Disfagia duten pazienteen dieta nola egokitu ikasi dute Lezako Ospitaleko sukaldeko langileek formakuntza batean. Disfagia duten pazienteek ezin dituzte hartu likidoak edo solidoak egoera naturalean, eta, horren ondorioz, deshidratazioa eta desnutrizioa pairatzen dituzte sarri. Horregatik, ezinbestekoa da ospitaleetako sukaldeko langileek janaria nola prestatu jakitea, pazienteek otorduaz gozatzeko aukera izan dezaten. Urrats hori egin nahi dute Lezan.
«Irensteko prozesua da degluzioa; eta degluzioaren nahasmendua da disfagia», hasi du hitzaldia Lourdes Basurtok, Osakidetzak Arabako Errioxan duen ospitaleko erizainak. Ospitaleko gela txiki batean, aurrez aurre ditu sukaldeko langileak, disfagia duten pazienteentzat dieta egokiak nola prestatu ikasteko gertu. Gaur egun, Lezako Ospitaleko pazienteen % 40k dute disfagia; hots, hamar pazientetik lauk elikagaiak eta edariak irensteko arazoak dituzte. Gehienek iktus baten ondorioz garatzen dute gaixotasuna, eta irenstean elikadura-boloa arnas aparatura joateko arriskua dute. Horregatik, xurgapenak egin behar izaten dituzte, eta horrek pneumonia garatzeko arriskuan jartzen ditu.
Basurtok azaldu duenez, ezinbestekoa da paziente horientzat elikagaiak nola egokitu ikastea: «Elikadura disfagia maneiatzeko giltzarria da, eta disfagia dutenek modu seguruan elikatzea lortu nahi dugu». Horretarako, ordubeteko formakuntza eman die Lezako sukaldeko langileei, Marta Sacristan dietistarekin eta Kontxi Arrieta sukaldeko nagusiarekin batera.
2022an, disfagiaren protokoloa ezarri zen ospitalean, eta ordutik hona aurrerapen ugari egin dituzte bertan. «Duela urte batzuk, disfagiaren kontuarekin oso kontzientziatuta zegoen logopeda bat etorri zen ospitalera, eta pazienteekin gaiaren garrantzia lantzen hasi zen», azaldu du Basurtok. «Halaber, disfagiaren batzorde bat sortu zuen, eta bertan esparru askotako profesionalak bildu ginen, gainerako lankideei hitzaldi eta formakuntzak emateko asmoz». Basurtok aitortu du bera oso «maiteminduta» dagoela gaiarekin, eta hasieratik saiatu da lankideei dakien guztia irakasten. «Bolumen-biskositate testa nola egin irakatsi nien, adibidez. Test horren bidez, pazienteak likidoak zein biskositaterekin har ditzakeen jakin daiteke».
Sacristanek disfagia likidoa duten pazienteen zailtasunei buruz hitz egin du: «Askotan ez dute ezta ura edan nahi izaten. Ur gelifikatuak ematen dizkiegu, eta, testura oso ezberdina denez, desatsegina egiten zaie». Kasuotan pazienteak ura edatea oso zaila dela azaldu du dietistak, eta sarri deshidratazioa izatera iristen direla. Disfagia solidoa duten pazienteek, ordea, desnutrizioa izaten dute: «Proteina eta kaloria osagarriak eman behar dizkiegu, ezin baitituzte elikagaietatik lortu». Horregatik argi du Sacristanek sukaldeko langileek egin duten formakuntza «aurrerapauso handia» dela: «Sukaldean lan egiten dutenek formakuntzarik jaso gabe ez dute zertan jakin nola prestatu disfagia dutenentzako janaria».
Dieta «eboluzionatzeko» garaia
Arrietak ere argi du sukaldeko langileek disfagiaren inguruko formakuntzak jasotzea ezinbestekoa dela, batez ere pazienteengatik: «Disfagia dutenek janariaz gozatzeko eskubidea dute, lehen eta bigarren platerak dituzten zaporeak eta usainak bereizteko». Azaldu duenez, duela gutxi arte, purean nahasten ziren elikagai guztiak, eta pazienteek gehienetan errefusatu egiten zituzten. «Janari bakoitza behar bezala testurizatu eta egokitzeko urratsa egin nahi dugu Lezan, eta ez guztia zaporerik gabeko pure batean nahastu». Elikagaiak testurizatzeak esan nahi du elikagaiak disfagia dutenentzat egokitzea, erakargarri izan daitezen.
ELIKAGAIAK MAILA BAKOITZERAKO NOLA TESTURIZATU AZALDU DU, BAITA ELIKAGAIAK ONDO EGOKITU DIREN EGIAZTATZEKO TEKNIKAK ERE
Arrietarekin bat dator Basurto: «Lezan disfagia duten pazienteen kopurua hain handia dela ikusita, gure ospitalea behar horietara egokitu nahi dugu, eta disfagia duten pazienteei tratamendu egokia eman». Izan ere, disfagia Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) barruan aitortuta dagoen gaixotasuna da, eta, Basurtoren iritziz, gaixotasuna dutenek behar bezalako arreta jasotzeko eskubidea dute: «Pazienteak errehabilitatzera datoz ospitalera, eta gure helburua da sartu zirenean baino autonomia handiagoarekin atera daitezela. Elikaduraren bidez autonomia hori landu nahi dugu». Horretarako, profesional guztien elkarlana behar dela azpimarratu du erizainak: «Sukaldariak, sukaldeko burua, nutrizionistak, logopedak, terapeuta okupazionalak, medikuak, Errehabilitazio Zerbitzua, erizaintzako zaintza osagarrietako teknikariak eta erizainak elkarlanean jarduten badugu, disfagia duten pertsonen osasuna hobetzeaz gain, haien autonomia ere hobetu dezakegu, eta elikagaiak gozatzeko eta dastatzeko plazera berreskuratzeko aukera eman».

Ikusiz ikasi
Elikagai batzuk nola testurizatu irakatsi diete Basurtok, Sacristanek eta Arrietak sukaldeko langileei Lezan. Horretarako, IDDSI disfagiaren dietaren normalizaziorako nazioarteko ekimenak egindako sailkapena erabili du Basurtok. Zortzi maila bereizten ditu IDDSIk, piramide batean: 0tik 4ra likidoak, eta 3tik 7ra solidoak. 0 maila fina da; lehenengo maila, lodi samarra; bigarrena, lodiera txikikoa; hirugarrena, nahiko lodia (likidoetan) edo likidotua (solidoetan); laugarrena, oso lodia (likidoetan) edo purea (solidoetan); bosgarrena, pikatua eta hezea; seigarrena, leuna eta mokadu tamainakoa; eta, zazpigarrena, mastekatzeko erraza.
Paziente bakoitzak ez du zertan beti izan maila berean testurizatutako janaria hartzeko gaitasuna. «Batzuetan eboluzionatu egiten dute, eta aurrerapausoak ematen dituzte, baina, beste batzuetan, aurreko mailara itzuli behar izaten dute. Garrantzitsuena haiekin hitz egitea da: ‘Hau irenstea kostatu zaizu?’, ‘desatsegina izan da?’ eta nola jaten edo edaten duten ikustea», argitu du Basurtok.
Elikagaiak maila bakoitzerako nola testurizatu azaldu du, baita elikagaiak ondo egokitu diren egiaztatzeko teknikak ere. «Haragi-bola hauek bosgarren mailan daudela ziurtatzeko, adibidez, sardexkaren proba egin behar da». Orduan, Arrietak ospitaleko sukaldetik hartutako haragi-bola testurizatu batzuk hartu eta sardexkarekin zanpatu ditu. «Bigun badaude eta erraz papurtzen badira, ondo testurizatu dugu bosgarren mailan dagoen pazientearentzat», adierazi du Basurtok. Adi entzun diote sukaldeko langileek, eta pozik agertu dira proba ondo atera dela ikusita. «Ikusten? Horrela haragi-bola batzuk jateko aukera izan dezakete gure pazienteek, edonork jaten dituenak bezalakoak».
Horixe da, hain zuzen ere, Lezako Ospitalean eman nahi duten eta ematen ari diren pausoa: disfagia dutenek elikadura «duin eta gozagarri» bat izatea. Galdera batekin laburbildu du Sacristanek formakuntzaren muina: «Irudikatu 40 urterekin iktus bat duzuela eta zuen dieta erabat aldatu behar duzuela. Egunero purea jan nahiko zenukete?».