BPSO (Best Practice Spotlight Organization) programaren barnean eman diote izendapena Osakidetzako zentroari, osasun-arreta etengabe hobetzeko duen konpromisoagatik. Mugarri hori hiru urteko lanaren emaitza da, jardunbide kliniko egokien hiru gida garatu eta ezarri baitituzte eta asistentziaren kalitatea eta zainketen humanizazioa hobetzeko helburua lortu.
Bikaintasunaren zuhaitza. Horrela izendatu dute Osakidetzako Gorlizko Ospitaleak jasotako izendapenaren omenez lorategian landatutako artea, konpromisoaren eta etorkizunaren sinbolo. Urtarrilaren 27an, Gurutzetako Ospitalean, Gorlizko Ospitalea BPSO zentro izendatzeko ekitaldi ofiziala egin zuten. Gaur-gaurkoz, guztira zortzi erakunde ditu Osakidetzak estandar horren arabera akreditatuak. Hala, taldeak Gorlizko hondartza ondoan dagoen zentrora eraman zuen ospakizuna, aitortzaren harrotasuna partekatzeko profesional, paziente eta familiekin.
Olatua eta zuhaitza izan dira eginiko lanaren eta eraldaketaren isla. «Olatuak hazi bat ekarri zuen, horrek ospitalea errotu zuen eta orain fruituak ematen ditu», azaldu zuen Naroa Perezek, ospitaleko prestakuntzan eta irakaskuntzan erizain erreferenteak eta Ines Perezekin batera proiektuaren koliderrak. «Zuhaitz horrek talde osoaren ahalegina eta aurrera egiten jarraitzeko ardura adierazten du», gaineratu zuen Yolanda Alonsok, ospitalean BPSO proiektuaren lider eta ikuskatzaile nagusiak. Emozioa eta komunitate-sentimendua agertu ziren ekitaldi horretan, eta nabarmendu zuten zainketen bikaintasuna ez dela soilik kanpotik datorren aitorpena, baizik eta ospitaleak bere nortasunaren baitan duen konpromisoa.
Bikaintasunerako bidea
Kanadako Ontario probintzian dagoen Erizainen Elkarte Profesionalak (RNAO) jardunbide egokien gidak garatu ditu, eta horiek ezartzen laguntzeko diseinatu zen BPSO programa. Programa horren bitartez, RNAOren gidetako zainketa-jardunbide egokiak ezartzen laguntzen dute, eta zainketen bikaintasuna lortzea da helburua, ezagutza zientifikoan oinarrituta. «Hobekuntza, bikaintasuna eta ezagutza bultzatzen dituen proiektua da, ebidentzia gidari hartzen duena, eta taldean lan egiteko aukera ezin hobea da», dio Rosa Blancok, Erizaintzako zuzendari eta ospitaleko proiektuaren bultzatzaileak. Gorlizko Ospitalean, 2018an erabaki zuten proiektu honen parte izatea. Lehenengoz aurkeztu zirenean, ordea, ospitalea ez zen hautatua izan, eta, beraz, lanean jarraitu zuten 2021ean hautatuak izan arte. Hori izan zen bidaiaren hasiera.
«EGIN BEHAR DUGUNA GERO ETA HOBETO EGITEN SAIATZEN GARA”, ROSA BLANCO, GORLIZKO OSPITALEKO ERIZAINTZA ZUZENDARIA ETA BPSO PROIEKTUKO BULTZATZAILEA»
Zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentro batek, hautatua izatean, jardunbide kliniko egokien 3 gida aukeratu behar ditu, eta horiek ebaluatzeko eta indarrean izateko konpromisoa hartzen du hiru urtez. Gorlizko Ospitalean ezarriko ziren gidak aukeratzea bide erraza izan zen, hiru irizpide kontuan izan baitzituzten: ospitaleko jarduera, misioa eta estrategia korporatiboa. Horrela, sorturiko hiru gidek zuhaitzaren hiru adar irudikatzen dituzte: sarbide baskularra; pertsona eta familia ardatz dituzten zainketak; eta zainketen ikuspegi aringarria bizitzako azken hamabi hilabeteetan.
Rosa Blancok nabarmendu duenez, «protokoloetan lan egiteaz gain, osasun-arreta ulertzeko dugun modua aldatu dugu». Bestalde, proiektuak zehazten duenari jarraituz, gida bakoitzaren koliderrak eta sustatzaileak definitu dituzte lantaldearen barruan. Horiek, funtsezko zeregina hartu dute jardunbideok ezartzeko eta ospitaleko egunerokoan behar bezala ezartzen direla ziurtatzeko.
Ana Paralle ospitalizazioko erizaina da liderra «Pertsona eta familia ardatz dituzten zainketak» izeneko gidan. Egunerokoan, etengabe dago pazienteekin harremanean, eta horren garrantzia azpimarratu du: «Haiekin harremanetan gaudenez, erraz identifikatzen ditugu hobetzeko arloak, eta arreta hobetzeko ekintzak diseinatzen ditugu». Horretaz gain, nabarmendu du prozesuan kategoria bat baino gehiagoko profesionalek inplikatu behar dutela ikuspuntua mugatuta gera ez dadin.

Izenak goian: Ana Parelle, Leire Perez eta Elena Carvajal. Izenak behean: Naroa Perez eta Yolanda Alonso.
Giza faktorea: arrakastaren gakoa
Hiru urteko lanak bere fruituak eman ditu. Yolanda Alonsok lorturikoa etengabeko talde-lanaren eta komunikazioaren ondorio izan dela dio. Langileek, pazienteek zein familiek nabari dute hobekuntza. Profesionalek kategoria desberdinetako kideekin lan egiteko aukera izan dute, eta sumatu dute aintzat hartu dituztela beren beharrak. Gainera, prestakuntza gako garrantzitsua izan da, eta komunikazioa eraginkorragoa izatea lortu da.
Pazienteen eta familien inplikazioa garrantzitsua izan da. Haien beharrak entzutea, kasuan-kasuan laguntza egokitzea eta komunikazioa indartzea funtsezko urratsak izan dira ospitalearen barruan ingurune beroagoa eta gizatiarragoa lortzeko. Horren adibide da ospitalean martxan jarritako programa, «Pertsona eta familia ardatz dituzten zainketak» gidako ekintzetako bat: pazienteak eta familiak sarbidea dute bere zaintzaren inguruko informazio guztira: zer egiten zaion, zergatik eta zertarako. Ekipoaren etengabeko balorazioa familiari eta pazienteari ere helarazten zaie, jakinaren gainean egon daitezen, eta komunikazio hori hobetzeak eta informazioa eskura izateak harremana hobetzen du.
Etorkizunari begira
BPSOren aitortza ez da helmuga, abiapuntua baizik. Orain, Gorlizko Ospitaleak ebaluazio bat egingo du, bi urtez, ziurtagiriari eusteko. Horrekin batera, dagoeneko ezarriak dauden giden iraunkortasuna lantzen jarraituko dute, eta hobetzeko estrategia berriak txertatzeko aukera aztertuko dute. «Ekintzak ezartzeaz gain, egiten ari garena eraginkorra den ebaluatu behar da», dio Ana Parellek, «orain arte pazienteengandik eta profesionalengandik jasotako feedbacka onuragarria izan da».
Datozen urteetan lorategiko arteak hazten jarraituko du, baita Gorlizko Ospitaleko bikaintasunak ere.