Eskola-osasuna eta prebentziozko txertaketa funtsezko osagaiak dira haurren eta nerabeen ongizatea eta garapena sustatzeko. «Elkarrekin, funtsezko estrategia osatzen dute saihestu daitezkeen gaixotasunetatik babesteko, ikasteko giro osasungarria sustatzeko eta komunitateentzako etorkizun oparoagoa bermatzeko» . Horrela adierazi dute Naroa Yussenka eta Isabel Belen Maudes Osakidetzako Irungo Osasun Zentroko Pediatriako erizainek. Gainera, adierazi dute eskola-inguruneko immunizazio masiboak talde-immunitatearen garapenean laguntzen duela, arrazoi medikoengatik txertoa hartu ezin dutenak ere babesten baititu.
Zer da eskola-osasuna?
Eskola-osasuna eskoletara joaten den erizainari dagokio: eskolan ematen den osasun-zaintza da. Denok gogoratzen ditugu eskoletara etortzen ziren erizainak osasun-zentrotik txertoak jartzera. Eskola-osasunaz hitz egiten dugunean, horri egiten zaio erreferentzia, besteak beste.
Zer da eskola-osasunaren funtsa?
Prebentzioa. Txertaketa kanpaina da lan-esparru nagusia. Horrekin batera, askotako patologiak dituzten umeei begira (diabetesa, konbultsioak, askotako alergiak…), hitzaldiak eta hezkuntza-tailerrak ere ematen dituzte eskoletan. ESI batetik bestera pixka bat aldatzen da erizainen dinamika; adibidez, batzuek ikusmenaren proba egiten dute, eta beste batzuek ez. Baina, txertatzearen kasuan, prozedura berdintsua izaten dute denek.
Zer funtzio betetzen dituzte erizainek?
Esan bezala, erizaina arduratzen da txertatzeaz eta hitzaldi horiek emateaz. Tramiteak ere egiten ditu, eta behar den material guztia aurretiaz prestatu. Gutxienez bi erizain joan ohi dira eskoletara txertoak ematera; hitzaldiren bat edo hezkuntza tailerren bat baldin bada, berriz, erizain bat joaten da.
«GAIXOTASUN KRONIKOA DUTEN PERTSONEK ERE ZAINKETETAN JARRAIPENA EDUKIKO DUTELA BERMATZEN DA, ETA HAIEKIN HARREMANETAN DAUDEN GUZTIEK MODU BERDINEAN ETA EZAGUTZA BERAREKIN JOKATUKO DUTELA»
Zein adin-talde hartzen ditu eskola-osasunak, edo bizitzako zein momentu?
Eskola-adinean dauden umeentzat dago bideratua programa. Bidasoko ESIan, adibidez, 11-12 urtekoekin (DBHko 6. maila) hasten gara txertoak jartzen. Gaixotasunen edo beste arloren baten gaineko heziketa ematen badugu, ez da izaten adin mugarik (2 urteko paziente diabetikoei buruzko heziketa-tailerrak eman izan ditugu irakasleentzat, adibidez).
Nolakoak izaten dira eskola-osasunaren jarduerak edo zerbitzuak?
Txertoa jartzeko, eskolara bertara joaten gara. Aldez aurretik, gurasoek sinatutako txertatze-baimenak jasotzen ditugu, eta, dena kontrastatu eta prestatu ondoren, eskolara joaten gara txertoa jartzera, ezarria dagoen egun batean. Hitzaldi edo bestelako formazioren bat eman behar bada, normalean, hori irakasleek eskatu ohi dute. Ohikoa izaten da diabetesa diagnostikatu berria duen ume bat gelan edukitzea ikasturte hasieran eta irakasle eta zaintzaileek ez ezagutzea gaixotasunaren inguruko xehetasunak. Normalean, eskatu egiten dute heziketa emateko eta, horrelakoetan erizaina eskolara joaten da, garrantzitsuenak diren puntuak argitzeko eta larrialdi edo krisi momentu bat izanez gero irakasle eta zaintzaileek nola jardun behar duten jakiteko.
Parte hartzeko, baldintza jakin batzuk bete behar dira?
Ez, ez da baldintzarik behar. Eskolara joaten diren ume guztiak daude programaren barnean.
Zein dira eskola-osasunaren onura nagusiak?
Txertaketa eskolan bertan eginda, umeek ez dute eskola-ordurik galtzen. Horretaz gainera, ikusi dugu umeek hobeto daramatela txertaketa lagunen ondoan daudenean. Gaixotasun kronikoa duten pertsonek ere zainketetan jarraipena bat edukiko dutela bermatzen da, eta haiekin harremanetan dauden guztiek modu berdinean eta ezagutza berarekin jokatuko dutela. Kontuan eduki behar da irakasleak ez direla osasun-langileak, eta zalantza asko sor daitezke, esaterako, intsulina pauta jarri behar denean edo alergikoa den paziente batek alergia-krisi bat izaten duenean. Irakasle horiei heziketa ematen bazaie aldez aurretik, lasaitasun eta ezagutza handiagoz jokatuko dute. Azken batean, krisi horretatik erator litezkeen kalte eta konplikazioak ahalik eta gehien saihestea da kontua.