agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Laborategietan teknologia berriak, anatomia patologikoko diagnostikoak hobetzeko

Orain arte patologoek mikroskopioarekin egiten zutena teknologia berri batekin egingo dute hemendik aurrera Osakidetzan. Teknologia berri horrekin, zailtasunak saihestu eta diagnostikoak hobetzea dute xede. Laginak eskaneatzeko aukera ematen du eta irudien behaketa errazten du patologo bakoitzak izango dituen bi monitoreen eta sistema berrien bisoreen bidez. Adimen artifizialez eta datuen kudeaketarako sistema informatiko batez hornituta dago.

Osakidetzako Anatomia Patologikoko laborategietan, lan egiteko modua aldatzeko bidean doa. Betiko mikroskopioekin lan egin beharrean, alegia, modu analogikoan, ekipamendu berritzaile batekin lan egingo dute, hots, modu digitalean. Donostiako laborategian jada ari dira ekipamendu berriekin, eta Osakidetzako Kudeaketa Klinikoko beste 4 unitatetan ere ezarriko dute: Gurutzetan, Araban, Galdakaon eta Basurtun. Teknologia berriaren erabilera eta sistema informatikorako sarbidea laborategiko teknikariek izango dute, eta horientzako formazioak jada martxan daude.

Olga Chavarrik (Gordexola, Bizkaia, 1969), Informatikako goi-mailako teknikariak, adierazi du proiektuak software eta teknologia arloko soluzio oso bat biltzen duela: «Anatomia Patologikoko laborategiko lanpostu guztien trazabilitatea hobetu ez ezik, diagnostikoaren eraginkortasuna eta kalitatea ere handituko ditu». Erabakia hartzeko arrazoia, Chavarriren hitzetan, teknologiaren aurrerapenetan oinarritzen da: «Aurrerapen teknologiko horri esker, objektu-euskarriak eskaneatu eta pantailetan ikus daitezke, eta diagnostiko digital erosoagoa egin, interfaze bati esker; horrek diagnostikoaren kalitatea eta denbora hobetuko ditu tresna askotan, eta erabiltzeko erraztasuna ekarriko du».

«PATOLOGOAK SLIDE EDO OBJEKTU-ERAMANGARRIA ALDATU DEZAKE KLIK BAKAR BATEKIN, ETA ZOOMA, OHARRAK ETA DESPLAZAMENDUA EGIN DITZAKE IRUDIAREN BARRUAN»

Laginen azterketa prozesuari dagokionez, Chavarrik azaldu du lehendabizi mediku espezialistek egiten dutela lagina laborategian aztertzeko eskaera; ondoren, laborategiaren barruan lagina kudeatzen dute profesionalek, laginen prestaketa prozesua orain arte bezala egiten dute. Prestaketaren ostean, objektu-euskarriak eskaneatzen dituzte, bai eta irudiak aztertu irudi-bisoreen bidez; azkenik, kasuaren diagnostikoa eta patologoaren txostena sortzen dituzte eta hain zuzen ere, azken txosten hori da hobetzea lortu dutena.

Donostiako laborategi berriko ekipamentua.

Chavarrik dioenez, patologia digitalerako soluzio hori 200 laborategitan baino gehiagotan inplementatuta dago mundu-mailan, hogei laborategi baino gehiago daude Espainian eta Portugalen. Patologoek bisoreen bidez ikusten dute lagina, kalitate handiko pantailan, eta sistemak erregistratu egiten du aztertzaileak ahots gora esaten duena. Chavarriren iritziz, adimen artifizialaren eta automatizazioaren moduko teknologia aurreratuen laguntzarekin, diagnostikoaren zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzen da, eta lankidetza oro har erraztu egiten du; hala, gaixotasunen tratamendurako ikuspegi pertsonalizatua errazten du.

Aldez aurretik eskaneatu diren eta azterketa-kasuari lotuta dauden objektuak erakusten dira irudi-bisorearen bidez: «Patologoak slide edo objektu-eramangarria aldatu dezake klik bakar batekin, eta zooma, oharrak eta desplazamendua egin ditzake irudiaren barruan». Irudiaren kalitatea bermatzeko, ordenagailuaren grafikoak errendimendu handikoak dira, eta bi monitoretarako edo gehiagotarako egokituta daude. Ekipamendua, gainera, adimen artifizialarekin dago horniturik.

Chavarrik azaldu duenez, patologoaren lana errazten duten algoritmoak ere txertatu dira. Esaterako, bularreko minbizia identifikatzeko biopsien biomarkadoreen katalogo oso bat eskaintzen du sistema berriak; izan ere, kasu guztiak horren garatuak ez dauden arren, zelula gaitzak identifikatzen lagundu eta prozeduren proposamen bat egiten du AA bidez. Informazio-sistema horretarako, Erabiltzaileentzako Arreta Zentro EAZ bat jarri da abian. Zentro horretan, profesional teknikoen eta patologoen gertakari guztiak zentralizatu eta artatzen dira.

Proiektu horrek hardwarea eta softwarea ditu, eta hardwarea oso zati garrantzitsua da. Ekipamenduaren barruan, honako hauek nabarmendu behar dira: eremu argirako patologia digitaleko hamabost eskaner; fluoreszentzia-sistema duten patologia digitaleko bost eskaner; irudi makroskopikoko hemezortzi estazio; patologiarako 138 lan-estazio; objektu-euskarriko 44 inprimagailu; eta backup-inprimagailuez gain beste bi inprimagailu». Softwareari dagokionez, GESTPATH da, laborategiko informazio-sistema berria, Osakidetzako sistema korporatiboekin integratuta dagoena (OsabideGlobal, OsabideIntegral, Kodifika, Historia Klinikoa, Osasun Karpeta, etab.).

Sistema informatikoa osasun-arloko berrikuntzetan esperientzia duten enpresek sartuko dute, hala nola irudi medikoaren digitalizazioan edo anatomia patologikorako teknologiaren garapenean.

Eskanerrak.

Sistema berriak eskaintzen dituen abantailei dagokienez, azterketak digitalizaturik dauden neurrian, huts egiteko aukera gutxiago dago. Laginak artxibatzea zailagoa zen lehen; izan ere, biltegiratzean laginak galdu egin zitezkeen: «Laminak edo euskarriak, fisikoak direnez, lehengo erara, zeuden lekuan bakarrik azter zitezkeen, eta ez zen erraza beste profesional batzuei bigarren iritziak eskatzea», azaldu du Chavarrik. Irudi digitalarekin posible da kasuak beste ikertzaileekin partekatzea eta diagnostiko bateratuak ematea. Gainera, lehengo mikroskopioarekin hartu behar diren jarrera deserosoak ekidin ahalko dira teknologia berri honekin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other