agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Urte berria, bizitza berria?

Agurtzane Ormatza Imatz • SEXOLOGIA

Urte zaharra joan zaigu, eta 2025a labetik irten berri. Urte berriari begira jartzen garenean, askotan, zaharrari agurra ematean, balantzea egiten dugu, begiradatxo bat ematen diogu. Ez da izaten batere harritzekoa arazo zaharrei irtenbide berriak emateko grina sumatzea, aspaldiko gurariei bidea emateko beharra agertzea, gauza ezkor batzuk 2024an uzteko erabakiak hartzea, 2024an gertatutako goxotasunak bihotzean eramatea 2025eko bidea samurtzeko asmoarekin…

Desio, burutazio eta behar guztiak ezin dira egun batetik bestera bideratu, baina bai begiratu, gogoetatu, aztertu… Agian, intentzioari jarrera ipini, eta, gutxi-gutxika, jokabidea gauzatuko da.

Urte berria, bikote-sistema berritu nahian edo aldatu nahian? Sarri, urtemuga horretan, bikote harremanak dauzkan gorabeherei begiratzen diegu, eta bizi garen harremana aurrez aurre jartzen dugu. Zer egin? Bikotekidea utzi? Saiatu berriro ere gustatzen ez zaiguna aldatzen? Nork aldatu behar du, eta zer aldatu behar du? Benetan aldatuko gara hogei urteren ostean? Ba al dago aldatzerik? Aspertuta gaude? Ilusiorik ba al dugu? Zertarako elkarrekin jarraitu, egun osoa ika-mikan bagabiltza? Merezi dugu bakoitzak bere planei eustea eta elkarrekin egoteko denbora ez bilatzea? Horretarako, beharbada hobe banatzea? Zer gertatuko litzateke umeekin? Banatuz gero, amarekin geratuko ziren, eta ni zer? Banatuz gero, nik bakarrik zer egingo nuen? Gero damutzen banaiz? Nora joango nintzen bizitzera? Umeek behar gaituzte; gu banatuz gero, haiek oso txarto egongo ziren. Burutazioak, galderak, beldurrak…

Bikote-sistemari buelta ematea eta elkarrekin aurrera egitea ez da batere erraza. Bikote-sistema apurtzea ere ez da erraza. Sarri bidegurutzean gaudela sentitzen dugu, ez aurrera, ezta atzera ere. Baina bitartean, denbora aurrera doa, eta, konturatu orduko, hilabeteak eta urteak ere pasatzen dira! Horrelakoetan, bikote-sistema zein bikotekideak gero eta gehiago erosionatzen dira, eta edozein irteera baldintzatuta gertatzen da are eta modu ezkorragoan.

Bidegurutzean egoteak ez digu laguntzen; pasatu beharreko lekua bada ere, leku horretan egon behar dugun denbora mugatu beharko dugu. Ikusten dugunean ezinezkoa egiten zaigula bidegurutze horretatik ateratzea, oso lagungarria izaten da terapia egitea. Banakako terapia eta bikote-terapia oso baliagarriak izaten dira.

Kasu askotan, bikotekide batek oso argi izaten du jarraitu nahi duela. Besteak, ordea, ez hain argi. Dena den, biek oso argi izaten dute egoera ez dela eurek gura dutena bezalakoa eta horrela bizitzea oso kaltegarria dela denentzat. Zer esanik ez umeak baldin badaude tartean. Sarri ez dugu jakiten nondik nora jo, gehienetan bikotekideek sentitzen dute euren eskuetan zegoen guztia egin dutela, eta gehienetan uste dute lagunak daukala irtenbidearen giltza. Ez da erabaki erraza izaten, baina giltza bien eskuetan dago.

Horrelakoetan, terapeutaren lana garrantzitsua da. Kontsultara bikotekide bat baino ez badoa, lagunduko dio bere bidea egiten, bere burua argitzen, bere beldurrak bideratzen, bere desioak kudeatzen, edozelako erabakiren aurrean agertzen diren posibilitateak zein mamuak aztertzen. Azkenean, pentsatzen duen eta sentitzen duen horrekin bat egiteko. Hori guztia gauzatzeko ahalik eta modurik eraginkorrean.

Biak baldin badoaz, era batera baino gehiagotara lan egin liteke. Alde batetik, bikote-sistemari aukera emateko bidea eraikitzea, eta, beste alde batetik, bikote-sistema zarratzeko bidea egitea. Oso garrantzitsua —kasu bietan— umeak baldin badaude. Bide horietan, edozein momentutan erabaki dezakete hasieran erabakitakoaren kontrakoa, oso maiz gertatzen ez bada ere. Batzuk banatzearen alde datoz, eta gero elkartu egiten dira. Beste batzuk, berriz, elkartzearen alde datoz, eta bidean banatzen dira. Hala ere, garrantzitsuena hauxe da: bikotekideek erabakitakoaren alde egitea, eurei laguntzea bidea eraikitzen, eta, bidea oso gorabeheratsua bada ere, azkenean euren bidea egonkortzea. Edozein kasutan, lana gogorra, gazi-gozoa da, eta bidezidorrez beteta dago. Terapian biak inplikatzea ezinbestekoa da. Terapeutarekin banakako saioak zein bikote-saioak izaten dira, eta etxeko lanak oso garrantzitsuak bihurtzen dira, elkarrekin zein banaka egiteko (irakurtzea, idaztea, jolastea, ikertzea, ikastea…). Argi dago gauza batzuk sasoietan bideratzen direla, baina benetako aldaketak etxean izan behar du, kontsultatik at.

Bide horretan, bikote-terapeutak ezinbesteko lana egingo du haiek gura dutenak aurrera egiteko; banatzea edo beste agertoki batean elkarrekin jarraitzea.

Egia da bikote-sistemak aurrera egiteko bien lana dela ezinbestekoa. Banatzeko, aldiz, bat baino ez da behar. Baina sistema hori ondo apurtzeko, onuragarriak diren erabakiak hartzeko, beharrezkoak izaten dira bitartekaritza-lanak egiten dituzten terapeutak, harremana bera ez suntsitzeko. Umeak baldin badaude, zer esanik ez.

Sarri, hasieran adostasuna handia izaten da, baina, prozesua aurrera joan ahala, batez ere, umearen zaintzari eta diruaren banaketari dagozkion negoziazioak eta lanak datozenean iskanbilak izaten dira. Beraz, bitartekaritza-lanak ezinbestekoak dira, bikote-terapian adituak eta abokatuak bien arteko adostasunak errazago lortzen lagunduko baitute.

Eusko Jaurlaritzak ere badauka doako bitartekaritza-zerbitzu bat, terapeutekin eta abokatuekin osatua, eta behar diren aholkularitza- eta bitartekaritza-lanak egiten dituzte.

Badakit oraindik ez gaudela oso ohituta terapietara joaten, askorentzat arrotza dela. Norberak ezin duena bideratu ezezagun baten laguntzarekin bideratzea sinestezina da, baina posible da. Ez da magia, denen lanarekin eta denen parte-hartzearekin izugarrizko etekinak ateratzen dira; ez duzue uste zuon harremanak, zuon umeak saiatzea merezi dutenik?

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other