agenda » abendua | HARPIDETU BULETINERA

Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea eta Barrualde-Galdakaoko ESIa urtez urte etenik gabeko lanean

Osakidetzako Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleak 40 urte bete ditu abenduaren 14an, eta Barrualde-Galdakaoko ESIak, berriz, 10 urte. 2014an batu zen ospitalea Barrualde-Galdakaoko ESI Erakunde Sanitario Integratura, artatutako pazienteen asistentziari jarraikortasun hobea emateko helburuarekin.

1984ko abenduaren 14an ireki zen Galdakaoko Ospitalea, eta egun horretan artatu zuten lehenengo pazientea. Ordutik, Osakidetzako zentro horretan eskaintzen diren zerbitzuek hobekuntza nabarmena izan dute; besteak beste, oheen, langileen eta zerbitzuen kopurua handitu da. 1984an 118 ohe zituen, eta, gaur egun, 416. Langileei dagokienez, 1984an, 624rekin hasi ziren. Gaur egun, berriz, erabat aldatu da kontua, ESI osoan 3.100 langile inguru baitaude.

2014an, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea Barrualde-Galdakaoko ESIan sartu zenean, Lehen Mailako Arreta eta ospitaleko arreta batu ziren. Horrela, artatutako pazienteen asistentziari jarraikortasun hobea ematea lortu dute, familia-medikuaren eta espezialistaren aldetik.

Ana Rosa Francisco erizaina da, eta, gaur egun, genero-indarkeriaren erreferentziazko koordinatzaile soziosanitarioa. Barrualde-Galdakaoko ESIan, koordinatzaile komunitario dihardu. Basaurin hamazazpi urte inguru egin zituen Lehen Mailako Arretan, «pertsonarekiko gertutasun horregatik». Orain dela hiru urtetik, berriz, komunitateko erizaintzako taldeen koordinazio soziosanitarioko funtzioak betetzen ditu. Genero-indarkeriaren alorreko erreferente guztiekin lan egiten du, bai ospitaleetan eta bai Lehen Mailako Arretan.

ESIa eremu transbertsala dela dio: «Guztiok gure aletxoa jartzen dugu, gauden eremuan gaudela. Herritarrei mesede egiten diegu, horretarako baikaude hemen». Lehen Mailako Arreta gehien gustatzen zaion esparrua dela adierazi du Franciscok, pazientea eta bere familia gertutik ezagutzen baititu.

2014AN, GALDAKAO-USANSOLOKO UNIBERTSITATE OSPITALEA BARRUALDE-GALDAKAOKO ESI-AN SARTU ZENEAN, LEHEN MAILAKO ARRETA ETA OSPITALEKO ARRETA BATU ZIREN.

Elvia Magdalena Ospitalizazioko Erizaintzako ondokoa da. Galdakaoko Ospitalean izan duen ibilbidea nahiko luzea den arren, beste erakunde batzuetan ere lan egin izan du, baina beti itzuli dela «etxera» dio: «Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan lan egin dut, baina oso ospitale handiak dira. Galdakaokoak bestelako zeozer du: gertutasuna eta humanizazioa; egiten jakitea. Ez da ospitale handi bat, baina sekulako ospitalea da». Oso ESI handia direla dio Magdalenak, zabala eta desberdina baina batzen dituen zerbait dutela.

Proiektu garrantzitsuak gidatu ditu. Esaterako, hasiera-hasieratik egon da mugikortasun-proiektuan aplikazioekin. Kudeaketatik egiten den antolaketaren garrantzia azpimarratu du, beharrezkoa baita pazienteei zainketarik eta arretarik onena emateko.

Yolanda Garcia Endokrinologiako eta Nutrizioko zerbitzuburua da. 24 urte daramatza lanean Osakidetzako Barrualde-Galdakaoko ESIan. Basurtun, Txagorritxun eta Donostian ere lan egin du, baina Galdakaokoa dela berea dio: «Ospitale jator bat da hau. Agian, hemen lan egiten hasi zirenek ilusio handiz egin zutelako eta ilusio hori guztioi transmititu digutelako». Gertutasuna, laguntasuna eta talde-lana nabarmendu ditu.

Erizainak eta medikuak beti talde bat izan direla dio. Diabetesaren hobekuntzan lan egiten du, hura tratatzeko, baloratzeko eta kontrolatzeko metodo berrietan. «Beti saiatu izan gara gure biztanleriara egokitzen, eta, eremu batek berrikuntza bat egin duenean, lehenengoetakoak izan gara hura aplikatzen, gluzemia-sentsoreekin bezala», azaldu du Garciak.

Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea, kanpotik.

Ainhoa Ortuzar koordinatzailea da Lehen Mailako Arretako administrazio-arloan. Orain dela hamazazpi urte eman zituen lehen pausoak osasun-arloan, Zornotzako Osasun Zentroan. Ordutik, Laudion, Amurrion, eta Bermeon lan egin du, besteak beste. Orain dela hiru urtetik, koordinatzaile dihardu, Arreta Integratuko Zuzendaritzari administrazio-arloko laguntza emanez: «Hitzordua emateko zitatzaile hutsak ginenak erantzukizun-mailan igo egin gara, eta, erabiltzailea sartzen denean, jasotzen duen lehen hitza gurea da».

Talde-lanaren eta pertsonen garrantzia azpimarratu du Ortuzarrek, eta erabiltzaileentzako lan egiten dutela dio. «Hamar urte igaro dira. Egia da arlo askotan asko aurreratu dela, baina betiere nortasuna galdu gabe», adierazi du.
Lankideek esandako hitzak preziatu, eta bat datorrela dio: «Inguru honetan bizi naiz, eta ospitaleko pazientea izatea tokatu zait. Nire

lankideek esan duten guztia berma dezaket. Gertutasuna izugarria da, familia-medikua, erizaina, espezialistak… Egon behar izan dutenean, hor egon dira. Bi ikuspegiak ditut, langilearen aldekoa eta pazientearen aldekoa. Behar izan dudanean, denak oso ondo funtzionatu du».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other