agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

“Iraultza digitala, pertsonen osasuna hobetzeko”

Diego Jimenez • Analisi Klinikoko Fakultatibo Espezialista

Bilakaera teknologiko etengabean dagoen mundu honetan, osasunaren arloa ez da aurrerapen digitaletatik kanpo gelditzen. Diego Jimenezek, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Analisi Klinikoko Fakultatibo Espezialista diharduenak, Osakidetzan abisu digitalen sistema bat ezartzeko ideia izan zuen.

Helburua zen laborategien eta medikuen arteko komunikazioa hobetzea analisi klinikoetan ezusteko aurkikuntzak medikuari helarazteko eta horrek hurrengo pausoak ematen jarraitzeko. Parte Hartuko (profesionalek proposamenak egiteko duten plataformako) bost onenen artean onartu zen proposamena, eta tresna eskura dago duela urtebete Osakidetza osoan.

Nola erabaki zenuten proiektu hori aurrera eramatea?
Laborategian analisi klinikoak aztertu, interpretatu eta horien emaitzak medikuei helarazten dizkiegu. Analisi horietan ohikoa ez den zerbait dagoenean, jaso dugun prestakuntzaren ondorioz, argi dugu zer egin pazientearen segurtasuna bermatzeko: balio kritikoak badira, medikuari deitu eta berehala ohartarazi. Baina bada beste emaitza mota bat, premiazkoa izan gabe medikuak lehenbailehen ikustea komeni izaten dena: «ustekabeko aurkikuntza» deritzo.

Historikoki horrelako kasuetan ere telefonoz deitzen genuen abisua emateko, baina batzuetan ez da erraza jendearekin harremanetan jartzea. Orduan bururatu zitzaigun tresna informatikoak erabiltzea metodo bat bilatzeko; deitu behar izan gabe medikuek emaitzak kontsultatu eta kalitatezko informazioa jasotzeko digitalki.
Zertan datza, beraz, abisu-sisteman oinarrituriko proiektua?
Paziente baten analisi klinikoan ustekabeko aurkikuntza bat dagoenean, medikuari sistema digitalaren bitartez helarazten zaio informazioa, horrek ohikoak diren itxaronaldiak ekidin eta arreta lehenetsia eman diezaion.

Osakidetzaren historia kliniko elektronikoan (Osabide Globalean) jadanik baziren «patologiko» eta «ez-patologiko» epigrafeak, eta orain, horiez gain, beste bat gehitu dugu, ustekabeko aurkikuntzarena. Bertan, medikuak laborategiko mezuan ikus dezake zerbait garrantzitsua dagoela, baita arrazoia ere. Hala, informazio horren araberako erabakiak har ditzake.

Eguneroko adibiderik?
Debut diabetikoaren kasua ohikoa izaten da. Gerta liteke paziente bat medikuarenera joatea gaizki sentitzen dela eta; asteburuan botaka egin duelako, adibidez. Medikuak analisi bat eskatuko du laborategira, eta ohiko parametroak baino glukosa altuagoa ikusten badu, automatikoki abiatuko dute beste proba bat: hemoglobina glikosilatua.
126tik gorako glukosa eta 6,5ko glikosilatua agertzen badira, diabetes medikoaren diagnostikoa ondoriozta dezakete, gida klinikoen arabera. Momentu horretan, laborategiak ustekabeko aurkikuntza bat egon dela ohartaraziko dio medikuari, abisu sistemaren bitartez. Beraz, medikuak plataforman begiratzen duen momentuan jakinarazpena dagoela ikusiko du, eta pazientearekin kontaktuan jarriko da hitzordua aurreratzeko. Horrela, pazienteak ez du itxaron beharko emaitzak berrikusi eta tratamendua hasi arte.

Nolako onurak dakarzkie sistema berri honek pazienteei eta osasun arloko profesionalei?
Pazienteari bi onura nagusi dakarzkio: goiz hautematea eta okerrerako joera hautematea. Lehenik eta behin, ezkutuko gaixotasunaren diagnostikoa egitea ahalbidetzen du, pazienteak ez dakielako ezer duenik. Gainera, gaixotasun askok okerrera egingo ote duten aurreikus daiteke, monitorizazio-bidez; beharbada aldaketa horren ondorioz ez da ospitalizazio bat egin behar, baina ebaluatzen joateko aukera zabaltzen du. Lehen Mailako Arretan, kasu batzuetan, kontsulta egunera arte ez ditu analisien emaitzak ikusten, eta askotan hobe izaten da denbora-tarte hori ez itxarotea; tresna honek diagnostiko goiztiarrean laguntzen du.

Osasun-sistemaren barnean proiektuak laborategiari parte-hartze handiagoa ematen dio eta, gainera, klinikoekin harreman-bide berri bat zabaltzen du. Pazientearen bizi-kalitatea hobetzea da helburua eta tresnak erabilgarria izan behar du informazioa hobeto helarazteko.

Prozesu luzea izan da 2022an profesionalek proposamenak egiteko Parte Hartu plataforman ideia aurkeztu zenuenetik gaur egunera arte. 2024tik abian dago Osakidetza osoan; nolako balorazioa egin duzue orain arte?
Prozesu bikaina izan da. Ameslaria naiz, eta beti pentsatzen dut gauzak ondo atera daitezkeela. Baina ez da nire lana bakarrik izan, Laborategiko, Informatikako, Berrikuntzako Osabideko eta beste esparru askotako lantaldeen emaitza izan da. Raquel Benito, Berrikuntza Arloa daramana, proiektu honetako pertsonarik garrantzitsuenetarikoa izan da. Ideia izan genuenetik, bera izan da, nolabait esateko, kanal bultzatzailea. Bide luze eta motela izan da, baina iritsi gara abian jartzera. Programa bat baino gehiago daude, eta horien elkarreragina bermatu behar da.

Orain bigarren fase batean gaude, jarraipen fasean. Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Inkesta bat egin dugu, eta ondoren estatistika batzuk atera ditugu. Feedback ona jaso dugu, jendeak gauza positibotzat hartzen baitu. Inkestatuen % 50ek ezagutzen zuen sistema, eta, jasotako iruzkinekin, hobekuntzak egiten saiatuko gara orain.

Nola ikusten duzu sistemaren etorkizuna? Iraultza teknologikorako urrats txiki bat dela esan daiteke?
Laborategietan lan egiteko moduaren paradigma aldatu egin behar da. Informazio garrantzitsua zein den jakin behar dugu. Orain arte, erreferentziazko balioekin lan egin dugu, eta balio horiek ondo daude, baina ez dute informazio osoa ematen; garrantzitsuena ez dugu bereizten. Tresna informatikoekin, iraultza digitalarekin, modu askoz eraginkorragoan helarazi ahalko da informazio garrantzitsua.

Elkarreragingarritasuna, gainera, garrantzitsua da programa informatiko guztiak elkarrekin komunikatzeko. Ustekabeko aurkikuntzaren jakinarazpena edozein laborategitan jar daiteke. Baliabideak mugatuak dira, eta denboraren kudeaketa egin behar izaten dute medikuek; beraz, eskatutako 50 analisi klinikotik 45 ohiko parametroen barnean badaude, zergatik ez ditugu horiek baztertu, eta bost bereziak lehenetsiko? Denbora aurreztu eta lehentasunak ezartzean datza.

Pauso txiki bat da soilik, baina bide bat dago aurretik. Iraultza digitala baliatu behar da osasun-erakundeak eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Abisu-sistema Parte Hartu programako TOP5 gisa onartuta, nola ikusi zenuten hori lantaldean?
Asko disfrutatu genuen. Mundu guztiari gustatzen zaio oholtza gainetik amari argazkia bidaltzea, baina hori anekdota hutsa da. Alderdi profesionaletik, oso pozik gaude laborategiek pazientearen maneiu klinikoan presentzia dutelako eta batez ere pertsonen bizitza hobetu dezakeen sistemaren erabilgarritasuna bermatzeagatik.

Gure helburu nagusia da komunikazioa bermatu, kalitatezko informazioa eman eta pazientearen osasuna hobetzea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other