agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

“Zientzia guztiontzat da, eta talentuak ez du generorik”

Izaro Fernandez Iriondo • Doktorego ikaslea

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Egun hori Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ezarri zuen 2015ean, emakumeek eta neskek zientzian eta teknologian parte hartzea sustatzeko eta genero-arrakalari aurre egiteko. Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika (STEM) arloetan emakumeek historian izan duten ekarpena sarritan baztertu edo gutxietsi egin izan da; hori dela eta, mundu osoan ekitaldiak, hitzaldiak, tailerrak eta sare sozialen kanpainak antolatzen dituzte, emakume zientzialariak aitortzeko eta neskei inspirazioa emateko. EAEn ere, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta zientzia-dibulgatzaileek ekimen ugari antolatzen dituzte.

Izaro Fernandez Iriondok 28 urte ditu, eta Osasun Sailaren Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuan dago, doktoregoko tesia egiten. Fisikako gradua ikasi zuen UPV/EHUn (Leioan), betidanik jakin-min handia izan baitu naturako fenomenoetarako: zergatik gertatzen diren, nola azaldu daitezkeen eta nola uler daitekeen hobeto inguruko mundua. Graduan, adar asko ikasi zituela azaltzen du: mekanika, astrofisika, optika, kuantika, termodinamika… Denetarik. Baina, hainbeste irakasgai izanik, ez zuen denborarik izan benetan zerk liluratzen zuen gogoetatzeko.

Graduko azken urtean, Seneca-SICUE mugikortasun-programari esker, Granadara joan zen. Han, irakasgai bat aurkitu zuen, bere bidea aldatu zuena: Sistema Konplexuak. Lehen egunetik oso bitxia eta interesgarria iruditu zitzaion Izarori. Milaka osagaik elkarrekin nola eragiten duten eta fenomeno harrigarriak nola sortzen diren ulertzea zen kontua. Eta, noski, gehienbat gizakiaren garunarekin txunditu zen: nola lan egiten duten batera milaka eta milaka neuronak pentsatzeko, idazteko, musika entzuteko, sentitzeko, ibiltzeko, liburu bat irakurtzeko, zinemara joateko; zoragarria iruditu zitzaion.

Ordutik aurrera, horretan jarri zuen bere arreta guztia. Gradua amaitu ondoren, Biobizkaiako Neuroirudi Konputazionalaren taldean sartu zen Jesus Cortes ikerlariaren zuzendaritzapean eta bertan egin ditu bai gradu- eta bai master-amaierako lanak. Gaur egun, Ingeniaritza Informatikoaren arloko doktoretza amaitzear dago.

Zertan datza zure ikerketa?
Nire ikerketan, erresonantzia magnetiko bidezko garuneko irudien analisia egiten dut. Zehazki, pandemiaren ostean izugarri ugaritu diren kondizio psikiatrikoen, bereziki depresioa duten pazienteen, irudiak aztertzen ditut. Nire helburua da depresioa jasaten duten pertsonen artean azpitaldeak identifikatzea, hau da, garuneko irudietan ezaugarri komunak dituzten pazienteen taldeak aurkitzea. Izan ere, depresioa ez da modu bakarrean agertzen; mota asko daude, eta mota horiek irudi bidez identifikatzea eta ahalik eta xeheen deskribatzea funtsezkoa da ondorengo tratamendua ahalik eta pertsonalizatuena izan dadin. Azken finean, guztiok desberdinak gara, eta depresioak ez gaitu modu berean jotzen.

«HORRELAKO EGUNEK EZINBESTEAN ERREFERENTEAK SORTZEN DITUZTE; JENDEA EZAGUTARAZTEKO BALIO DUTE, ETA EMAKUME ZIENTZIALARIEN HARREMANAK ETA SAREAK ERAIKITZEKO»

Zergatik ikerketa gai hori?
Ikerketa gai hori bereziki interesgarria iruditzen zait, lehenik eta behin, edozein kondizio psikiatrikotan tratamendu indibidualizatua izatea funtsezkoa delako. Kondizio horiek oso heterogeneoak izaten dira, hau da, pertsonengan modu askotara agertzen dira, eta, horren ondorioz, sintomatologia bera izan arren, pazienteek tratamendu berari oso era ezberdinetan erantzuten diote. Hori da gakoa, pazienteek garunean izan ditzaketen desberdintasunak aztertzea. Horrez gain, ikerketa gai horrek eta Biobizkaiako taldekideen proiektuek diziplina anitzeko profesionalekin lankidetzan aritzeko aukera ematen digute. Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait osasunaren eta teknologiaren arteko arrakala murriztea, diziplinen arteko elkarlanak aurrerapen esanguratsuak ekar baititzake.

Zientziaren arloan nolako oztopoei egin behar izaten diete aurre emakumeek gaur egun?
Emakume zientzialariaren bidean aurrera egitea ez da beti erraza izaten, eta askotan errepikatzen dira egoera deserosoak. Egoera horiek hainbeste aldiz gertatzen direnean, horrek adierazten du fenomeno hori ez dela kasualitate bat, baizik eta sistema baten ondorioz gertatzen dela etengabe. Hortaz, egoera horiek bidea zaildu edo aurrera jarraitzeko motibazioa kolokan jar dezakete.

Zientzia arloan, eta bereziki STEMen esparruan, oso ohikoa da graduko ikasketetan ia emakumerik ez egotea. Horren ondorioz, ia ez dago emakume irakaslerik ere, eta hortik dator erreferente-falta. Masterrean egoera ez da askorik aldatzen, eta doktoretzan ere antzera jarraitzen du kontuak.

Hala ere, ez nioke horri oztopo esango, hezkuntzaren eta gizartearen isla baita egoera errepikakor hori. Tristea da, gizarte bezala, oraindik horrelako errealitate bati aurre egin behar izatea. Niretzat, benetako ardura ez da bidean aurkitzen diren zailtasunak gainditzea bakarrik, baizik eta beti norbere burua zalantzan jartzea. Hau da, hainbeste gizonen artean sari bat irabazteak batzuetan pentsarazten dizu: saria benetan zure lanagatik jaso duzu, edo emakume izateagatik?

Behin, Ursula Keller zientzialariari esaldi bat entzun nion mahai-inguru batean, niretzat mantra bihurtu dena: «Ez pentsa inoiz sari bat irabazi duzunik emakumea zarelako». Hori dut gogoan, eta nire eguneroko lanarekin uztartzen dut.

Zergatik ospatu behar da horrelako egun bat?
Horrelako egunek ezinbestean erreferenteak sortzen dituzte; jendea ezagutarazteko balio dute, eta emakume zientzialarien harremanak eta sareak eraikitzeko. Horrela, diziplina eta lurralde askotako emakume zientzialariek esperientziak partekatzen dituzte, eta elkarlana sustatzeko aukera izaten dugu. Horrek komunitate sendoagoa sortzen du.

Nola susta daiteke emakumeen interesa zientziaren eta teknologiaren arloetan?
Haurtzarotik sustatu behar da zientzia munduaren gaineko jakin-nahia; horregatik, hezkuntzak funtsezko zeregina du honetan guztian. Orain 28 urte ditut, baina 12 urterekin, adibidez, asko gustatuko zitzaidakeen eskolan Historiako zientzialari garrantzitsuenen artean emakumeak ere agertzea, horrek neure burua motibatuko baitzuen.

Ez bakarrik Neil Armstrong Ilargira iritsi zen lehen gizona, Isaac Newton grabitatearen teoria aztertu zuen lehena edo Albert Einstein erlatibitatearen teoria garatu zuen lehena. Baizik eta Marie Curie, Kimikako eta Fisikako Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea; Ada Lovelace, lehen algoritmoa idatzi zuena eta gaur egungo informatika kontzeptuen oinarriak ezarri zituena; eta Rosalind Franklin, DNAren egitura argitzeko funtsezko ekarpena egin zuena. Nahiko nuke etorkizunean zientzialarien izenak burura datozkidan bakoitzean emakume gehiago izatea horien artean, eta ez horretarako ordubete pentsatzen egon behar izatea. Zerbait barneratua eta guztiz normala izatea gustatuko litzaidake, guztiontzat.

Gogoratu: Zientzia guztiontzat da, eta talentuak ez du generorik!

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other