dauden pertsonek agur esan diezaieten haien familiakoei, oso gogorra delako ezin izatea komunikatu hain egoera txarrean hurbileko batekin. Komunikazio hori guztia ahalbidetzeko mugikorrak eman dizkiegu erakunde guztiei.

Aurrerakuntza hauek etorkizunerako gelditu daitezke? Telelana, urruneko artatzea…
Telelana batez ere alde teknikoa egiten dutenek egin dezakete. Osakidetzak asteko zazpi egunetako 24 orduetan egiten duenez lan, guk eguneraketa guztiak gauez egiten ditugu, ahalik eta gutxien eragiteko zerbitzuari. Orduan esperientzia nahiko genuen horretan [telelanean], eta egoerak behartu gaitu beste arlo batzuetara zabaltzera. Telelana geratuko den edo ez Giza Baliabideetan erabaki beharko dute. Teknologikoki ez dago arazorik.

Bestalde, haurdun dauden emakumeen erditze-aurreko eskolak, adibidez, bideokonferentzia bidez egiten aritu gara, eta baliabide horiek geratu egingo dira. Baita hobetu ere.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other