agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Heriotza eta dolua: bizitzaren islak

Iñaki Peña Bandres • Barne Medikuntzako fakultatiboa

Heriotza bizitzaren parte saihestezina da, baina gizarte modernoan sarritan baztertu eta ezkutatu egiten da. Beldurrak, tabu sozialek eta doluaren inguruko ziurgabetasunak errealitate horri aurre egitea zailtzen dute. Hala ere, heriotzaren aurrean jarrera osasuntsuago bat hartzea posible da, bizitzaren zati gisa onartuta eta horrek dakarren doluari bide emanda.

Dolua ez da ahaztea, baizik eta galtzearen mina barneratu eta horrekin bizitzen ikastea. Prozesu pertsonala eta bakarra da, baina aldi berean unibertsala. Galera bakoitzak geure baitan zerbait berria eraikitzeko aukera ematen digu, nahiz eta hasieran sufrimendu hutsa den. Errituek, oroitzapenek eta komunitatearen babesak dolua kudeatzen laguntzen dute eta, horrela, minaren erdian ere, maitasuna eta esker ona aurki ditzakegu.

Agian, bizitza osotasunez bizitzeko giltza heriotzaren presentzia onartzea da. Heriotzari beldurra izateak ez gaitu heriotzatik babestuko, baina bizitza intentsitatez eta kontzientziaz bizitzeak dolua eramangarriago egin dezake.

Iñaki Peña Bandres Barne Medikuntzako fakultatibo aritzen da, Zainketa Aringarrietan hain zuzen ere, Osakidetzako Arrasateko Ospitalean. Zainketa Aringarrietan, gaixotasunak sendatu beharrean, sintomak murrizten ahalegintzen dira nola edo hala. Sufrimendua prebenitzea eta gutxitzea da helburu nagusia, baita gaixo kroniko, larri eta sendaezinen bizi-kalitatea hobetzea. Peñak heriotzari eta doluari buruzko hiru dokumental egin ditu: Aulki hutsak, S(u/a)minetik bakera eta Mendian hil. Hirian hil. Iaz, Zainketa Aringarrietako Kataluniako Masterra amaitu zuen, eta Master Amaierako Lanerako hiru dokumentalen analisi kualitatiboa egin zuen. Horretan oinarrituta, liburu digitala argitaratu berri dute Booktegi plataforman.

Zerk motibatu zaitu dokumental trilogia hori egitera eta ondoren liburua argitaratzera?
Alde batetik, nire jarduera profesionala dago: 15 urteotan zainketa aringarrietan oso enfokatuta egon da. Eta, beste alde batetik, bizitzan izan dudan dolurik garrantzitsuena dago, 2007an aitaren heriotzak eragindakoa. 2013an, Aulki hutsak dokumentala egin genuen zauri horretatik, amaren prozesu onkologikoaren hasierarekin bat eginda. Ama bi urte geroago hil zen. Bitxia da umezurtz sentitzea umea izan barik, heldua zarenean, seme-alabekin eta abar. Eta oso positiboa izan zen niretzat gauzak kontsultaren bestaldetik ikustea, seme moduan, mahaiaren bestaldetik. Osasungileoi ondo datorkigun bizipena dela esango nuke.

Beste bi dokumentalak ondoren etorri ziren, nahiko modu naturalean. Hasitako lana borobiltzeko era bat izan da. Ezin da esparru guzti-guztia jaso hiru lanetan; planteatu ere ezin den zerbait da. Izan ere, gurea ikuspegi zehatz bat da beste hainbaten artean, eta testuinguru geografikoak eta kulturalak markatuta dago. Pluralean hitz egiten dut, trilogia hori talde-lana izan baita: protagonistak, Arteman Komunikazioa…

Azken urratsa izan da liburu batean jasotzea hiru film horietako elkarrizketak, eta, ondoren, gaika sailkatzea hiru bloketan: heriotza baino lehen (zaurgarritasuna), heriotza bera (nola, non, noiz…) eta heriotzaren ondoren (dolua). Liburua oinarrituta dago Zainketa Aringarrietako Master Amaierako Lanean, 2023-2024an Viceko Unibertsitatearekin eta ICOrekin egindakoan.

Zein dira heriotzari eta doluari lotutako mitorik handienak gure gizartean?
Mitoak edo fantasiak hasten dira ezer baino lehen, zahartzearekin eta gaixotzearekin. Hilezkortasunaren fantasia hor dago, eta hori jorratzen dugu bigarren dokumentalean, (S(u/a)minetik bakera). Baina badago beste arazo handi bat zahartzearekin, estigma handia duela, eta, nolabait, inork ez du bere burua adinekotzat jotzen, adinekoa izatea kontu negatiboekin lotzen dugulako. Eta ondorioa zera da, jende guztia gaztetzat jotzeko ohitura dugula 80 urterekin ere, nahasten dugula aktiboa edo sasoian egotea gaztea izatearekin. Alde horretatik, oso interesgarriak iruditu izan zaizkit beti Arantxa Urretabizkaia idazlearen gogoetak horren inguruan, hark egiten duen zahartzaroaren apologia, bere buruarekin hasita. Horregatik, haren testuren bat edo beste txertatu genuen bigarren dokumental horretan.

Deskarga-lotura:
https://labur.eus/sd0kmhiz

Badago beste fantasia handi bat medikuntzaren ahalaren inguruan. Zorionez, gero eta minbizi mota gehiago sendatzen dira; ikerkuntzari esker, bestelako gaixotasun batzuek ere pronostiko hobea dute. Aurrerapenak nabarmenak dira, bai. Baina medikuntza ez da ahalguztiduna: kimioterapiak eta bestelako farmako potenteek albo-ondorioak dituzte eta muga ugari ditu profesio honek, gaur egun ere. Doluarekin, azkenik, badago egindako esaldi bat, asko erabiltzen dena: «Aurrera egin behar da, ez dago besterik». Errealitatea zera da, inork ez dizula esango nola egin behar den aurrera, eta ematen du esaldia botatzen dela berez isiltzeko edota gaiaz aldatzeko.

Nolako aldea dago hirian edo herrian hiltzearen artean?
Ziur aski gero eta gutxiago daude, baina esango nuke oraindik desberdina dela hirian edo herrian hiltzea (eta bizitzea, noski). Hirietan, funtsean, hobeto zabaltzen dira goian aipatutako fantasiak; gehiagotan sinesten ditugu. Perspektiba galduago dago ondare zahar hartatik, eta, Montse Esquerda pediatrak esaten duen moduan, «heriotzaren deskulturizazioa»dago. Izaskun Andonegik doluan aditua den erizainak ere jorratzen du gaia Aulki hutsak eta Mendian hil. Hirian hil filmetan. Gainerakoan, eskualde batzuetan, konplikatua izan daiteke herrian hiltzea gaur egun: Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan, adibidez, periferietan eta hiriburuetatik urrun daude, eta baliabideak falta dituzte. Zorionez, gaur egun, osasun-zentroetako familia-mediku eta erizain onek zailtasun horiek gainditu ditzakete paraje horietan ere.

Dokumentaletan bildutako testigantzek zer irakatsi dizute heriotzaren eta doluaren inguruan aurretik ez zenekiena?
Gauza ugari ikasi ditut urte hauetan guztietan elkarrizketa horien guztien bitartez. Dolu perinatalarena izan da horietako bat, Eider Otxoari eta Iker Barandiarani esker (Aulki hutsak dokumentalaren protagonistak). Dolu mota hori, gurasoek eta senideek haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira haurra galdu ondoren izaten duten prozesu emozionala da. Julio Gomez mediku paliatibistak esaten duen moduan, pazienteak (eta senideak) dira gure maisurik onenak. Erresilientzia kasu miresgarriak ezagutu ditut lanean, eta horietako batzuk dokumentaletan jasota daude. Adibidez, Crespo-Zuazua familiaren testigantza Mendian hil. Hirian hil-en, Olatz Etxabe eta Sandra Carrascoren hainbat irakaspen S(u/a)minetik bakera lanean, Arantzazu Ibarrondo eta Imanol Minerren testigantzen argitasuna Aulki hutsak-en…

Heriotza duina aipatzen duzu liburuan; nolako baldintzak behar dira heriotza duina izateko?
Lehenik eta behin, bizitza duin edo on batek sarritan heriotza on edo duina dakar. Norberak bizitzari zentzua topatu ote dion oso kontu garrantzitsua da. Gogobetetasuna gakoetako bat da, eta hor bete-betean sartzen gara espiritualtasunean, arlo erabat erakargarria. Noraino errespetatu diren hil denaren nahiak eta borondateak. Alde batetik, hildako pertsonen faktoreak daude eta, beste alde batetik, heriotzarekin berarekin lotutakoak, hau da, zelakoa izan den prozesua, zenbateko sufrimendua izan duen… Gure aldetik, zainketa aringarrietan, urrats asko egin ditzakegu sufrimendua ahal bezala murrizteko, baina garrantzitsuena da gaixoaren erabakitzeko eskubidea errespetatzea.

Dolu konplikatuari aurre egiteko, nolako estrategia edo laguntza-mekanismo dira eraginkorrenak, zure esperientziaren arabera?
Doluarekin, oro har, entzuteko gaitasunak berebiziko garrantzia du. Aktiboki entzuteak enpatia dakar, eta horren ostean errukia, besteen mina arintzeko gakoa. Ondoan egotea, ezer berezirik esan gabe ere, oso lagungarria da. Isiltasunari eustea, tristezia sostengatzea, umorea momentu egokietan erabiltzea… Liburuan, zenbait puntu jaso ditugu, hiru dokumentaletatik aterata.

Dolua konplikatua denean, bestela, sarritan laguntza profesionala behar izaten da. Bat-bateko heriotzekin, hildako pertsona gaztea denean, suizidioarekin edo hilketekin; horrelakoetan, ohikoa izaten da profesional aditu batekin lan egitea, medikazioa hartzea denboraldi batez. Hor, senideen edo lagun onen laguntza ere ongi etorria izaten da, komunitatearena are gehiago, edota dolu kolektiboaren sostengua. Konplikatuagoa izaten da ingurukoen laguntzarekin bakarrik aurrera ateratzea.

Liburuan aztertzen duzu gaia: nolako eragina izan dezake naturaren kontaktuak, mendizaletasunak edo ingurune lasai batek dolu-prozesuan?
Hauxe da nire aportazio pertsonala, Juanjo Garbizu idazle eta alpinistak monterapia esaten diona, «menditerapia» alegia. Niri laguntzen didan moduan, besteentzat ere, baliagarria izan daiteke. Kirola oro har beti da mesedegarria edozertarako, baina naturarekin harremanean beste plus bat izaten du. Itsasoan egiten den guztia ere izan daiteke, baina nik ondoena mendia ezagutzen dut, maila apalean betiere, nire kota ez delako 4.000 metrora iristea.

Zer-nolako erronkak ditugu oraindik heriotzari eta doluari buruz modu osasuntsuan hitz egiteko eta gizartean kudeatzeko?
Naturaltasun handiagoarekin eta beldur gutxiagorekin jokatzen ikasi beharko genuke. Azken urteotan zineman eta literaturan lan ugari ekoitzi dira, marrazki bizidunak eta komikiak ere bai. Hori guztia mesedegarria da, nire ustez. Eta gehituko nuke nabaritzen dela gizartearen zati baten ahalegina, umeei begira bada ere. Hori lanean eta kalean sumatu dut gehienbat.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other